Justizia herritarrengana hurbiltzen

Gemma Varona, Zuzenbidean doktorea, eta IVAC/KREIko ikerlaria: "Gakoa aukera eraginkorra da, genero ezberdintasuna eta erasotzeko mekanismoak lantzen dira bertan"

Gemma Varona, Zuzenbidean doktorea, eta IVAC/KREIko ikerlaria:

Azaroaren 12ko astean, Eusko Jaurlaritzako ordezkari, justizia arloko aditu eta Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaileek Gakoaren - genero indarkeriagatik zigortutako gizonen EAEko berreziketa  programa- balorazioa aurkeztu zuten. Gemma Varonak, ikerketaren koordinatzaile eta txostengileak, beste bi kiderekin egin du lan ikerketan: EHUko Zuzenbide Fakultateko soziologia irakasle Auxkin Galarraga eta Justizia Konponarazle Zerbitzuko bideratzaile eta zigor-zuzenbidearen EHUko irakasle Idoia Igartua. Euskal Herriko Unibertsitateko profesional independente taldeari Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak agindutako ikerketaren helburua, 12 urtetan zehar EAEn ezarritako Gakoa programaren eraginkortasuna aztertzea izan da.

Nori zuzenduta dago Gakoa programa?

Espetxe-zigorraren betearazteko ordezko era da, baldin eta espetxe-zigorra bi urtetik beherakoa bada; programan parte hartzeko zenbait baldintza bete behar dira, besteak beste, zigortuak programa bete behar du eta ezarritako urruntze agindua eta ez-komunikatzeko aginduak bete behar ditu. Zigortuak baldintzak betetzen ez baditu, espetxera bidaliko da.

Zein da programaren oinarria?

Eraginkortasuna neurtzeko eskatu zigutenean, lehenengo programaren helburu teorikoak zeintzuk ziren aztertu genuen. Abiapuntua oso interesgarria da, Gakoaren helburu nagusia biktimen osotasun fisiko eta psikikoa bermatzea baita. Helburu oso garrantzitsua da, gizonekin lan eginaz lortzen delako. Nola? Psikoterapia programa bat egin behar dute. Helburu nagusiak egindako kalteaz jabetzea, nork bere gain egindakoaren ardura hartzea eta genero berdintasunari buruzko kontzientzia lantzea dira. Munduan zehar programa ezberdinak daude, baina Gakoak genero berdintasun ikuspegia lantzen du. Zigortutako gizonekin generoen arteko ezberdintasuna eta gizartean nagusi den matxismoa lantzea abiapuntutzat dauka. Gizon horiek egindakoari garrantzia kentzeko joera dute, egindakoa ukatu egiten dute, biktimak direla esaten dute eta egindakoaren errua biktimari egozten diote. Pentsaerak eta jarduteko erak aldatu behar dira, eta hainbatek lan zaila dela pentsatzea uler dezaket. Aldaketa horiek lortzea da Gakoaren helburua, eta horretarako bakarka eta taldean egiten dute lan.  

Pertsona taldea talde terapia egiten

 

 

 

Zeintzuk dira talde-terapiaren nondik norakoak?

Ikertzaile bezala, behatzaile lana egiteko aukera izan nuen, eta oso interesgarria deritzot, batetik, banaka egiten duten lanari; lan hori ezinbestekoa da norbanakoak aldatzeko eta egindakoaren ardura euren gain hartzeko. Bestetik, taldean egiten duten lana ere, oso garrantzitsua da. Talde horietan zigortutako gizon ezberdinek hartzen dute parte, horrela, bakarrak ez direla ikusten dute eta prozesuaren une ezberdinetan dauden pertsonekin egiten dute topo. Talde-lana behatzean, adin ezberdineko gizonak ikusi nituen, nazionalitate ezberdinetakoak eta prozesuaren une ezberdinetan zeudenak. Harritu egin ninduen euren jokabideak: batek ukitu matxista bat zuenean, euren artean hitz egiten zuten eta jarrera eta jokabide ezegokia zela esaten zioten batak besteari.  
Egiaztatu nuenaren arabera, talde bakoitzean egoera ezberdinak daude: gizon batzuk gehiago jabetzen dira ezberdintasunaz eta egindakoaren ardura onartzen dute; beste batzuk, aldiz, hortxe daude, ez dute egindakoa ukatzen –dagoeneko beraiekin lan egin dutelako-, baina oraindik egindakoari garrantzia kentzen diote, eta errua alkoholari edo dena delako droga kontsumoari botatzen diote.

