Justizia herritarrengana hurbiltzen

Genero-indarkeria

Genero-indarkeriaren ondorioz, 4.565 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren arreta Euskal Autonomia Erkidegoan

Genero-indarkeriaren ondorioz, 4.565 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren arreta Euskal Autonomia Erkidegoan

Genero-indarkeriaren biktima diren 4.565 emakumek jasotzen dute gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan Ertzaintzaren babesa. Babes-neurrien artean nabarmentzen dira Bortxa telefonoa -732 biktimek dute- eta eskolta pertsonala -gaur egun 66 emakumeri esleitu zaie-.

Lurraldeen arabera, Bizkaian 2.304 emakumek, Araban 789 emakumek eta Gipuzkoan 1.472 emakumek zabalik dute genero-indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren ondoriozko polizia-babeserako espedientea. 2017ko azaroan guztira 4.485 emakumek zuten babes-neurriren bat: 2.081 Bizkaian, 1.045 Araban eta 1.359 Gipuzkoan. Kopuru oso horretatik, 54 emakumek zuten eskolta.
2000.urtetik, Ertzaintzak araututa ditu emakumeen kontrako tratu txarrei aurrea hartzeko eta aurre egiteko jardun-prozedurak. Gaur egungo protokoloak 2006. urtean jarri ziren abian, eta protokolo horien artean nabarmentzen da arriskuak ebaluatzeko sistema, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHUrekin) batera prestatu zena eta Europan aitzindaria dena. Nolanahi ere, arriskuak neurtzeko prozedura hori hainbatetan berraztertu eta hobetu da, azkena 2013an.

Beste kasu bat hautematen den bakoitzean, Ertzaintzak informatikoki erregistratzen du Etxeko Indarkeriako/Genero Indarkeriako espediente batean (EI/GI). Une horretatik aurrera, biktimaren arrisku-maila edozein izanik ere, eta kasua auzitegietan ebazten bada ere, autonomia-erkidegoko poliziak babes aktiboa emango dio biktimari.

EI/GI espediente bakoitzak kasuaren historial osoa barnean hartuko du kronologikoki; elkarrizketak, salaketak, epaitegiko aginduak edo bestelako informatika-aplikazioetatik datozen datuak, besteak beste.

Babes handiagoa lortzeko eta, kasurik larrienetan, epaitegietako tramiteak errazteko, tratu txarrak jasaten dituen emakumeari epaitegira agenteek lagunduta joatea eskaintzen zaio, epaitegiko lehen tramiteetarako bederen. Horrez gain, tratu txarrak erregistratzen direnean, eta adin txikiko seme-alabei arreta emateko, gizarte-zerbitzuekin lotzen duten komunikazio-kanalak ere badaude.

Autobabesaren arloko prestakuntza

Arriskua lau mailatan sailkatzen da: oinarrizkoa, handi samarra, handia eta berezia. Horien ebaluazioa etengabea denez gero, arrisku-maila alda daiteke biktimaren edo erasotzailearen inguruabarrak aldatzen badira. Biktima guztiekiko komuna den lehen segurtasun-neurria da autobabesaren arloko prestakuntza; saio pertsonal baten barruan bideo bat ikusiko da eta informazio-liburuxka bat banatuko da. Lehen ekintza horri gainbegiratze bat jarraituko dio, aldian behin telefono bidez jarriko baita biktimarekin harremanetan.

Bortxa da Ertzaintzak tratu txarra jasan duten emakumeei eskaintzen dien larrialdietarako telefonoa. Autonomia-erkidegoko poliziaren koordinazio-zentroarekin eta kasua daraman ertzain-etxearekin zuzenean lotura duen terminal bat da, larrialdietan erabiliko dena.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren 24 orduko arreta zerbitzuaren 900 840 111 telefonora erraz sartzeko aukera ematen du —telefono zenbaki hori tratu txarren edo sexu-erasoen biktima diren emakumeei zuzentzen zaie—.Era berean, GPS bidez kokatzeko alarma aktibazioa du, besteak beste.

