Justizia herritarrengana hurbiltzen

Genero-indarkeria

AMEIren langile batek adingabeei egindako abusuek eragindako lesio eta kalte sozialei buruzko ikerketa argitaratu du

AMEIren langile batek adingabeei egindako abusuek eragindako lesio eta kalte sozialei buruzko ikerketa argitaratu du

Marta Simon Gil Arabako Auzitegiko Osoko Ebaluazio Unitateko gizarte langilea da, eta adingabeei egindako abusuei buruzko ikerketa lana argitaratu berri du. Zortzi benetako auzi ikertu ditu, eta abusua egon den ala ez baloratzeko era, eragindako kalte soziala eta abusua jasan dutenek zein bere ingurukoek dituzten gizarte eta familia arloko gaitasunak aztertu ditu. 

Marta Simonek “Bases teóricas y metodológicas del trabajo social forense para la evaluación de lesiones y secuelas sociales del abuso sexual a menores” liburuan ateratako ondorioetako bat hurrengoa da: sexu-abusuek, adingabeei ondorio psikiko eta psikologikoak eragiteaz gain, lesio eta kalte sozialak ere eragiten dizkiete.

Hortaz, AMEIren gizarte langile Marta Simonek, auzitegietako gizarte lanaren baitan, biktimarekin lan egiteaz gain, biktimaren erreferentziazko komunitatearekin eta sare hori osatzen dutenekin; hau da, bere familiarekin, lagunekin, ikaskideekin, e.a. lan egitea garrantzitsua dela azpimarratu du. Beti ere, esku-hartzearen erdigunea biktima dela ahaztu gabe.

2015ko urtarrilaren 16ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Genero-indarkeria. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Genero Indarkeriaren aurkako 13 neurri

Genero Indarkeriaren aurkako 13 neurri

Etxeko eta Genero indarkeriaren Aurkako Behatokiak (egoitza Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian dauka), genero indarkeriaren biktimen babesa hobetzeko 13 neurri proposatu ditu.

Proposamena, aurten aurrekari judizialak zituzten norbanakoek egindako 14 hilketa kasu kontutan hartuta osatu da.

Txostenean jasotako ondorioak eta proposatutako neurriak hurrengoak dira:

  1. Ikertutako auzien artean, 8tan, salaketa jarri ostean  biktima erasotzailearekin bizitzera itzuli zen (zenbait kasutan, gainera, erasotzaileak zigorra bete ondoren). Proposamena: Nahitaezkoa da emakumeari  bere erasotzailearekin itzultzeak dituen arriskuen berri ematea, eta epaitegian frogak aurkezteko modua azaltzea. Horrekin lotuta, salaketa jarri aurretik laguntza juridikoa doan emateko proposamena oso positibotzat jo du.
  2. 8 kasutan babesteko kautelazko neurria eskatu zen eta zortzietan organo judizialak onartu egin zuen, baina kasuetako batean ere ez zen gailu elektronikorik jartzeko neurria ezarri. Proposamena: Arlo horretan epaileen trebakuntza sustatu behar da. Arrazoia: eskumuturreko elektronikoa zeraman ustezko erasotzaileetako batek ere ez du bere biktima hil.
  3. Ikertutako 14 auzien artean, gehienetan, biktimak ez zuen bere erasotzailearen aurka deklaratu. Proposamena: Ikerketa fasean biktimaren aitorpena grabatzea, ahozko judizioan froga bezala erabili ahal izateko.
  4. Kasu gehienetan biktimen arrisku maila “ertaina” edo “ hauteman ezin” gisa baloratu zen. Proposamena: Arrisku maila “txikia” edo “hauteman ezina” bada ere, biktimen arretarako zerbitzuek biktima elkarrizketatzea, eta babesteko neurri judizialik ezarri ez bada ere, demanda jartzailearen babeserako neurri polizialak ezartzea.
  5. Gai horren inguruan Behatokiak hurrengo proposamena egin du: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetan aurkeztu ez diren salaketak VIOGEN sistemaren baitan sartzea (Genero Indarkeria Kasuen Jarraipenerako Barne Ministerioaren Osoko Sistema); bitarteko horren bidez, biktimaren segurtasuna bermatzeko informazio guztia jasoko da.
  6. Ikertutako auzietako batean, hil baino hamar egun lehenago osasun zentroak egindako lesioen partea, hilketa gertatu eta 24 ordutara iritsi zen epaitegira. Proposamena: Parteak premiazko bidetik bidaltzea bai epaitegira bai eta Polizia, Guardia Zibil edo dagokion Polizia autonomikoari.
  7. Horrekin batera, Behatokiak Lekuko poliziak VIOGEN sisteman integratzea proposatu du, hainbat kasutan, eurak izaten baitira etengabeko zaintza zigorra betetzearen arduradunak.
  8. Gainera, VIOGEN interkonexio informatikoa Autonomia Erkidegoekin, Espetxeetako Erakundearen kudeaketa sistemarekin eta SIRAJ Justizia Administrazioaren  erregistro sistemarekin bat egitea proposatu du, biktimak uneoro eta denbora errealean jakin dezan zein den bere erasotzailearen egoera.
  9. Aztertutako bi kasutan, Zigor-arloko Epaitegian judizio azkarra egiteko data ezartzeko epea oso luzea zen. Proposamena: BJKNk Zigor-arloko epaitegien espezializazioa sustatzea.
  10. Zigor kodearen 80.artikuluaren arabera,  lehenengo delitua bada, bi urtetik beherako zigor askatasun-gabetzaileak eten egin daitezke; eta ez dira, gainera, aurretiaz egindako delitu arinengatik edo zuhurtziagabekeriazko delituengatik jasotako zigorrak kontutan hartuko. Proposamena: Bere bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurkako delituetan,  zigor askatasun-gabetzailea eten ez dadin, kontutan har daitezela aurretiaz delitu arinengatik jasotako zigorrak.
  11. Azken aste hauetan Zamoran eta Asturiasen hil dituzten hiru neskatilen auziak direla eta, Haurren Babeserako Lege Organikoaren Aurreproiektuaren arabera, adingabeak genero indarkeriaren biktima izatera pasako direla azpimarratu du Behatokiak. Proposamena: Hilketa edo giza-hilketa bezalako delitu larrien kasuan, erasotzaileari automatikoki guraso-ahala kentzea.
  12. Genero indarkeria kasuetan aitorpena eta kaltea konpontzea inguruabar aringarriak ezabatzea ere proposatu du Behatokiak, krimena aitortzen dutenek,  damua erakutsi baino gehiago, harrokeria eta berrespena erakusten dutela egiaztatu ostean.  
  13. Genero indarkeriari eragiten dioten Lege Proiektu eta Aurreproiektuak parlamentuan ahal den azkarren izapidetzea eskatu du Behatokiak, besteak beste, Delituko Biktimaren Estatutu Juridikoa, Haurren Babeserako Lege, Doako Laguntza Juridikoaren Legea eta Zigor Kodearen Proiektua. 
2015ko urtarrilaren 7ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Genero-indarkeria. 2 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook