Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Albisteak

Albisteak

Ana García, Bilboko magistratua: "Kasu gehienetan ezin duzu ezer egin, Legea ezarri behar duzu"

2013(e)ko martxoaren 19a

Ana García Orruño

Ana García Orruño Bilboko lehen auzialdiko magistratua da. Bi seme-alaba ditu eta lana eta familia uztartzea zaila egiten zaiola onartzen du. Lan asko etxean egiten du, eta auzi batzuek loa eragozten diotela ere aitortu digu, batez ere azkenaldian Hipoteka Legearen ondorioz eratorritako auziek.

Nola iritsi zinen magistratu izatera?
Oposaketak gainditu ostean Bartzelonako eskolara joan nintzen, eta horren ondoren nire lehen destinoa Balmaseda izan zen. Garai hartan Euskal herritar gutxi zegoen eskolan, eta Euskal Herrira etorri nahi zutenak ere gutxi ziren. Hortaz, Balmasedan gelditu nintzen. Epaitegi bakarra zen eta bakarrik nengoen. Orduan epaile bakarra zegoen, orain bi daude.

Hasiera zaila izan al zen?
Aurreneko aldian ezintasunak egiaztatzea egokitu zitzaidan eta horretarako zaharren egoitzara joan behar izan nuen. Psikiatriko batean egun bakar bateko praktika baino ez nuen egina arlo horretan. Auzitegiko medikuarekin joan nintzen, eta bera horrelakoetan aritua zenez, ez zen hainbesterainokoa izan. Gero hilotzak altxatzea egokitu zitzaidan, mendian! Harrezkero bulegoan mendiko kit bat utzi nuen.

Nola dago osatuta epaile baten mendirako kit-a?
Botak eta zira. Izan ere… ez dakit zergatik hiltzen ziren mendian. Mendian gora joan behar izaten genuen. Ordutik aurrera botak eta gainontzeko guztia prest neukan, etor zedila etorri beharrekoa.
Beraz aurreneko aldian prestatu gabe harrapatu zintuen?
Zapatekin nengoen, eta auzitegiko medikuak esan zidan, “ui! Nire alabaren botak utziko dizkizut”. Eta bere alabaren botak utzi zizkidan, pentsa. “Hau menditik behera amilduko da” pentsatuko zuen. Harrezkero kit-a bulegoan utzi nuen. Hilotzak altxatzeko eta ikuskapen judizialetarako erabiltzen nuen. Landa-auzi asko zegoen eta mugak, mugarriak eta antzerakoak begiratzera joan behar izaten nuen.

Dibertigarria zen, bazuen bere xarma. “Zer izango da mugarri bat” pentsatzen zenuen, eta han ikusten zenuen. Karreran mugaketak eta mugarriztatzeak ikasten dituzu, baina ez dituzu inoiz lekuan bertan ikusten. Hiztegia ere asko aberasten duzu, bizitza osoan entzun ez dituzun hitzak ikasten dituzu, edonori esanez gero, ezagutuko ez dituen hitzak. Gero 2003. urtean maila igo eta Bilbora etorri nintzen.

Aldaketa handia…
Bai, erabatekoa. Bilbon informatikako arazo bat daukagunean lau zortzietara deitzen dugu. Han, berriz, inprimagailua hondatzen zen eta ez zen inor aldatzera etortzen, denbora asko egon behar izaten genuen zain. Hemen ordea, arazo bat daukazunean berehala teknikari bat etortzen zaizu, edo urruneko kontrola hartu eta arazoa konpontzen dizute. Bamasedan baliabide eskasia zegoen.
Teknologia asko izango duzue, baina zure mahaia paperez gainezka ikusten dut…
Bai, administrazioen artean papera erabiltzen duen bakarrenetarikoak izango gara. Ogasunera zoaz eta ez duzu paperik ikusten, Justizian berriz dena papera, papera eta papera da. Erosketetarako orgatxoa daramagu, ez dakit ikusi duzun.

Supermerkatuan bezala?
Bai, epaitegi bakoitzak bere orgatxoa dauka, supermerkatuan bezala, baina txanponik gabe. Espedienteak eramateko edo ekartzeko erabiltzen dugu, edo jakinarazpenetara, prokuradoreetara igotzeko... guztiok daramagu orgatxoa: epaileek, idazkariek. Nik auzi mardul bat daukadanean eramaten dut. Baina zorte txarra daukat, nire judizio-aretoa ez dago ezintasunak dituztenentzat egokituta. Oholtzan eskailera bat dago eta oraindik ez dute aldaparik jarri, baina gainontzeko aretoetan, badago. Gu atzeko aldetik sartzen gara; orduan bai, maila bakarrean dago sarrera hori.

Judizio-aretoen gaia atera duzunez, epaiketetan urduri jartzen al da jendea?
Batzuk bai, oso urduri jartzen dira. Errespetu handia ematen du, epaileak, abokatuak eta prokuradoreak goian eserita gaudelako: Togarekin, beltzez jantzita gaude. Horri prozedura ere oso zurruna, oso zeremoniatsua dela gehitu behar zaio: “zuk duzu hitza”, “andrea, zure baimenarekin…”. Hainbat pertsona guzti horrekin kikildu egiten da. Asko urduri datoz “beraien auzia” delako, eta ikusi egingo dutelako, eta epaileak gertatzen dena ongi ulertu dezala nahi dutelako. Orduan bai, urduri jartzen dira. Badaude ostera ez direnak urduri jartzen, epaitegietara sarritan etortzen direnak, eseri egiten dira, eta etxean bezala egoten dira. Baina bizitzan behin etorriko diren horiek, edo istripu baten lekuko izateko zorte txarra izan dutenek eta derrigorrez datozen horiek, nik uste horietako asko urduri jartzen direla.