Gaur egun 732 terminal daude funtzionamenduan: 176 Araban, 334 Bizkaian eta 222 Gipuzkoan. Neurrien katalogoak hainbat zaintza-zeregin barnean hartzen ditu, eta espedienterik larrienen kasuan eskolta pertsonalera irits daiteke; gaur egun 66 emakumek dute eskolta pertsonalaren babesa: 50 Bizkaian, 8 Araban eta beste 8 Gipuzkoan.

Erasotzaileentzako eskumuturrekoa

Kasu jakin batzuetan, eta epailearen aginduz, erasotzaileari eskumutur elektronikoa esleitzen zaio, urruntze-agindua betetzen duela ziurtatzeko. Ertzaintzak, koordinazio-zentroen bitartez, kudeatzen ditu gailu horien alerta-abisuak. Gaur egun, mota horretako 30 eskumutur dago aktibatuta: 24 Bizkaian, 4 Gipuzkoan eta 2 Araban.

Epaile batek ezarritako babes- edo urruntze agindua ere tratu txarren biktima den emakumea babesteko beste disuasio-neurri bat da. Gaur egun, 3.023 emakumek dute, 1.410 emakumek Bizkaian, 449 emakumek Araban eta 1.164 emakumek Gipuzkoan.

Ertzaintzak arlo horretan egiten duen lanaren kalitatea aztertzen dute kanpo-erakunde batzuek. Era berean, egindako arretari buruzko iritziak jasotzen ditu biktimen artean.

Polizia-kidegoen arteko koordinazioa

Ertzaintzak elkarlanerako protokoloak ezarri ditu udalekin eta mankomunitateekin, eta beste polizia-kidego batzuekin etengabe dihardu elkarlanean informazioa trukatzeko. Elkarlan hori funtsezkoa da, batez ere bizilekua lurralde batetik bestera aldatzen duten biktimen kasuan, aldi baterako aldatu edo behin betiko aldatu.

Era berean, beste erakunde batzuekin etengabe dago harremanetan biktima diren emakumeen arreta hobetzeko, erakunde arteko akordioaren jarraipen-batzordearen esparruan. Eusko Jaurlaritzako hainbat sailekin eta Emakunderekin ere etengabe dago harremanetan.

Segurtasun-aplikazio berriak eta BORTXA telefonoak ordeztea

Segurtasun Sailak bi aplikazio praktiko jarri ditu eskuragarri aplikazio-dendetan, edozeinek deskarga eta bere telefonoan instala ditzan: App-Ertzaintza eta App-SOSDeiak_112.

Aplikazio horietako batek herritarren eta Ertzaintzako polizia-zerbitzuen arteko komunikazioa errazten du [App Ertzaintza] eta besteak herritarren eta 112 larrialdietarako arreta-telefonoaren bidez koordinatzen diren segurtasun-zerbitzu guztien arteko komunikazioa errazten du [App SOSDeiak_112].

Ertzaintzak espedientea zabalik duten etxeko indarkeriaren edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako aplikazio espezifiko bat ere garatu du, BORTXA aplikazioa.

Abenduaz geroztik egungo BORTXA telefonoa ordezkatuko duen aplikazio honek hobekuntzak ekarriko ditu etxeko indarkeriako eta genero-indarkeriako biktima diren emakumeei egiten zaien arreta-zerbitzuan.

Hobekuntzarik adierazgarrienetako bat izango da aplikazioa biktimaren telefono pertsonalean aplikatzeko aukera.

Ordezkapena modu progresiboan egingo da, betiere zerbitzua ziurtatuz eta biktima diren emakumeen premiak errespetatuz. 

2018ko azaroaren 23ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Genero-indarkeria. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Biktimari Laguntzeko Zerbitzuaren 2017ko datuak

Biktimari Laguntzeko Zerbitzuaren 2017ko datuak

Lan eta Justiziako Sailburu María Jesús San Josék Biktimen Arreta Zerbitzuaren (BAZ) urteko memoria aurkeztu du. Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzako zerbitzu bat da, boluntarioa eta doakoa, interbentzio integrala eskaintzen diena (psikologikoa, juridikoa eta soziala) delituzko edozein ekintzak erasandako pertsonei.

2017an, Biktimen Arreta Zerbitzuak 2.201 pertsonari erantzun zien, 1.763 emakumeri eta 438 gizoni. Haietatik, % 48 genero-indarkeriarekin lotutako delituen biktima ziren, kasuen ia % 99 emakumeen aurka.

Memoria aurkeztean, Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék adierazi duenez, 2017an BAZek burututako jardueren erdia genero-indarkeriaren arloan sartzen ziren (guztira 3.986 jarduera), eta ondoren familia barruko indarkeriaren biktimei dagozkienak (guztira 1.404 jarduera). Kasu guztietan, jardueren kopururik handiena Justizia Administrazioarekiko eta gainerako Administrazio Publikoekiko (estatu, foru eta toki mailakoak) koordinazio-zereginei dagokie. “BAZek ematen dituen arreta-zerbitzu anitzak –nabarmendu du San José sailburuak‒ delituaren biktimak bizi duen kontrako egoera berriro bideratzeko dira, eta instantzia publikoekin eta judizialekin duten harremana ahalik eta onena izan dadin bermatzeko”.

María Jesús San Josék azaldu duenez, “oro har, delitu baten biktimak inpaktu emozionala ere jasaten du, areagotzea saihestu behar dena bilbe juridikoarekin harremanetan jartzen denean, eta delituzko ekintzak biktimari eragindako kalteak arintzea da gure helburua, eta baita bigarren mailako biktimizazioa deritzan hori prebenitzea ere. Ingurunea eta irudi judizialak ez ezagutzeak sorrarazten dituen estres-mailak ahalik eta txikienak izan daitezen lortzen saiatu behar dugu. Berriro ere azpimarratu nahi nuke indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako laguntza-zerbitzu juridikoak hor daudela, emakumea ahalik eta baldintza egokienetan joan ahal izan dadin epaitegira deklaratzera.”

2017an Biktimen Arreta Zerbitzuak burututako jarduerak (harrera eta jarraipena egiteko elkarrizketak, aholkularitza, interbentzio psikologikoak, laguntza, lankidetzako eta elkarlaneko jarduerak epaitegiekin eta eragile juridikoekin eta abar) ia % 9 gehitu ziren eta 8.083 jarduera izan ziren guztira. Hala, San José sailburuak azpimarratu egin du “interbentzio nabarmenenen bolumen esanguratsua, besteren artean, interbentzio psikologikoak eta aholkularitza juridiko espezifikoari dagozkionak; lehenak, 800 baino gehiago izan ziren eta, bigarrenak, berriz, 550. Laguntza psikosozialeko programak, aldiz, 300 akonpainamendu burutu zituen diligentzia judizialetara, joan den urtean zehar”.

Bestalde, BAZen urteko memoriak beste gai batzuk ere jasotzen ditu: espetxetik ateratakoen kasuei buruzko “prebentziozko espetxeratze jakinarazpenak”, espetxe-aldaketak edo espetxeratzeak, espetxeen eta polizien erakunde desberdinekin lankidetzan kudeatzen direnak, biktimen segurtasuna zaintzeko kaltea eragin dietenen aurrean.

2017an 2.355 jakinarazpen egin ziren, ia 400 gehiago aurreko urtearen aldean (% 20 gehiago). Guztira 694 biktimak jaso zuten arreta, 580 emakumek eta 114 gizonek, (% 16,5 gehiago).

Kaltegilea espetxetik atera izanaren jakinarazpenak, dagokion kausan babes edo urruntze agindu batekin adostuta, ia % 25 gehitu ziren. Espetxetik atera izanaren 1.193 jakinarazpen guztira, eta haietatik 525ek (% 44) genero-indarkeriarekin zuten lotura.

2018ko apirilaren 19ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook