Justizia herritarrengana hurbiltzen

Euskara eta Justizia

"Auzia Euskaraz", Justizian euskararen presentzia sustatzeko gailu mugikorretarako Eusko Jaurlaritzaren aplikazio berria

“Auzia Euskaraz” aplikazioa Justizia Administrazioko hizkuntza normalizaziorako lantaldeak sortutako tresna digitala da, eta Justiziaren arloan euskararen erabilera sustatzea du helburu. Eusko Jaurlaritzak garatutako “Auzia Euskaraz” proiektuaren baitan sortu den aplikazio hau abokatutzan, prokuradoretzan eta notariotzan diharduten profesional euskaldunei zuzenduta dago bereziki, nahiz eta Zuzenbidearen esparruko unibertsitate-komunitatearentzat eta euskara juridikoan interesa duen edo demanda judizial bat euskaraz aurkeztu nahi duen edonorentzat ere baden. 

Aplikazioa doan jaits daiteke Android eta Ios euskarrietarako.

Aplikazioaren helburuak

"Auzia Euskaraz" APPak bi helburu nagusi ditu: arlo juridikoko eragile euskaldunen komunitatea sendotzea eta hizkuntza juridikoko baliabideak eskaintzea gailu mugikorretik klik bakarrean. Berez, euskara juridikoaren datu-baserik handienetako bat da, eta 400.000 itzulpen baino gehiago daude erabilgarri.

Bi helburu nagusi horiek betetzeaz gainera, Eusko Jaurlaritzak beste helburu hauek ere bete nahi ditu:

  • Komunitate juridiko euskaldunera kide berriak erakartzea. Orain arte 507 eragile juridiko daude sare horretan, bai abokatu, prokuradore eta fiskal profesionalak, bai barruti judizialetako funtzionarioak.
  • Profesionalek euskara erabil dezaten sustatzea.
  • Euskararen kalitatea ziurtatzea, hizkuntza juridikoarekin zerikusia duten zalantzak argituz.
  • Hizkuntza normalizaziorako lantaldearen zerbitzua hobetzea.
  • Erabiltzaileen esku jartzea Justizia Administrazioko hizkuntza normalizaziorako lantaldeak garatutako tresnak.

Aplikazioaren baliagarritasuna

Aplikazioa lau tresna nagusik osatzen dute, eta pantaila nagusian agertzen dira:

  • Ikono laranja: profesionalen zerrenda eskaintzen du, abokatu, prokuradore eta notario euskaldunak bilatzeko. Euskara Emaile ekimean parte hartzen duten profesionalen telefono-zenbakiari, helbide elektronikoari eta bakoitzaren kokapenari buruzko datuak ematen ditu.
  • Ikono urdina: “Auzia Euskaraz” proiektuari buruzko informazioa ematen du.
  • Ikono gorria: erabiltzaile motaren arabera, aukera ezberdinak eskaintzen ditu, besteak beste: komunitate juridiko euskaldunean sartu ahal izatea, inprimaki juridiko elebidunak, kontsulta pertsonalizatuak, hilabetekarien harpidetzea eta prestakuntza-pilula juridikoak jasotzea.
  • Ikono berdea: terminologia juridikoa euskaraz kontsultatzeko tresna. Datu-basea da eta terminoak gaztelaniatik itzultzen ditu, hala nola “incoación de diligencias previas" (aurretiazko eginbideei hasiera ematea) edo “apoderado" (ahaldun). Barruan 400.000 itzulpen juridiko baino gehiago ditu bildurik: lexiko juridiko bateratua, eredu judizialak, glosategiak, lege-testuak , inprimaki elebidunak abokatuentzat... 

Auzia euskaraz proiektua 

Eusko Jaurlaritzak 2013ko abenduan jarri zuen abian “Auzia Euskaraz” proiektua, prozedura judizial osoa, demanda judiziala aurkezten denetik ebatzi arte, euskaraz tramitatu ahal izateko baliabideak eskaintzeko. 

Hiru urte hauetan lau epaiketa egin dira euskara hutsean: lehenengoa Bizkaiko Probintzia Auzitegian, bigarrena Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegian, hirugarrena Bilboko Administrazioarekiko 5 zenbakiko Epaitegian eta azkena, duela gutxi, Tolosako epaitegi batean.

 

2016ko azaroaren 14ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Aurki abokatu eta prokuradore izateko sarrera-proba euskaraz egiteko aukera izango duzu

Aurki abokatu eta prokuradore izateko sarrera-proba euskaraz egiteko aukera izango duzu

Justizia Ministro Rafael Catalak aste honetan sinatu du Estatuaren eta Galizia eta Valentzia autonomia erkidegoen arteko lankidetza-hitzarmena, abokatu eta prokuradore izateko sarrera-probak koofizialak diren hizkuntzetan egitea ahalbidetzen duena. Datozen egunetan hitzarmena Euskadin eta Katalunian sinatuko da.

Akordioak horrekin profesionalek lanbide horietan jarduteko sarrera-probak gaztelania zein -hala nahi izanez gero- dagokien Autonomia Erkidegoan koofizialak diren beste hizkuntzetan egiteko aukera ahalbidetuko du.

Horretarako, Euskadi zein Katalunia, Galizia eta Valentzia autonomia erkidegoetako Justizia Sailek hurrengo ardurak hartu dituzte:

  • Administrazioetako itzulpen zerbitzuak Justizia Ministeriora joango dira probak hizkuntza koofizialera itzultzera, eta proben edukiari buruzko konfidentzialtasuna gordeko dute.
  • Hizkuntza koofizialera egin beharreko itzulpenaren diru-kostua ordainduko dute, bai eta itzulpena egiteko lekuz aldatutako langileek egindako joan-etorriak ere.

Justizia Ministerioak bere aldetik itzulpenak bere egoitzan egin ahal izateko lekua eta bitarteko informatikoak jarriko ditu. Horrez gain, itzulitako azterketen txantiloiak kudeatzeaz arduratuko da, azterketaren egunean hautagaientzako eskuragarri egon daitezen.

Hitzarmenean Jarraipen Batzorde baten sorrera aurrikusi da. Batzordea Justizia Ministerioaren lau kidek eta autonomia erkidego bakoitzeko ordezkari batek osatuko dute, eta bere ardura akordioa bermatzea izango da. Gutxienez urtean behin batuko da, eta baita ordezkatuta dauden autonomia erkidegoetako hiruk gutxienez hala eskatzen dutenean ere.

Aldeek ez dute ardura ekonomikorik, eta akordioaren arabera dagozkien ardurak betetzeak duen kostua alde bakoitzak bere bitartekoen bitartez ordainduko du.

2016ko irailaren 9ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Euskara eta Justizia. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook