Justizia herritarrengana hurbiltzen

Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak

Osakidetzako jaiotzen inskripzioen % 80 inguru ospitaleetan bertan tramitatzen da jadanik

Osakidetzako jaiotzen inskripzioen % 80 inguru ospitaleetan bertan tramitatzen da jadanik

Osakidetzan gertatzen diren jaiotzen Erregistro Zibileko inskripzioen % 80 inguru ospitaleetan bertan tramitatzen dira jadanik. Horrela, Euskadiko ospitale publikoetan jaiotako haurtxoen aita eta ama gehienek, jaiotzak Erregistroari komunikatzeko, komunikazio telematikoa hautatzen dute, Osakidetzak bere ospitale guztietan eskaintzen duena joan den abenduaren 1etik eta AUOan hasi zena 2015eko urriaren 15ean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendari María Jesús Múgicaren hitzetan, jakinarazpen telematikoko zerbitzua proiektu finkatua da eta beren seme-alabak erregistratzeko sistema hau erabili duten gurasoen balorazio oso onarekin ari da funtzionatzen, tramite administratiboak errazten dituelako eta erregistrorako kudeaketak ospitaletik irten gabe egiteko aukera ematen duelako. Horrela, Erregistro Zibilera joan beharra ekiditen da, nabarmendu du.

Zerbitzu berria duela urtebete hasi zen ezartzen, joan den urteko urriaren 15ean Arabako Unibertsitate Ospitalean, eta sistema honen bidez erregistratu zuen Estatu osoko lehen haurtxoa. 15 egun geroago, Arrasateko, Zumarragako eta Mendaroko ospitaleetan jarri zen abian, eta prozesua amaitzeko, abenduaren 1ean, Donostia Unibertsitate Ospitalean, Gurutzeta Unibertsitate Ospitalean eta Basurtuko Unibertsitate Ospitalean. Horrela, Euskadi lehen autonomia-erkidegoetako bat izan zen hedapena osatzen eta komunikazio telematikorako zerbitzua bere ospitale publiko guztietan eskaintzen.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzak pertsonekin duen konpromisoari erantzuten dio, osasun-sistema gero eta hurbilago eta irisgarriagoa eskainita, eta haren ezarpenean eta funtzionamendu zuzenean, Osasun Sailak lankidetzan lan egin du Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailarekin eta erregistro zibiletako arduradunekin.

Tramitea egiteko, gurasoek formulario ofiziala beteko dute, eta horri erantsiko zaizkio jaioberriaren identifikazioa eta osasun-langileek egiten duten amarengandiko filiazioaren egiaztapena. Horren ondoren, ospitaleko zuzendaritzak, 72 orduko epean, dokumentu eskaneatua bidaliko du Erregistro Zibilera eta hark, aldi berean, inskripzioa ongi egin dela bermatzen duen ordezkagiri bat helaraziko dio familiari.

 

2016ko urriaren 21ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  JustiziaEus-eko zerbitzuak . Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Ba al dakizu ezin diozula zure seme-alabari edozein izen jarri?

Ba al dakizu ezin diozula zure seme-alabari edozein izen jarri?

Haurra jaiotzeko zain dauden familietan umearen izenari buruzko eztabaidak egon ohi dira. Eta gainera, askok ez daki norberari gustatzen zaizkion izenez gain, badaudela izena aukeratzeko zenbait arau.

Adibidez, ezin zaio orain edo etorkizunean kaltegarri izan dakiokeen izenik jarri. Hau da, ezin zaio sexu biologikoari buruzko zalantzak eragin ditzakeen izen edo txikigarririk  jarri, ezin zaio anai edo arreba baten izen bera jarri (hilda badago ere ez), ez eta abizenekin elkartuta emaitza itsusia eman dezakeen izenik ere.

Hortaz, badakizu: seme edo alabaren izena aukeratzerakoan, badaude zenbait muga; kontuan har itzazue, izena gainontzeko familia guztiari jakinarazi aurretik.

2016ko urtarrilaren 8ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  JustiziaEus-eko zerbitzuak . Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook