Justizia herritarrengana hurbiltzen

Genero-indarkeria

900 840 111, hamar urte bete ditu emakumearen aurkako indarkeriaren arloko biktimen arretarako telefono zerbitzuak

Aste honetan, hamar urte bete ditu Eusko Jaurlaritzaren Etxeko edo Sexu-arrazoiengatiko Indarkeria jasan duten emakumeei  Informazioa eta Arreta emateko Zerbitzuak. Iaz 2.103 emakumek erabili zuten zerbitzu hau.

900 840 111, hamar urte bete ditu emakumearen aurkako indarkeriaren arloko biktimen arretarako telefono zerbitzuak

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren zerbitzu horrek arreta ematen die indarkeria, zentzu zabalean, jasan duten emakumeei: bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriaz gain, familiako beste gizonen baten indarkeria ere barne hartzen duelako (aita, neba, semea); alegia, abusua, sexu-erasoa eta -jazarpena, salerosketa, behartutako prostituzioa, lan-arloko jazarpena, etab.

Prestakuntza jarraitua jasotzen dute 900 840 111 telefono-zenbakian arreta ematen duten profesionalek: emakumeen kontrako indarkeriari eta berdintasunari buruz ez ezik, arreta osoa emateko beharrezkoak diren gai guztietan jasotzen dute prestakuntzan, zuzenbidean, atzerritartasunean edo psikologian kasu. Profesional horiek, nagusiki emakume psikologoak, hezitzaileak eta gizarte-langileak, telefono bidezko arreta ematen dute urteko 365 egunetan eta egunean 24 orduz.

Zerbitzuaren azkenburuko helburua da emakumeak tratu txarren egoeratik irtetea, eta bizitza autonomo bati ekiteko gaitzea, seme-alabekin, baldin badituzte. Horretarako, zerbitzu horretako profesionalek laguntza ematen dute indartze eta ahalduntze pertsonalaren prozesu horretan, ororen gainetik, pertsona bakoitzaren erritmoak eta baldintzak errespetatuta.

900 840 111 telefono-zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegora mugatuta dago eta deitzaileei hurbil dituzten baliabideen gaineko informazioa eskaintzen die, nora jo adierazteaz gain; gizarte-zerbitzuetara, osasun-zerbitzuetara, epaitegira, polizia-etxera, etab. Horretarako, helbide eta telefono-zenbaki zehatzak ematen ditu, edo biktima horietara zuzenean bideratzen ditu, arriskua agerikoa denean eta emakumeak nahi badu. Era berean, zerbitzu horrek koordinatzen ditu gainerako zerbitzuak, ezarritako bideratze- eta segimendu-protokoloei jarraikiz, eta emakumeei arreta integrala eskaini ahal die.

Zerbitzuaren ezaugarriak

  • 900840111 telefonoak berehalako arreta eskaintzen du egunean 24 orduz eta urteko egun guztietan. Horrenbestez, ez da hitzordurik behar, ez ilararik egin behar, ez itxaroten egon behar.
  • Ez du arrastorik uzten telefono-ordainagirian, eta hori ezinbestekoa dute erasotzailearekin eta honen kontrolaren mende bizi diren emakumeek. 
  • 51 hizkuntzatan ematen du arreta.
  • Hizketan eta/edo entzumenean dibertsitate funtzionala duten pertsonei arreta emateko gailu bat erabiltzen du.
  • Emakume guztiei eskaintzen die arreta, administrazio-egoera erregularrean egon edo ez, erroldatuta egon edo ez, erasotzailearekin harremana izan edo ez, etab.
  • Zerbitzu anonimo eta konfidentziala denez, ohiko aurrez aurreko baliabideetara (udalen edo aldundien gizarte-zerbitzuak, polizia, epaitegiak, medikuak, etab.) jotzera ausartzen ez diren emakume asko erakartzen ditu. Ausartze ezaren arrazoiak hauek izan ohi dira: gaiari buruz hitz egiteak lotsatzea, errudun sentitzen direlako; ez onartzea jasaten ari direna emakumeen aurkako indarkeria dela, edo hala dela zalantzan jartzea; zaharregiak edo gazteegiak izatea, adin-tarte horietako emakumeek gizarte-zerbitzuetara jotzea ez dutelako begi onez ikusten; landa-eremuan bizitzea, edo «denek elkar ezagutzen» duten eremu batean; administraziora jotzeak beldurtzea, erroldatuta ez daudelako edo erregularizatu gabeko egoeran daudelako; sexu-indarkeria jasatea, eta senideei esateak lotsatzea edo beldurtzea; erasotzailearen edo emakumearen beraren identitatea adierazi nahi ez izatea; etxetik irten ezin den emakumea izatea, mugikortasun-arazoren bat edo erasotzaileak isolatuta edukitzea dela medio; eta abar.

Noiz deitu behar den 900 840 111 zenbakira

Zerbitzu horrek emakumeei eta/edo edonori arreta emango dio nahinoiz, baina batez ere aproposa da egoera hauetarako:

  • Triste daudenerako, blokeatuta, edo lotsa, beldurra edo ziurgabetasuna sentitzen dutenerako, gertatzen ari zaiena dela eta.
  • Gizarte-esparruko, osasun-esparruko, esparru judizialeko, polizia-esparruko, etab., zerbitzuei eta baliabideei buruzko informazioa eta orientazioa behar dutenerako.
  • Norbaitek entzutea eta jasaten duten egoerari buruz hitz egin behar dutenerako.
  • Zalantzak dituztenerako edo erabakiak hartu behar dituztenerako.
  • Dituzten premiei egokitutako aurrez aurreko arreta-baliabidera bideratzea behar dutenerako.
  • Indarkeria-egoera atzean uzteko hasitako prozesuan, zalantzak dituztenean edo ahul sentitzen direnean, laguntza profesionala nahi dutenerako.

Bortxa telefonoa

Zerbitzuan azkenaldian egin diren hobekuntzen artean dago Ertzaintzak emakumeei eskaintzen dien telefono mugikorrarena, zehazki, Bortxa telefonoa; tekla jakin bat (4 zenbakiduna) sakatzea aski da, 900 840 111 telefonora automatikoki deitzeko. Horrela, lehen laguntza psikologikoa eman ahal da krisi-egoeretan, eta informazioa, baita babesa ere, jasaten duten indarkeria-egoeratik irteteko erabakiari irmo eutsi diezaioten.

2016ko maiatzaren 16ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeriari ez

Azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeriari ez

Lila koloreko puntua emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako ikur bilakatu da. Urtero bezala, azaroaren 25ean, bikotekide edo bikotekide ohiek hildako emakume kopurua  azpimarratuko da: aurten dagoeneko 48 emakume hil dituzte.

Ba al dakizu nola jokatu genero-indarkeria kasu batean aurrean?

Salaketa jartzeko, Ertzaintzara, Udaltzaingora, edo Goardiako Epaitegira jo dezakezu. Izapide hau biktima zein egoeraren lekuko den edonork egin dezake. 

Emakumea fisikoki erasotu badute, mediku-ziurtagiria  edukitzea oso garrantzitsua da.

Hori dela eta, sendatzea,  eta lesioak jasoko dituen mediku-ziurtagiria lortzea.

2015ko azaroaren 19ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Genero-indarkeria. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook