Justizia herritarrengana hurbiltzen

Erreportajeak

Eskubideak, pausoz pauso

40 urteko diktadura eta Francoren heriotzaren ostean, 1977ko uztailean Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak deitu ziren.  Urte bat geroago, 1978ko abenduaren 6an, Espainiako herritarrek Konstituzioa bozkatu zuten; horren bitartez, Europako zuzenbide-estatuaren ereduari jarraituz, demokrazia eta monarkia konstituzionala ezarri ziren eta Autonomia Erkidegoen banaketa aurreikusi zen.

Data horretatik aurrera, Konstituzioak zuzenbide-estatua ezarri zuen, eta aldi berean, herritarren eskubide eta betebeharrak zehaztu ziren, besteak beste, bizitzeko eskubidea, bozkatzeko eskubidea, hautatua izateko eskubidea eta sexu-askatasuna. Harrezkero eta 40 urtetan zehar, eskubide horiek bermatu eta/edo arautu dituzten hainbat Lege garatu dira.

Hilabete honetatik aurrera, oinarrizko eskubideen onarpenak eta garapenak herritarrentzat izan duen garrantzia aztertuko duten hainbat erreportaje argitaratuko ditugu, eta arlo horretan aditu diren norbanakoen iritziak jasoko ditugu. Hona hemen erreportaje horietako lehena:

BOTOA EMATEKO ESKUBIDEA

Sindikatu bakar bertikalari botoa emateko hautetsontziak, 1971

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Frankoren diktaduraren azken astinduak

Bigarren mundu gerrak eragindako krisiaren ondoren, susperraldi ekonomiko eta politikoa  hasi zen Europan; horren ondorioz, 60ko hamarkada aldaketa garaia izan zen herrialde askotan. Horrekin batera, aldaketak exijitzen zituzten gizarte- eta kultura-mugimendu berriak agertu ziren, eta eskubide zibilen, askatasun sexualaren edo emakumeen eskubideen aldeko taldeak e.a. loratu ziren.  Bien bitartean, Frankoren erregimenak isolamendua ezarri zuen, espainiarrak kanpoko eraginetatik urruntzeko. Estatuaren kontrolpean zeuden hedabideek, libreki bozkatu, adierazi eta libreki sindikatzea debekatzen zuen eta gainbeheran zegoen erregimena babesten zuten.

Baina egoera politiko eta sozialetik haratago ekonomia hobera zihoan, eta hazkunde ekonomiko iraunkorraren eraginez, langileak eta erdi mailako klaseak askatasuna eta eskubideak aldarrikatzen hasi ziren.

Ikasleak eta langileak borrokan, aldaketaren alde

Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren presidentea da; garai hartan, 1966 eta 1971 urteen artean, Zuzenbidea ikasten ari zen Deustuko unibertsitatean. Frankoren erregimenak sindikatu bakarrean sindikatzera behartzen zituen – eta horren ondorioz, ikasle talde batean sartu zen:  “Sindikatzeko askatasuna nahi genuen” –dio- “ikasleak ginen eta ezkerreko ikuspegia genuen”. Garai hartatik gogoratzen dituenak, errealitate ezberdinak zeudela erakusten dute: “Campus barruan ikasle gutxi mobilizatzen ginen; bazeuden, baita ere, eskuin muturreko taldeak, makilak eskuan hartuta ibiltzen zirenak”.

Juan Luis Ibarra, EAEANren presidentea

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Aldaketa urteak ziren eta gertaerak zehaztasunez gogoratzen ditu; hala ere, antolatu zituzten ekintzei buruzko ikuspegi kritikoa ere badu: “Euskal Autonomia Erkidegoan askatasuna kontzeptua ongi barneratuta genuen, baina aldi berean, ez genuen ulertu askatasuna sistema instituzionalari lotuta zegoela; gure kultura politikoa ere, eskasa zen. Deustuko ikasleak ginen, eta ekonomikoki erdi- eta goi-mailako klasekoak ginen; falta zitzaigun kultura politikoa apurka-apurka geureganatu genuen, hein handi batean ezkerraldeko langileei esker. Izan ere, 70. hamarkadatik aurrera unibertsitatera iristen hasi ziren,  eta haiei esker ikasi genuen elkartasuna zer zen”.

