Justizia herritarrengana hurbiltzen

Auzitegi barruko bitartekaritzaren onurak

Auzitegi barruko bitartekaritzaren onurak

Bitartekaritza gatazkak konpontzeko beste bide bat da, eta helburu nagusia biktimari egindako kaltea onartzea eta konpontzea da. Ikuspegia aldatu eta demandatuari zigorra (espetxe zigorra) ezarri beharrean, biktimari egindako kaltea konpontzeari lehentasuna ematean datza.

Prozedura guzti horrek aurrera egin dezan ezinbestekoa da gatazkatik at dagoen hirugarren norbanako baten parte hartzea. Norbanako hori bitartekaria da. Bitartekariaren helburua biktimaren eta erasotzailearen artean akordioa adostea da. Akordio horretan, barkamena eskatzeaz gain, demandatuak biktimari egindako kaltea gainditzen lagunduko dioten neurriak ere adosten dira.

2007. urteaz geroztik Euskadin Auzitegi Barruko Bitartekaritza Zerbitzua (ABZ) dago. Data hori baino lehen Zigor-Arloko Bitartekaritza Zerbitzua deitzen zen. Zerbitzuaren jarduerak hiru ardatz ditu: Gizarte arloa, psikologikoa eta legala. Bide horretatik ABZren la taldea gizarte-langileek, psikologoek eta abokatuek osatzen dute.

Autonomia Erkidego bakoitzak Familia Bitartekaritza lege propioak ditu. Lege horien bidez Auzitegi barruko Bitartekaritza Zerbitzuetako lan taldeek bete beharreko baldintzak arautzen dira. Arlo horretan legedi propioa duten Erkidegoak 13 dira.

EAEn Familia Bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legeak bitartekari izateko ezinbesteko baldintzak ezartzen ditu:

  1. Zuzenbidean, Psikologian, Pedagogian edo Psikopedagogian goi mailako graduatua edo lizentziatua izatea edo gizarte lanean gradu ertaina edo diplomaduna izatea.
  2. Familia bitartekaritza arloan prestakuntza berezia izatea.
  3. Bitartekaritzari buruzko gutxienez 200 orduko ikastaro teoriko-praktikoa.

Bitartekaritzaren faseak

Bitartekaritza gauzatu ahal izateko lehenik eta behin epaileak Auzitegi Barruko Bitartekaritza Zerbitzura bideratu behar du auzia. Ondoren, bitartekariak alde biekin hitz egingo du eta prozesuaren nondik-norakoak azalduko dizkie.

Biktima eta salatutako norbanako asko lagunek edo senideek lagunduta joaten da lehen fase horretara.  Hala ere, bi aldeen arteko batzarrera salatzailea eta salatua bakarrik joan daitezke. Batzar horietan hiru alde egoten dira, bitartekariak bigarren mailan egon behar du eta erabat inpartziala izan behar da, garrantzizkoena biktimaren eta erasotzailearen arteko elkarrizketa gauzatzea izan behar baitu.

Bide onetik badoa, alde biek akordioa adostu eta sinatuko dute, eta ondoren auzia Bitartekaritza Zerbitzura bideratu zuen epaileari bidaliko zaio.  

Zer nolako adostasunak erdietsi daitezke? Gerardo Villar, Gasteizko Auzitegi Barruko Bitartekaritza Zerbitzuko langileak, bitartekaritza lanetan eskarmentu handia du eta urte guzti hauetan mota guztietako akordioak ikusi dituela egiaztatu dezake:

  • Erlijio kontuak zirela eta elkar salatu zuten marokoar eta espainiar baten arteko auzi batean, espainiarrak biktimari barkamena eskatu zion eta bere errespetua adierazteko arkume bat islamiar erritoaren arabera hiltzeko eskaini zuen bere burua.
  • Ikastetxe batean gertatutako borroka baten ondorioz hainbat ikasle era guraso zauritu ziren eta hainbat kalte material egon ziren. Azkenean gurasoek bitartekaritza zerbitzuan amaitu zuten, eta guztia testuingurutik kanpo atera zutela konturatu ziren. Gurasoetako batek kalte-ordaina kobratu behar zuen baina uko egin zion, eta euro bateko ordaina onartu zuen, beste gurasoak egindako kaltea  onartzearen eta barkamena eskatzearen truke. 
  • Gazte batzuek merkataritza- gune batean mp3ak lapurtu zituzten, eta  merkataritza-guneko arduradunarekin adostasun batera iritsi ziren. Gazteek barkamena eskatu zuten, mp3ak Gasteizko elkarte bati eman zitzaizkion, eta diru-kostua konpentsatzeko gazteek GKE batekin zenbait jarduera egin zituzten.

Bitartekaritza lanari buruz gehiago jakin nahi baduzu,  Gerardo Villar Gasteizko Auzitegi barruko Bitartekaritza Zerbitzuko gizarte-langilearen elkarrizketa osoa irakur dezakezu.

Bederatzi milioi auzi

Espainiako auzitegietan bederatzi milioi auzitik gora jasotzen dira urtero. Lan-karga horren aurrean ezinbestekoa da bide judizialari ordezko bideak ezartzea.

Fernando de Rosa Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (BJKN) presidenteordea bitartekaritza prozedura judizialaren ordezko gisa bultzatzearen aldekoa da. De Rosak uste du, bitartekaritzaren bidez “konstituzioaren helburua bete daitekeela; hala nola, gizartea bera izatea bere arazoak konpontzen saiatzen dena, eta justiziara jotzea azken aukera izan dadila”. BJKNaren presidenteordeak bitartekaritza eraginkorra izan dadin “gizarte-kontzientzia, bitartekari onak, eta batez ere, gizarteak konfiantza izateko mekanismoak ezarri behar direla” uste du.  

Euskadiko datuak

- Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzuak 2012. urtean 1.213 auzitan parte hartu du.

- Horietatik % 65 auzitan (794) bitartekotza prozesua gauzatu da. Espediente horien artean ABZk, zigor prozedura baten parte direnen artean  adostutako akordioak %77, 95 izan dira.

- 2011 urtearekin alderatuz gero, bitartekaritza bitartez ebatsitako auzi kopuruak %9,4 egin du gora (2011. urtean 720 auzi ebatsi ziren).

 

2013ko uztailaren 26ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Artikulua iruzkindu

*
*
Ez da argitaratuko
*
*