Epaileek berriz izukaitzak dirudizue
Ni hasiera batean urduri jartzen nintzen, eta auzi korapilatsu bat daukadanean, tirabira asko daudenean oraindik ere gertatzen zait. Egia esan epaiketa batzuk arin doaz, alde bati hitza ematen diozu, besteari, galdetu egiten dute. Baina beste epaiketa batzuetan “Protesta egin nahi dut!” “Aurka egin nahi dut!” “Hau edo bestea proposatu nahi dut!”, adi-adi egon behar duzu eta azkenean larritu egiten zara. Hasiera batean esperientzia faltagatik ere bazen; urteen poderioz zure gabeziak ordezkatzen ikasten duzu. Geroz eta gutxiago harritzen zara, gauza gehiago ikusi dituzulako eta praktika gehiago daukazulako.

Egun batean zenbat ikustaldi izan ditzakezu?
Zortzi inguru. 9:00etan hasten gara eta azkenengo ikustaldia 13:30ean jartzen dugu. Baina epaiketa bakoitzaren iraupena eragile askok baldintzatzen dute, hala nola auzi motak eta abokatuek aurkezten dituzten proba kopuruak.…

Lan karga handia da?
Nik epaiketak egiten ditudanean lana etxera eraman behar dut, epaiak etxean jartzen ditut. Noski, gero haurrak eskolatik iristen dira. Inguruan zarataka eta garrasika dabiltzala, epairen bat edo beste jartzen utzi didate inoiz. Baina orokorrean ez dut horrela lan egiten eta senarra iritsi arte zain egoten naiz. Nire ordutegia malgua denez, bera 18:30an iristen bada ni ordu horretan hasten naiz lanean.

Epaiak etxean jartzen dituzu?
Noski, guztiok horrela egiten dugu. Epaiketa dugun egunetan eta goizez bakarrik lan egiten dugula esaten da baina hori guztia ez da horrela. Agian salbuespenak egongo dira, leku guztietan bezala, baina nire inguruan guztiek egiten dute arratsaldez lan. Lehen auzialdiko epaileok arratsaldez lan egiten dugu, guztiok.

Ezin duzue lana bertan egin?
Ez du denborarik ematen. Nik, adibidez, astelehen eta asteazkenetan epaiketak dauzkat. Astearteetarako aurretiazko entzunaldiak eta erabilera anitzeko gelan egin ditzakedan gauzak antolatzen ditut. Ezin ditut epaiak ostegun eta ostiral goizetan jarri, ez didalako denborarik ematen. Egun horietan paper multzo hauek dauzkat (mahai gainean dituenak seinalatzen ditu), ez dira epaiak, ebazteke dauden aurkaratzeak eta antzeko gauzak dira. Inoiz epairen bat idazten dut, baina gero arratsaldez lan egin behar izaten dut. Edo hona nator lanera – baina umeekin ezin naiz etorri, noski- edo gauez lan egiten dut. Erreparatuz gero, epaile guztiak maletatxoarekin aurrera eta atzera dabiltzala ikusiko duzu.

Auziak ohera eramaten dituzu?
Orain, etxe-kaleratzeen auziak direla eta, hipoteka betearazpenak daude eta gogorra da. Izan ere, hasieran ez dituzu atzean dauden pertsonak ikusten, hipoteka betearazpena da, eta beste aukerarik ez duzunez betearazpena agintzen duzu. Baina gero atzean dagoena ikusten duzu. Izan ere, ez da betearazi egiten duzula bakarrik. Kontua da, pertsonak kalera botatzen dituzula. Eta pertsona horiek familia ere badaukate.

Nik hipoteka betearazpenik ez zegoen garaia ezagutu dut, noizean behin bat egoten zen, gehienetan dirua neurri gabe xahutu edo antolatzen jakin ez zuen jendea zen. Baina orain kaleratzen ari garen jendeak, ordaintzen ez badu, ezin duelako da. Mailegu asko eskatu dituelako, edo bikote bat zelako, eta biak lanean zeudelako eta bat-batean biak lan gabe gelditu dira…

Gainera injustizia ikusten duzu: Hemen Bankiaren hipotekak betearazten ari gara, pentsa ezazu. Eta gainera ez da jendea kalera botatzea bakarrik, betearazpenak bizitza guztirako dira. Pertsona horiek arlo zibilean hilda daude. Etxea kenduko diete, baina hori ez da guztia. Aurrera jarraituko dute eta pertsona hori bizitza guztian horrela biziko da.

Gaur egun Bilboko zenbait epaitegi betearazpenak bertan behera uzten ari gara, Europako Auzitegiak esango duenaren zain gaudelako. Auzia bertan aurkeztu zen eta zain gaude, nahiz eta horrek guretzako lan asko suposatzen duen; errekurtso asko daude prozesua gelditzen delako, eta oso auzi korapilatsua da.

Idatzi zure iruzkina


Ez da argitaratuko
 
*