Egindakoari garrantzia kentzen diote?

Jakina, guztiok egiten dugu. Gizarteak jakin behar du, guztiok dugula egindakoari garrantzia kentzeko eta gure burua zuritzeko joera; “presio handia nuen”, “estres handia nuen”,”besteak halakoak egin zizkidan” edo “ez da horrenbesterako izan” esaten dugu. Teknika ezberdinak daude, eta sarritan inkontzienteki egiten dugu; asko ikertutako gaia da.

Indarkeria erabili duten gizonei buruz oso argi daukat justifika ezina dela.  Baina norbere burua zuritzeko prozesu horiek ulertu behar dira, eraitsi eta eurekin lan egin ahal izateko. Horregatik bitariko lana –bakarkakoa eta talde-lana- ezinbestekoa iruditzen zait; eta batez ere, talde-lana. Talde-lanean argi ikus daiteke: egoera berdinaren aurrean beste gizon batzuk barneratu dute jada indarkeria erabiltzea ez dela zuzena, eta jarduteko beste modu batzuk badaudela ikasi dute.

Gogoan dut haietako batek zioena: “Gizonen aurkako emakumeen indarkeria ere badago”. Jakina, egon daiteke; baina datuek argi erakusten dute, mundu mailan eta denboran zehar, ikaragarri handiagoa dela euren bikotekideek edo bikotekide ohiek eraso eta hiltzen dituzten emakumeak. Nazio Batuen eta Europako Batzordearen ikerketetako datuak dira. Herrialde guztietan gertatzen da, Europan, Espainian eta baita Euskadin ere: emakumeek euren bikotekide edo bikotekide ohien eskuetan hiltzeko arrisku handiagoa dute. Orokorrean, gizonak indarkeriazko delituen biktima izan ohi dira, baina ez euren bikotekideak erabilitako indarkeriarenak; azken kasu horretan, erasotzaileak gizonak dira. Gakoan, norbere buru-zuritze horri egin nahi zaio aurre, “biktima ni naiz” horri. Helburua, gertaera ez errepikatzea da. 
 

Gizona pentsakor buruari eusten dion bitartean

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zer nolako datuak eman ditu ikerketak?

2006tik 2016ra aztertu ditugun laginen emaitzetan ikus daitekeenaren arabera, programan parte hartu duten gizonen berrerortze kasuak oso gutxi dira: programa amaitu zutenen artean, genero indarkeriagatik berriz zigortutakoen batez bestekoa %4,6 da. Programa utzi zutenen artean, berriz, %9,4 da.

Kontutan izan behar dugu, arrakastatsutzat jotzeko, programa hauek betetzen dituzten pertsonen berrerortze-tasa %8tik beherakoa izan behar dela. Tratamendua jarraitu ez duten gizonezkoen berrerortze-tasa %20tik gorakoa da.

2011tik 2016ra arteko laginean, estres estatistiko frogen arabera, harreman zuzena dago programa bete eta  genero indarkeriaren arloko zigor berririk ez edukitzearen artean. Izan ere, programa amaitu duten gizonen genero-indarkeria arloko berrerortze tasa %1,3 da. Aitzitik, programatik kalera bota dituztenen artean %7,7ko berrerortze tasa dago. Eta programa euren kabuz utzi zutenen artean %17,89ko berrerortze tasa dago.

Gakoaz gain beste aldagai batzuk ere badaudela, eta horiek ere eragina dutela ikusi dugu: Gakoaren aurretik edo terapiak iraun duen bitartean egindako drogamenpekotasuna kentzeko programa batera joan bada, bikotea aldatu badu, edo norbanakoa bere kabuz  psikologora joan bada, adibidez.. Hala ere, froga estatistiko sendoak daude, eta indarkeriazko delitu berriak prebenitzeko Gakoa oinarrizko urratsa dela esan dezakegu. 

