Justizia herritarrengana hurbiltzen

Etxe-kaleratzeei buruzko Dekretuaren alde ilunak

Etxe-kaleratzeei buruzko Dekretuaren alde ilunak

Azaroaren 15ean etxe-kaleratzeak geldiarazteko eta, bide batez, gizarte-presioa arintzeko neurriak indarrean jarri ziren. Neurri horiek indar politikoen arteko akordiorik gabe hartu ziren eta, askoren ustez, etxe-kaleratzeen auzia konponduko ez duen adabakia besterik ez dira izango.

Testuan jasotakoaren arabera, Errege Dekretua indarrean jarri aurretik abian jarritako prozedura judizial eta judizioz kanpoko prozedura guztiak bi urtez geldiaraziko dira; betiere, botatzea dagoeneko gauzatu ez bada. Hau da, 2014ko azaroaren 15era arte geldiaraziko dira. Esan egin behar da, geldiarazten dena botatzea dela; betearazpena eta atzerapenagatiko interesak ez dira geldiaraziko. Argi eta garbi esateko: betearazpenak aurrera darrai eta zorra handituz doa. Aipatutako bi urteak pasa ostean, botatzea gauzatu egingo da.

Beste alde batetik, Dekretuak ondokoa zehazten du: etxebizitza enkantean bankuari esleitzen zaionean ezarriko da luzamendua (etxe-kaleratze prozesuan zehar, etxebizitza enkantean jartzen da). Orduan, bankua ez den hirugarren batek enkantean etxebizitza erosten badu, familia zorduna kaleratua izango da.

Dekretuaren helburua gizatalde ahulenak babestea da, hala nola familia ugariak, guraso bakarreko familiak seme-alaba biren kargu badira, hiru urtetik beherako seme-alabak dituztenak, kideren bat ezindua edo mendekotasun egoeran dagoen kideren bat dutenak, langabezian egon eta diru saririk jasotzen ez duten zordunak, eta genero-indarkeriaren biktima izan edo biktimarekin bizi direnak. Baina hamaika egoera gerta daitezke. Adibidez, hipoteka –maileguari aurre egin ezin diona seme-alaba bakarra duen guraso bakarreko familia bat izan daiteke, edo 4-5 urteko seme-alabak dituen familia-unitatea izan daiteke. Bi seme-alaba dituen familia batek ere etxea utzi beharko du, horietako bat ezindua ez bada. Eskubide gutxiago daukate? Pentsiodunak ere, bakarrik, familia-kargak badituzte edo menpekoak badira libratuko dira.

Gobernuak alokairu sozialeko etxebizitzak bermatzeko gizarte fondo bat sortuko duela iragarri du. Etxebizitzak bai Bankuek bai Kutxek bestelako herritarrei finantza erakundeek dituzten jabeei kendutako etxeak izango dira. Beraz, baliteke etxetik kaleratutako pertsona batek kaleratutako beste baten etxean sartzea…are gehiago, berea izandako etxebizitzan alokairuan bizitzea gerta liteke? Momentuz ez da alokairuen prezioa zehaztu, ez eta noiz sortuko den etxebizitza multzoa ez eta zenbat etxebizitza izango diren. Datu bat: etxetik kaleratutako pertsonak zorduna izaten jarraituko du. Beraz, bankuarekin zorretan egoten jarraituko du. Zorra ordaintzeko dirurik ez badu, oso merkea izanda ere, nola ordainduko du alokairua? Zorra barkatuko diote?

2012ko azaroaren 26ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Artikulua iruzkindu

*
*
Ez da argitaratuko
*
*