Justizia herritarrengana hurbiltzen

Eusko Jaurlaritza

"Zer egin emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean?" Gidaliburu berria, hizkera argira eta irakurketa errazera egokituta

Eusko Jaurlaritzak berriz argitaratu du “Zer egin emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean?” gidaliburua, hizkera argira eta irakurketa errazera egokituta, eta Jaurlaritzak euskal herritarrengana argiago eta errazago hurbiltzeko proiektu orokorraren baitan egin da. Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendari Javier Bikandik, Lide Amilibia Sailburuordea bi gidaliburu aurkeztu dituzte: bat hizkera argian idatzia, eta bestea, oraindik sinpleagoa, irakurketa errazekoa. Biek, baina bereziki lehenengoak, logotipoak eta piktogramak dituzte oraindik ere irisgarriagoak eta ulergarriagoak izan daitezen.

Gidaliburu bakoitza sei hizkuntzatan argitaratu da: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, arabieraz, portugaleraz eta errumanieraz. Gainera, Braille sisteman ere argitaratuko da ikusmen-dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat, eta aztertzen ari dira pertsona gorrentzat zeinu-hizkuntzan eta testuak irakurtzeko eta/edo ulertzeko arazoak dituztenentzat audio-formatuan grabatzeko aukera ere. 

Zer egin emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean?

Artolazabalek azaldu du gidaliburu hau aurrerapauso handia dela 2015´ean argitaratutakoarekin alderatuta, ahalik eta informaziorik zehatzena ematen duen aldetik, “indarkeria jasaten duten emakumeentzat irisgarriagoak izateko” ahaleginean. Helburu nagusia da gidaliburu hau erreminta “guztiz baliagarria izatea herritarrentzat”. “Indarkeria jasaten duten emakumeak askotan babesgabe sentitzen dira, nora jo jakin gabe. Euskal administrazioek emakume horiei arreta erraz eta antolatuta emateko jada abian dituzten baliabideak laburbiltzen dira gidaliburu honetan”.

Eusko Jaurlaritza hil honetan bertan hasiko da gidaliburu horien 100.000 ale banatzen emakume horiek eskuratu ditzaketen lekuetan. Leku horietako batzuk dira, esate baterako: Ertzain-etxeak; hiru euskal hiriburuetako eta Barakaldoko justizia-auzitegietako Biktimak Artatzeko Zerbitzuen egoitzak; Lanbideren bulegoak; oinarrizko gizarte-zerbitzuen egoitzak; mediku-zentroak, hala nola, ospitaleak eta anbulatorioak; Emakunderen bulegoak; emakumeen elkarteen eta, bereziki, genero-indarkeriaren aurkako elkarteen, ordezkaritzak; prostituzioan aritzen diren emakumeen eta emakume atzerritarren elkarteak, eta immigrazioaren aldeko elkarteak; ONCEren egoitzak (Braille formatuan), eta abar.

Adierazitako 100.000 ale horiek honela banatuko dira: 75.000 hizkera argian eta 25.000 irakurketa errazean. Lehenengoen 50.000 ale euskaraz eta gaztelaniaz inprimatuko dira; 20.000 frantsesez eta arabieraz; eta beste 5.000 errumanieraz eta portugaleraz. Irakurketa errazeko liburuxkei dagokienez, 15.000 ale euskaraz eta gaztelaniaz inprimatuko dira; 8.000 frantsesez eta arabieraz; eta 2.000 portugaleraz eta errumanieraz. Bi egokitzapenak, Hizkuntza Argia eta Irakurketa Erraza, kolore ezberdinetan inprimatu dira, bat, laranjaz eta arrosez, eta, bestea, urdinez eta berdez, hurrenez hurren, errazago identifikatu ahal izan daitezen.

Gidaliburuaren bertsio guztiak www.euskadi.eus webgunera ere igoko da formatu digitalean.

Bestalde, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila lanean ari dira hizkera argiari eta irakurketa errazari buruzko jarraibide horiek emakume biktimei zuzendutako online edukian asimilatzeko, jada aipatutako www.euskadi.eus webgunearen bidez, eta berdin egingo da bikote-lagunaren edo bikote-lagun ohiaren aldetik indarkeria jasaten duten emakumeentzako “ordainketa bakarreko” dirulaguntza eskatzen duten emakumeek jasotzen dituzten ebazpenekin eta errekerimenduekin.

Indarkeria matxista

Gidaliburuan ez dira bikote-lagunaren edo bikote-lagun ohiaren aldetik tratu txarrak jasaten edo jasan dituzten emakumeei euskal administrazioek ematen dizkieten zerbitzuak eta baliabideak bakarrik laburbiltzen; izan ere, indarkeria jasaten duten emakume guztiei zuzenduta dago, eta hor sartzen dira bikote-laguna ez den familiako edozein gizonezkok (aitak, anaiak, semeak…) erabilitako indarkeria; sexu erasoa, jazarpena eta abusua; giza salerosketa; derrigortutako prostituzioa; lan-esparruko jazarpena, eta abar. Gainera, gidaliburu hau emakume guztiei zuzenduta dago, euren administrazio-egoera erregularra edo irregularra den, erroldatuta dauden ala ez, erasotzailearekin harremana izaten jarraitzen duten ala ez… kontuan hartu gabe.

Bestalde, Artolazabal sailburuak azpimarratu du erreminta hau emakume horiek artatzen dituzten profesionalek ere erabil dezaketela, hala nola, “segurtasun-kidegoetako agenteek, osasunaren eta abokatutzaren arloko profesionalek edo oinarrizko gizarte-zerbitzuetako langileek, besteak beste”, bai eta biktimen familiartekoek eta hurbilekoek ere, “erabilgarri dauden baliabideei buruzko informazio zehatzean eta errealean oinarrituta lagundu ahal izateko”. Alde horretatik, gidaliburuan “jarraibide sinple batzuk ematen dira emakume bat indarkeria matxista jasaten noiz ari den identifikatzen jakin dezagun”.

Dokumentuan bata bestearen atzetik antolatuta daude Eusko Jaurlaritzak emakume horien esku jartzen dituen baliabideak eta zerbitzuak, egoeraren arabera batzuk edo besteak erabil ditzaten: polizia-baliabideak, osasun-baliabideak, aurrez aurreko arretarako baliabideak, telefono edo elkarte bidezko arreta…, helburua baita baliabide horiek erabiltzea tratu txarren egoera horretatik irteteko.

2019ko ekainaren 26ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Genero-indarkeria. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Konbikzio-piezen enkantea Donostiako Atotxako Justizia Jauregian uztailaren 19an

Konbikzio-piezen enkantea Donostiako Atotxako Justizia Jauregian uztailaren 19an

Datorren uztailaren 19an, Donostiako Atotxako Justizia Jauregiko 11.zkiko Salan, gordailuko efektu piezen enkante publikoa egingo da:

Jertse sorta baten enkantea (2019ko uztailak 19, 10:00etan): 145,95 eurotako lau jertsez osatutako sorta enkantean. Enkantea datorren uztailaren 19an, Donostiako Atotxako Justizia Jauregiko 11.zkiko Salan egingo da, 10:00etan.

  • Liburutegiko "Atzemandako ondasunak" atalean enkantean jarriko diren ondasunak, enkantean parte hartzeko baldintzak eta enkanteen ordutegiak ikus ditzakezu.
2019ko ekainaren 11ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook