Justizia herritarrengana hurbiltzen

Gasteizko epaitegi bat saritu dute egiten duen lan handiagatik

Gasteizko epaitegi bat saritu dute egiten duen lan handiagatik

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Gasteizko Lehen Auzialdiko 5. Epaitegiari eta Madrilgo Lan-arloko 31. Epaitegiari eman die Justizia Kalitatearen Saria, justizia eraginkorrenaren modalitatean, denbora labur-laburrean erantzuten dutela eta lan izugarria egiten dutela erakutsi dutelako.

Horrela, epaimahaiak agerian jarri du organo judizial horiek zuzentzen dituzten José Luis Núñez Corral (Gasteiz) eta María del Carmen López Hormeño (Madril) magistratuen lana, ardura, ahalegina eta profesionaltasuna, baita egunero haiekin batera jarduten dutenena ere, hau da, Gasteizko Margarita Gómez de Segura eta Luis Fernando Sánchez funtzionarioena eta Madrilgo Epaitegiko Justizia Administrazioko legelari Amaia del Castillorena.

Justizia Administrazioarekin loturiko beste organismo batzuei dagokien kategorian, justizia eraginkorrenaren saria Espainiako Prokuradoreen Kontseilu Nagusiak eraman du, www.subastasprocuradores.com salmenta eta enkanterako webgunearen bitartez ondasunak diru bihurtzeko daukan sistema espezializatuagatik.

Epaimahaikideek, era berean, justizia eskuragarrienaren saria eman diote Extremadurako Auzitegi Nagusiari, agiri judizialak antolatzeko eta gaurkotzeko egiten duen lanagatik, horri esker agiriak errazago eskuratzen baitituzte hala organo judizialek nola justiziaren munduarekin zerikusia duten profesionalek.

Justizia eskuragarrienaren modalitatean, gainera, epaimahaiak Valladolideko Udalaren, Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren eta Lehen Auzialdiko 12. Epaitegiaren arteko egitasmo bat saritu du (Ignacio Martín Verona magistratua da epaitegiko titularra). Egitasmo horrek, hain zuzen, erakundeen arteko elkarlanaren bitartez, bide ematen du zor handiak dituzten herritarrak eta familiak detektatzeko, haiei behar bezalako aholkularitza emateko eta legeak ematen dien bigarren aukera horretara bideratzeko.

Azkenik, Valladolideko Probintzia Auzitegiak, Feliciano Trebolle buru duela, justizia gardenenaren saria jaso du, urteak daramatzalako justizia herritarrei gerturatzen eta hedabideei informazio egokia ematen, haiek albiste judizialak gizarteari helarazteko bide egokia izan daitezen.

Justizia Kalitatearen Sariak 2009. urtean sortu ziren, eta 2010ean eman ziren aurrenekoz. Aurten, epaimahaikide izan dira BJKNko kide Gerardo Martínez Tristán (epaimahaiburu izan da), Mar Cabrejas eta Juan Martínez Moya, alde batetik, eta honako lanbide juridiko hauetako bakoitzetik ordezkari bat: abokatua, prokuradorea, fiskala, Justizia Administrazioko legelaria eta lan-harremanetarako graduduna.

2017ko urtarrilaren 5ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Botere Judiziala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Artikulua iruzkindu

*
*
Ez da argitaratuko
*
*