Sistemak bortizkeriaz erantzun zuen

Agintariak, ekitaldi ofizial batean. 1960

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Aldaketa garaia zen, eta langile eta ikasle mugimenduen jarrerak erregimena aztoratu zuen; horren adierazgarri latzena, 1977an gertatu zen Atotxako hilketa da: Espainiako eskuin muturreko kideek 5 abokatu laboralista erail zituzten Madrilen. Demokraziaren alde lanean zihardutenen aurkako kolpe latza izan zen; ez zen lehena izan, lehenago ere antzerakoak gertatu ziren. Juan Luis Ibarrak, Victor Manuel Pérez Elexperen kasua ongi gogoratzen du: 23 urteko Portugaleteko gaztea zen, 1975ean Nafarroako Potasas enpresako langileekin elkartasuna eskatzeko panfletoak banatzen zegoen; atzetik tiro egin eta hil egin zuten. EAEANren presidentea familiaren abokatua izan zen kasu hartan.  Beste hainbat auzi polemiko ere izan zituen, adibidez, Villa de Bilbao ipuin lehiaketa irabazi zuen ipuinaren 1.000 kopia erretzeagatik Bilboko udaletxearen aurkako auzia 1981. urtean. “Norbaitek” ez zuen, antza, egokia ikusi komuna libertario bati buruzko ipuinak lehen sariak irabaztea, hitz zatar eta itsusiak zituela esan zuten. Agian horregatik, edo Juan Luis Ibarraren bufeteak ezkerreko joera zuelako, 1975eko udaberrian auto batetik bulegoko leihoak metrailatu zituzten, kalte handiak eraginez:  “Máximo Agirre kaleko 5. zenbakian geunden. Zorionez, bulegoa hutsik zegoen egun hartan”. Hilketa eta eraso guztiak eskuin muturreko taldeek egin zituzten. EAEANren presidentearen ustetan, “halabeharrez gertatuko zena gelditu nahi zuten, alegia, erregimenaren gainbehera eta trantsizioa”.

Atotxako erailketatik Zuzenbide-estatura

Aztoramen handia zegoen, manifestazioetan zuzenbide-estatua aldarrikatzen zen; 1975ean Franko hil ostean Juan Carlos Iª Borboikoak estatuaren buruzagitza hartu zuen, eta zenbait urtez frankistak presidentetzan mantendu ostean, 1977an lehen hauteskunde eratzaileak egin ziren. Hauteskundeak Union de Centro Democrático –UCD- alderdiak irabazi zituen, Adolfo Suarez buruz zela. Hurrengo urtean Espainiarrek Konstituzioa bozkatu zuten, hau da, Espainiako ordenamendu juridikoaren arau gorena; horren bitartez, gobernu era berria ezarri zen: monarkia parlamentarioa. 1978ko Espainiako Konstituzioaren lehenengo artikuluak “Estatu soziala eta demokratikoa ezartzen du, ordenamendu juridikoaren balio gorentzat dituena lege-araugintza, askatasuna, justizia, berdintasuna eta aniztasun politikoa”.

Juan Luis Ibarra abokatua zen. Bere hitzetan, garai hartan gauzak ezberdin ikusten ziren: “1977ko ekainean demokratikoki hautatutako gorteetatik 1978ko abenduan gorte eratzaileetara eman zen pausua ez genuen garbi ikusi. 1977tik 1978ra arte, zenbait gauzatan orientazioa galdu genuen. Ez genuen oinarrizko eskubideen kartaren garrantzia ikusi; eta egia esan, oso aurrerakoia zen. Zenbait elementu lekuz kanpo zeudela iruditu zitzaigun, adibidez, Konstituzioaren lehenengo tituluan, elementu oso desberdinak daude: batetik,  askatasuna, justizia, berdintasuna eta aniztasuna ordenamendu juridikoaren balio gorentzat  jotzen ditu, eta bestetik, eskubide horiek armadak bermatuko dituela dio”. Balore horiek –printzipio apartak dira, eta gerora aukera handiak eman dituzte, 9. artikuluarekin batera; azken horrek berdintasuna eta askatasunaren gauzatze erreala eragozten duen edozein oztopo ezabatzeko ardura egozten die botere publikoei-, bada, balore horiekin batera, beste batzuen bitartez iraganari arnasa ematen zitzaiola iruditu zitzaigun”, azaldu du Juan Luis Ibarrak, eta 8. artikuluak dioena aipatu du; izan ere, Konstituzioaren 8. artikuluaren arabera, Armada da Espainiako lurraldearen batasuna eta araubide konstituzionala  bermatzearen ardura duen erakundea.  EAEANren presidentearen ustez, urte luzez Frankoren armadaren mende bizi izan ziren askok ez zuen jokoa ulertu, eta Konstituzioaren aurka bozkatu zuten.