Jorge Freudenthal, Gakoko psikologoa, programaren aurkezpenean

 

 

 

 

Ikerketarekin hasi ginenean, gizon horiek genero indarkerian berrerortzen ziren ala ez aztertzeaz gain, Gakoa programa indarkeriazko beste edozein delitu prebenitzeko egokia izan zitekeela aztertu nahi genuen, hori baitzen gure hipotesia, balio zuela. Zergatik? Parte-hartzaileek portaerazko jarraibideak ikasten dituztelako: Hiraren kontrola, emozioen adierazpena, gatazkak indarkeria erabili gabe konpontzeko baliabideak, e.a. Ikerketan argi ikusi genuen emaitzak bide horretatik zihoazela.  Egia da azterketa sakonagoa egin beharko litzatekeela, baina datuen arabera, alta eman ostean indarkeriazko delituetan berrerori zirenen kopurua %3,1ekoa da, eta programa utzi zutenena, aldiz, %25,5ekoa.  

Zenbaitetan estatistikek agertzen dituzten datuak interpretatzea zaila da, nahikoa al da horietaz baliatzea, programa bat eraginkorra dela egiaztatzeko? 

Datu horiek osatzeko ikerketa kualitatibo bat egin dugu. Alegia, nola jakin dezakegu Gakoa dela aldaketaren giltza? Egiten duten lana bertatik bertara ikusita. Ikerketa kualitatiboa egiteko, zigortutako gizonak, Gakoako langileak eta bestelako profesionalak elkarrizketatu ditugu.
Gakoako taldeak behatzeaz gain, 43 elkarrizketa eta galdetegi egin ditugu, horietako batzuk sakonki; 4 eztabaida-talde antolatu ditugu, eta Gakoako 22 txostenetan bildutako edukia ikertu dugu. Horrez gain, interesgarria iruditu zitzaidan Gakoa programa ezaguna den ala ez ikertzea... eta aztertutakoaren arabera, oso gutxik ezagutzen du. Kriminologia graduko Biktimologia ikasleek (UPV/EHU), Euskal Herriko gazteen artean egin zuten ikerketa: 538 galdetegi egin zituzten. Horietan jasotako datuen arabera, gazteen gehiengoak ez du programa ezagutzen, baina interesgarria eta egokia dela uste du.

Zenbakiak batetik eta ikerketa kualitatiboa bestetik, zein da balorazioa?


Kuantitatiboki, Gakoa programa jarraitzen duten gizonen berrerortze tasa txikiagoa da; kualitatiboki, hainbat gauza egiaztatu ditugu: batetik, justizia arloko langileen gehiengoa pozik dago. Bestetik, Gakoa programari buruz galdetu zaien gazteen gehiengoa pozik dago eta programari buruzko informazio gehiago nahi du. Eta gero, biktimak elkarrizketatu genituen, eta haiek ere programa gustuko zutela esan ziguten. Inork ez die programaren berri eman; hala ere, gehienek dagoeneko zigortutako gizonarekin harremanik eduki ez arren, programan dagoela jakiteak segurtasuna ematen diela adierazi zuten. Hira eta indarkeria lantzen ari direla jakiteak lasaitasuna ematen die; kasu askotan seme-alabak dituzte komunean, eta biktimaren ustez, “pertsona horrek nirekin indarkeria badarabil, adingabeekin ere erabil dezake”. Zigortutako gizonen senideak ere elkarrizketatu ditugu: aita, ama, anai-arreben hitzetan, programaren bitartez bulkadei eutsi eta harremanak kudeatzen ikasi dute, besteak beste.

Bestalde, ezinbestekoa da programari beharrezkoak diren bitartekoak ematea, zerrendetan atzerapenak egon ez daitezen eta gizonekin berehala lanean hasteko. Gainera, ebaluazioan zenbait hobekuntza planteatu ditugu, horien artean daude biktimei zuzendutako zerbitzu eta elkarteekin zuzenean lan egitea proposatu dugu.

Horrenbestez, biktima eta senideentzat onuragarria den programa da?

