Justizia herritarrengana hurbiltzen

Edozein kondenatu indultatu al daiteke?

Edozein kondenatu indultatu al daiteke?

Azken aste hauetan indultuari buruz zabal hitz egin da, baina, ba al dakigu zer den? Epai irmoz kondenatutako pertsona bati indultua ematean, zigorraren zati bat edo zigor osoa kentzen zaio, baina ez ditu zigor aurrekariak galtzen. 

Indultua mesede-neurria da, salbuespenetan ezartzen da, eta Espainiako erregeak erabakitzen  du ematea Justizia ministroak egindako proposamenaren gainean. Horren aurretik proposamena Ministroen Kontseiluan eztabaidatu behar da. Neurri hau edozein presok eska dezake; ez da delitu-mota kontuan hartzen. Hala ere hurrengo kasuetan ezin da eskatu: Zigor arloko prozesua amaitu gabe badago eta presoa epai irmoz zigortua izan ez bada, presoa  zigorra betetzeko Auzitegi epai-emailearen esku ez badago, edo epai irmoz zigortutako delitu berean edo beste batean berrerori bada. 

Bi indultu mota daude: Indultu osoa edo zati batekoa. Indultu osoan oraindik bete gabeko zigor guztiak kentzen dira. Zati batekoan, berriz, ezarritako zigorretako bat, batzuk, edo oraindik bete gabeko zigorraren zati bat kentzen da.

Zigortutako pertsonak indultua jasotzeko bi baldintza daude:  Batetik, presoa aske geratzeak ez du beste pertsonengan inolako kalterik eragin behar, eta ez ditu beste pertsonen eskubideak urratu behar. Bestetik, ezinbestekoa da alderdi ofendituari entzun izana.

Indultua presoak berak, edo bere izenean bere senideek edo beste edozein pertsonak eska dezake.  Horretarako, presoaren gizarteratzea egiaztatzen duen dokumentazio guztia bidali behar zaio Justizia ministroari. Epaitegi eta auzitegi batek baino gehiagok zigortu badute, indultua eskatzen duen zigor bakoitzeko eskaera bat aurkeztu behar da. Gainera gomendagarria da lanean eta familian birgizarteratu dela egiaztatuko duten ziurtagiriak aurkeztea. Desintoxikazio prozesu bat egin badu, horri buruzko informazioa ere bidali behar da.

Neurri horri buruzko informazio gehiago nahi baduzu, Justizia Ministerioak bere web atarian indultuari buruzko atal bat dauka; bertan bete beharreko inprimakia ere eskuratu dezakezu.  
 

2013ko otsailaren 7ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia Ministerioa. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Artikulua iruzkindu

*
*
Ez da argitaratuko
*
*