Justizia herritarrengana hurbiltzen

Eusko Jaurlaritza

"Haurren zaintza familiako prozesu gatazkatsuetan" ikastarorako matrikula irekita dago

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren Lantalde Psikosozialaren Koordinatzaile Fernando Álvarez Ramos eta Justizia Zuzendari Loly de Juanek “Haurren zaintza familiako prozesu gatazkatsuetan” udako ikastaroa antolatu dute, UPV/EHUk udaro antolatzen duen udako programazioaren baitan.

Ikastaroa 2019ko uztailaren 1etik 3ra egingo da Donostiako Miramar Jauregian. Matrikula murriztua egiteko aukera maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik.

Ikastaroak Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren laguntza du, eta besteak beste, hurrengo helburuak ditu: haurren zainketa ebaluatzeko prozesuak hobetuko dituzten legezko estandarren bateratzean aurrera egitea, estatuko eta nazioarteko araudiak  ezagutzea, eraginkortasun handiena izan duten tratamendu aukera ezberdinak ezagutzea, haustura ondorengo gurasotasun plan malguak egiten irakastea eta nazioarteko errealitateak, esperientziak eta jardunbide egokiak aztertzea.

2019ko maiatzaren 7ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

UPV-EHU-ko Berdintasuneko eta Deustuko emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko masterrek Emakunde saria jaso dute

UPV-EHU-ko Berdintasuneko eta Deustuko emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko masterrek Emakunde saria jaso dute

UPV/EHUko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna: Berdintasunaren Eragileak Masterraren arduradunek, Arantxa Elizondok eta Arantxa Camposek, eta Deustuko Unibertsitateko Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku hartzeko Masterraren zuzendariak, Raquel Royok, Berdintasunerako Emakunde saria jaso dute Iñigo Urkullu Lehendakariaren eskuetatik.

Emakunde sariko epaimahaiak nabarmendu du gaur egun berdintasun-politiketan lan egiten dutenek, master horien bidez, beren lana goi-mailako prestakuntzarekin bete dezaketela eta beren jardueran beharrezko genero-ikuspegia sar dezaketela.

Lehendakariak azpimarratu du prestakuntza berdintasun-politiketan aurrera egiteko ezinbestekoa dela. Zentzu honetan, Lehendakariak gogorarazi du gizarteko arazoak konpontzeko, gizartea ulertu eta aztertu behar dela, horretarako, Lehendakariaren ustez, tresnak behar dira eta eskuratzeko beharrezkoa da kalitatezko prestakuntza. “Argi dugu Unibertsitatearen eta prestakuntzaren indar eraldatzailea”, esan du. Lehendakariak adierazi du saritzen diren ikasketa hauei esker, profesionalek genero ikuspegia kontuan izanda hartzen dituztela erabakiak. Gainera, ikasleek jasotako jakintza gizarte berri bat eraikitzeko lan tresna paregabea dela nabarmendu du. Era berean, Lehendakariak esan du bi masterrak Euskadin, eta nazioartean ere, berdintasun-politiken arloan gizarte-erreferente bilakatu direla.

Bestalde, Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, prestakuntzaren efektu eraldatzailea azpimarratu du eta berdintasunaren inguruko prestakuntza espezializatuaren beharra. Honekin batera, Landaidaren ustez, beharrezkoa da hezkuntza eskaintza guztian ere, berdintasuna eta genero ikuspegia zeharka txertatzea.

Erreferente akademikoa

UPV-EHUko Berdintasunaren masterra 2001ean sortu zen eta, harrezkero, erreferente akademikoa da gaian, eta diziplinarteko prestakuntza teoriko eta praktiko zabala du, ikuspegi feministatik. Bereziki sakontzen du berdintasun-politiketan, eta, horretarako, erakunde-eremuan erabiltzen diren tresnak eta neurri zehatzak ematen ditu ezagutzera. Halaber, erakunde publiko edo pribatuetan berdintasun-agente diren edo izateko aukera edukiko duten ikasleek prestakuntza hobea izateko zeharkako beste gaikuntza batzuk eskaintzen ditu. Gainera, master horren esparruan emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko lanean inplikatuta dauden pertsonen sarea sortu da.

Deustuko Unibertsitateko Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku hartzeko Masterra, 2003tik, erreferente aitzindaria eta paregabea da emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko arloko prestakuntza berezia eskaintzen, gaian dagoen gizarte-eskari handiari erantzuteko.  Hori horrela, honetan ere diziplinarteko ikuspegitik, ikasleei gaikuntza ematen die ikuspegi holistikotik esku-hartzeak diseinatzeko, planifikatzeko, kudeatzeko, gauzatzeko eta ebaluatzeko beharrezko gaitasunak berengana ditzaten. Gaian ikerlan aplikatu eta hausnarketa-lan ugari sortu ditu, masterreko amaierako tesinen bidez.

Epaimahaiak, hori guztia kontuan hartuta, honako hau nabarmendu du: batetik, berdintasuneko eta emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko prestakuntza espezializatuaren eta kalitateko prestakuntzaren aldeko apustua. Era berean, master horiek duten eragin biderkatzailea nabarmendu du, izan ere, horrek laguntzen du gaur egun berdintasun-politiketan –bai sektore publikoan, bai pribatuan– lan egiten duten pertsona askoren lanbide-eginkizuna goi-mailako prestakuntzarekin eta prestigioarekin egin ahal izateko eta jardueran behar den genero-ikuspegia txertatzeko. Gainera, bestetik, irakasleen artean eta ikasleen artean ezagutza feministaren eta akademikoaren eremuan aliantzak sortu direla nabarmendu du. Azkenik, bi master horiek Euskaditik kanpora eta Euskadin bertan berdintasun-politiken arloan gizarte-erreferente bilakatu dira.

Sari honen bidez, epaimahaiak, gainera, aintzatespena egin nahi die, halaber, modu batera edo bestera bi master horietan parte hartu duten edo parte hartzen duten pertsona guztiei, bereziki ikasleei, beren eragin-eremuetan goi-mailako prestakuntza, profesionalizazioa eta kontzientzia duten aldaketa-eragileak izateko prestakuntza hori berenganatzea erabaki dutelako.

2019ko apirilaren 30ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook