Justizia herritarrengana hurbiltzen

Eusko Jaurlaritzak, urtero, Euskadin prozedura judizialetan biktima edo lekuko diren 5.000 adingabe ingururi eskaintzen die arreta

Eusko Jaurlaritzak, urtero, Euskadin prozedura judizialetan biktima edo lekuko diren 5.000 adingabe ingururi eskaintzen die arreta

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eta Herri Administrazio eta Justizia sailburuak, gaur goizean, “Biktima eta prozedura judizialetan lekuko diren haurrak” ikastaroan hartu du parte. UPV/EHUren Udako Ikastaroen esparruan Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako lan-jardunaldi hauen helburua hau da: prozedura judizial zibilen, penalen edo gazte-justiziarekin lotutakoen biktima edo lekuko diren adingabeei arreta emateko, zaintzeko eta babesteko formulak aztertzea eta hauetan sakontzea.

Hiru egunez, besteak beste, epailetzako, fiskaltzako, abokatutzako eta psikologiako profesionalek adingabeak babesteko obligazioari buruz eztabaidatuko dute, adingabe hauek dibortzio liskartsu, indarkeria matxista, familia barruko indarkeria, eskola barruko jazarpena eta familia-gatazkak bezalako egoera judizial zail eta mingarriak bizi behar dituztenean.

Eusko Jaurlaritzaren Lantalde Psikosozial Judiziala

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eta Herri Administrazio eta Justizia sailburuak azaldu duen bezala, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko justizia-administrazioaren esku jartzen du “Lantalde Psikosozial Judiziala”, psikologia, gizarte-lan, hezkuntza eta beste hainbat arlotako 30 profesional baino gehiagoz osatutako adituen taldea.

Urtero, Eusko Jaurlaritzak 650.000 euro inguru inbertitzen ditu zerbitzu honetan. Beste hainbat zereginen artean, zerbitzu honek, prozesu judizial batean nahastuta dauden lehen unetik, adingabeei arreta eta babesa eskaintzen die. Horrela, adingabeei arreta eskaintzen die eta, besteak beste, honako zeregin hauek ditu: epaimahaien aurrean adingabeen adierazpena prestatzea eta laguntzea, adingabea biktima bikoitza izan dadin ekiditea, adingabearen egoerari buruzko ebaluazio psikologikoak egitea, adingabea babesteko modu egokienei buruz epaileak eta fiskalak aholkatzea, akordiorik gabeko dibortzio-kasu zail, tratu txar, indarkeria, adingabeen babes eta abarretan adingabeei babesa eta laguntza ematea.

2015ean, Eusko Jaurlaritzaren “Lantalde Psikosozial Judizialak” 9.549 pertsonari eman zien arreta; horietatik 5.000 inguru adingabeak zirela kalkulatu da. Gainerako gehienak adingabearen senitartekoak eta haren inguruko pertsona garrantzitsuak dira: tutoreak, irakasleak, adiskideak, eta abar.

2015EAN ARRETA JASO ZUTEN PERTSONAK
  ARABA BIZKAIA GIPUZKOA GUZTIRA
Adingabeen Jurisdikzioan arreta jaso zuten pertsonak 1.555 1.640 1.183 4.378
Familiako Jurisdikzioan arrena jaso zuten pertsonak 1.210 2.324 1.445 4.979
Jurisdikzio penalean arreta jaso zuten pertsonak 29 121 29 179
Beste batzuetan arreta jaso zuten pertsonak 0 10 3 13
GUZTIRA 2.794 4.095 2.660 9.549

 

Era berean, 2015ean, zerbitzu honek euskal epaitegietatik adingabeei eta hauen familiei ebaluazio psikosozialak egiteko 3.092 eskaera jaso zituen:

  • Unitateen 1.252 ebaluazio psikosozial familiako prozeduretan.
  • Arauak urratu dituzten adingabeei buruzko txosten teknikoen eta lehengoratze prozeduren 1.635 eskaera.
  • Zigor-prozeduretan nahastutako adingabeen testigantzen eta araketen inguruko 179 laguntza psikologiko.
  • Lekukotasunaren sinesgarritasunarekin edo adingabeei egindako kalte psikologikoaren ebaluazioari buruzko 26 txosten.

TXOSTEN ESKAERAK
  ARABA BIZKAIA GIPUZKOA GUZTIZA
Familia 371 581 300 1.252
Adingabeak 289 781 565 1.635
Penala 24 121 34 179
Bestelakoak 8 7 11 26
GUZTIRA 692 1.490 910 3.092

 

Udako ikastaroak

Eusko Jaurlaritzak bigarren urtez jarraian antolatzen du udako ikastaro hau. Ikastaro honen bitartez, adingabeekin lan egiten duten eragile judizialen eta esku-hartze psikosozialeko profesionalen espezializazioa bultzatu nahi da, behar dituzten tresnak eta ezagutzak eduki ditzaten eta, horrela, adingabeak gehiago eta hobeto babes ditzaten.

Hona hemen aurten aztertuko diren gai zehatzak:

  • Prozedura judizialetan adingabeek parte hartzeko eta bertan egoteko moduak aztertuko dira, adingabearen ikuspuntutik.
  • Ebaluazio psikologikoan eta forentsean, eta sistema judizialetik igarotzen diren adingabeen tratamenduan eta esku-hartzean sakonduko da.
  • Adingabeei laguntzeko jardunbide egokietan sakonduko da, lurralde bakoitzaren errealitatea kontuan hartuz.
  • Kasu praktikoen bitartez, familia barruko indarkerian edo familiako gatazketan haurren bizipenei buruzko egoerak landuko dira.

Irekian argitaratutako prentsa-oharra irakurri ezazu: “Eusko Jaurlaritzak, urtero, Euskadin prozedura judizialetan biktima edo lekuko diren 5.000 adingabe ingururi eskaintzen die arreta”.
 

2016ko abuztuaren 29ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Artikulua iruzkindu

*
*
Ez da argitaratuko
*
*