Autonomia Estatutuaren aldeko manifestazioa

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

1979: Autonomia Estatutuaren erreferenduma

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Botoa emateko eskubidearen garrantzia

Urtebeteko eskarmentua behar izan zuen EAEANren presidente Juan Luis Ibarrak, zuzenbide estatuaren aldeko borrokaren garrantzia ulertzeko. “Hau da,  70. hamarkadako borroka eta zuzenbide-estatuaren aldeko borroka, gauza bera zirela ikusi genuen. Gaztea zarenean, aldaketak beste ikuspegi batetik ikusten dituzu” -gehitu du presidenteak, garai hartan izan zuten joeraren inguruan hausnarketa eginaz. “Gregorio Peces Barbaren aitarekin akordatzen naiz, sozialista zen; gu gazteak ginen eta demokrazia formalaz trufatzen ginen. Gure jarrerak beldurra ematen zion, eta hurrengoa esan zigun: -Arren, bozkatzea oso garrantzitsua da-.  Bizitza politikoan parte hartzeak berebiziko garrantzia zuela esan zigun, burugabe batzuk ginela.  -Bizitza politikoan parte hartzen duzunean atzerapausoak eta aurrerapausoak egon daitezke, baina zure ordezkari politikoak bozkatzeko aukera duzun bitartean, konponbidea dago. Sistema itxiz gero, diktadurara itzuliko ginateke eta ordezkari politiko gabe geldituko ginateke-. Arrazoi osoa zuen. Urtebete geroago Autonomia Estatutuari bai esan genion, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere hartu genuen parte”.

Gaur eguneko egoera

Duela urte asko zuzenbide-estatua ezarri zen, eta harrezkero lege ezberdin asko sortu dira Konstituzioa abiapuntutzat hartuta; EAENren presidentearen ustez, “Konstituzioa oso aurrerakoia izan zen arren, gaur egun zenbait arlotan zaharkitua gelditu da”.  Nabarmena da zenbait arauk egonezina sortu duela hainbat arlotan –gizartean, politika arloan…-, bere sasoian zenbait gauza berrikusi egin behar izan ziren eta etorkizunean ere berrikusi beharko dira, baina hori ere nolabait gai polemikoa da, izan ere, bozkatzeko eskubidea dugu, baina eskubide hori, zentzu batean, murriztuta dago”. 

Auzitegi Nagusiaren presidentearen arabera, “hedabideek eta sare sozialek batera, zenbait gairen inguruan gizarteak duen ondoeza gune mediatiko bilakatu dute, eta horrek, herritarrek zuzenbide estatuari buruz duten ikuspegian eragin zuzena izan du. “Une honetan, arrazoi ezberdinengatik, demokraziaren formaltasuna gutxiesten da; prozedura bera, eskubideak bermatzeko balio duen egitura da eta errespetatu egin behar da, jokoaren arauak ezartzen dituelako, bidea ezartzen duelako eta bide horretan iritzia ematea ahalbidetzen duelako. Demokrazia aurrez zehaztutako bide bat da, eta bide hori hainbat prozeduraren bitartez bermatzen da. Gizakiok ondare amankomuna kudeatzeko inoiz asmatu dugun modurik egokiena da. Prozedurak ezinbestekoak dira, eta egitura formalak behar ditugu; hala ere, garai guztietako gazteek akats berdina egin dute, alegia, forma mespretxatu dute. Nik behintzat, gaztea nintzenean, gutxietsi egin nuen; baina orain gertatzen ari denak orduan gertatzen zenarekin alde handia du: gaur egun, formekiko dagoen mespretxuak eragin handia du zuzenbide-estatuaren eguneroko jardunean”.

1979: homosexualen eskubideen aldeko manifestazioa Bartzelonan

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

“Sistematik at eta anarkikoki jokatzen denean, aurrez erabakitako bideak behartzen badira… sistemak kale egin dezake”. Juan Luis Ibarrarentzat badaude, gai horren inguruan, larriak diren hainbat jarrera: “Politikoki antolatutako gizarte honetan badaude erabakigarriak ez diren hainbat arlo, eta hori, jendeak ez daki”.  Zergatik ezin dira erabaki? “Bada, prozesu konstituzionalaren baitan, zenbait auziren inguruan hainbat erabaki aurrez hartuta daude, erabaki demokratikoak izan dira eta ezin dira, gehiengoaren nahiaren arabera, egunero aldatzen ibili”.  Batez ere, gehiengo eta gutxiengoen joko horretatik kanpo dauden arloez ari da Juan Luis, eta zenbait adibide gehitu ditu, bere azalpena argitzeko: “Gehiengoari kasu eginez gero, egoera ezberdinak gerta daitezke: nazionalitatea ez duten norbanako guztiak herrialde batetik kanpora bota behar direla erabakitzea; edo eta zenbait sexu-jokaera dituzten norbanakoak, sorginak bailiran, erre egin behar direla erabakitzea.  Hori gertatuko balitz, gehiengo horri –politikoa zein soziala- gogor erantzun beharko genioke, hau da, -gehiengoa izan arren ez daukazue hori erabakitzeko gaitasunik- esan beharko genieke; zenbait arlo erabaki ezin daitezkeen gauzen artean daudelako, ezin direlako legitimoki erabaki; beste kontu bat  konstituzioa aldatzea da”. Ildo horretan, Juan Luis Ibarrak erabakitzeko gaitasunaren garrantzia azpimarratu du; baina lehengora itzulita, demokraziaren baitan giza eskubideek babestutako arloak daudela azpimarratu nahi du: “arlo horiek gehiengoaren jokotik at daude. Uste dut gaur egun azken arlo hau ez dela ongi ulertu, eta azalpenak ematea oso garrantzitsua da. Botere banaketaren garrantzia ere azaldu behar dugu, erabakiak prozedura bidez hartzea oso garrantzitsua dela ulertu behar du jendeak”.

2018ko ekainaren 22ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erreportajeak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook
  • Google +

Bitartekaritzan adituek Justizia Konponarazleak espetxean izan dezakeen bideragarritasuna aztertu dute Bilbon

Berrogeita hamar aditu inguru batzartu dira aste honetan Bilbon, Justizia Konponarazleak espetxe-inguruan izan dezakeen bideragarritasuna aztertzeko. Mahai-ingurua “Justizia Konponarazlea eta Espetxea Nazioarteko Mintegia”ren baitan eman zen astelehenean, Euskadiko Artxibo Historikoaren Bilboko egoitzan.

Irudiaren erdian Lan eta Justizia Sailburu Maria Jesus San Jose, parte-hartzailez inguratuta.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

María Jesús San José Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburuak ireki zuen  jardunaldia, eta justizia konponarazlean aditu diren hurrengo lau profesionalen hitzaldiak egon ziren: Oñatiko Soziologia Juridikoko Nazioarteko Institutuaren zuzendari akademiko Vincenzo Ferrari, gazteei zuzendutako justizia konponarazlean aditu Raúl Calvo; Johannes Feest, erretiroa hartuta badago ere, Alemaniako espetxe legediari buruzko artikuluak argitaratzen ditu eta beste ardura batzuen artean Oñatiko Soziologia Institutuko Zuzendari Zientifikoa izan zen, eta legelari eta ENLACE Andaluziako Federazioaren bitartekari Jorge Ollero.

Loly de Juan Justizia zuzendaria lehen hitzaldiak aurkezten.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Ezkerretik eskuinera: Raśl Calvo, Roberto Moreno, Jorge Ollero, Loly de Juan, Johannes Feest eta Vincenzo Ferrari.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendari Loly de Juanek aurkeztutako hitzaldien ostean  mahai-ingurua egon zen, Helduen Justizia Zerbitzuaren arduradun eta Justizia Konponarazlearen Europako Foroaren Batzorde Exekutiboaren kide Roberto Morenok gidatuta. Mahai-inguruan, espetxe-inguruan justizia konponarazlea ezartzeak izan ditzakeen arrisku eta aukerei buruz hitz egin zuten. 

Roberto Moreno, Miren Gallastegi (bizkarra ematen), Johannes Feest eta Raul Calvo, atsedenaldietako batean.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Mintegian, Justizia Konponarazleak espetxean izan dezakeen ibilbideari buruz hitz egin zuten.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Zuzendari Maria Jesus San Josék eman zion amaiera “Justizia Konponarazlea eta Espetxea Nazioarteko Mintegia-ri. Ekitaldian, Justiziarekin Elkarlanerako Zerbitzuen jardunaren bitartez Eusko Jaurlaritzak Justizia Konponarazlearekiko duen konpromisoa ekarri zuen gogora sailburuak: Biktimari arreta, Zigorren Kudeaketa eta Justizia Konponarazlea. Gainera, Euskadiren etorkizuneko espetxe-politika osatzeko, hainbat gauza kontutan hartu behar direla azpimarratu zuen Maria Jesus San Josek: batetik, argi eduki behar da  birgizarteratzera bideratutako dirua gizartearen ongizatean inbertitzea dela, eta bestetik, erregimen itxia eta irekiaren artean, bigarrenaren alde egin behar dela. 

Mintegian Justizia Konponarazlean aditu diren 50 profesional bildu zituen Bilbon.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

2018ko ekainaren 8ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erreportajeak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook
  • Google +