Nire ustez, aukerarik eskaintzen ez duen sistema zigortzaile hutsa, ez da ona ez biktimentzat, ez eta gizartearentzat ere. Arazo bati benetan heldu nahi bazaio, gertaerak zehaztasunez aztertu behar dira, zerk funtzionatzen duen ikusi behar da, eta nola ez, auzi bakoitzaren larritasunaren arabera ezarri beharko dira neurriak. Gakoak ez du auzi larrienekin lan egiten.  Froga enpirikoen arabera, sistema zigortzaile hutsak biktimizazioa areagotzen du. Adibidez, Estatu Batuetan berriki egindako ikerketen arabera, zenbait Estatutan sexu-erasotzaileek –batzuetan bikoteari egin diote eraso, bestetan biktima ezezaguna da- kotxeetako matrikuletan “erasotzaile sexuala naiz” idatzita daramate; beste zenbait kasutan etxeko atarian kartela jartzera behartu dituzte. Beste leku batzuetan, internet bidez zure inguruan erasotzaile sexualen bat bizi ote den kontsultatu dezakezu. Berriki egin diren ikerketa horiek adierazitakoaren arabera, jarduteko modu horien ondorioz  erasotzaileen indarkeria mailak gora egiten du: erabat estigmatizatuta daude, gizartetik kanporatu dituztela sentitzen dute eta senideek ere ez dute ezer jakin nahi; hori dela eta, “espetxera itzuli nahi dut, gutxienez barruan duintasunez bizi naiz” esaten dute. Baina gizartearen segurtasuna bermatzeko elkarrekin egin behar dugu lan, delituen prebentzioa ezinbestekoa da, biktimak  leheneratzea eta biktimarioak birgizarteratzea lortu behar dugu. Sineskorrak ez bagara, aldatzeko gaitasunean sinesten ez badugu, sistemak  gizatasuna galtzen du, ez bakarrik eragindako guztientzat, baita justizia administrazioan lanean diharduten profesionalentzat ere. Azken hauek lan handia egiten dute, eta gizartean ez da aintzakotzat hartzen; akatsen bat edo eraso berri bat egon denean bakarrik aipatzen ditugu.

Beste delitu batzuetan birgizarteratzea posible dela uste badugu, ez da zilegi gizon hauei ukatzea.  Baina kontutan izan behar dugu: jarduteko erak eta pentsaerak aldatzeak luze jotzen du. Ez da aulkiak ekoiztea. Egia da, batzuk ez dira inoiz birgizarteratuko; baina, aukera hori ukatuz gero, zer gertatuko litzateke bai gizarteratuko liratekeenekin, eta euren balizko biktimekin?

 

Zaballako espetxearen kanpoaldea eta ziegak

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zer gertatzen da belaunaldi berriekin?

Azken finean, genero indarkeriaren arazoa zigor zuzenbidearen bidez konpontzen ari gara; hala ere osoko legean zeharkakotasun arloan aurrerapenak egin direla onartu behar dut. Unibertsitateko ikasleekin eztabaidatzen dugunean, oraindik ere gai askoren inguruan estereotipo asko daudela ikusten da: zer da pertsona batek zu maitatzea, sare sozialetan ezartzen diren kontrolen mugak, zer da pertsona baten autonomia. Oraindik estereotipoak daude, batez ere hedabide digitalen arloan. Horrez gain, gazteek ez dute frustrazioa jasateko hezkuntzarik jaso. Eta frustrazioa jasateko gai ez bazara, eta testuinguru matxista batean bazaude, azkenean alboan duzunarekin ordaintzen duzu, hau da, zure bikotearekin. Beste batzuetan gurasoen aurka joaten dira (askotan amaren aurka). Bestalde, gizon batzuk erabat nahasita daude, ez dakite egungo gizartean zer den gizona izatea. Hori ere asko lantzen dute Gakoan: zer da gizona izatea, zer da onespena…oso garrantzitsua da. Hala ere, Gakoa makina baten pieza bat dela azpimarratu nahi dut, urratsak emateko balio du, baina garrantzitsuena makinaria osoa da: laguntza eman eta ardura eta prebentzioa lantzeko aukera berri bat ematen duen sistema osoa da berebiziko garrantzia duena. Sistema guztiak bermatu behar du gizon horrek berriz erasotzea, gizartean horrelako jokabideek lekurik ez dutela onartzea, eta aldaketa hori denboran zehar mantentzeko baliabideak izatea. 

  • Ebaluazioari buruzko informazio gehiago behar baduzu, Gakoa, genero-indarkeriagatik zigortutako gizonezkoen hezkuntza eta terapia programaren kanpo-ebaluazio osoa (gaztelaniaz) irakur dezakezu (2018ko urria).
  • Justizia konponarazleari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, Euskal Biktimologia Sozietatearen web atarian aurkituko duzu
2018ko abenduaren 19ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Elkarrizketak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Artikulua iruzkindu

*
*
Ez da argitaratuko
*
*