Justizia herritarrengana hurbiltzen

Aitaren abizenak lehentasuna izateari utzi dio

Aitaren abizenak lehentasuna izateari utzi dio

Ekainaren 30etik aurrera, seme-alaben abizenak hautatzerakoan ez da aitaren abizena lehenetsiko. Orain arte, gurasoek esaten zieten Erregistro Zibileko langileei umeari zein abizen jarri lehenengo, eta abizenen ordenari buruzko akordiorik izan ezean, aitarena lehenesten zen.

Lege berriaren arabera, ez da aitaren abizena lehenetsiko. Era horretara, akordiorik ez badago, Erregistro Zibileko langileek erabakiko dute zein izango den haurraren abizenen ordena, beti ere, haurraren interes gorena aintzat hartuta.

Orduan, nola aukeratuko da abizenen ordena?

Hiru eguneko epean gurasoek abizenen ordena adosten ez badute, Erregistro Zibileko langileek erabakiko dute zein izango den abizenen ordena, alfabetikoki, zozketa bidez, edo izenarekin bat egiteko egokiagoa den abizena lehenengo jarriz.

Edozein kasutan, gurasoek kontutan hartu behar dute lehen seme-alabari jarritako abizenen ordena gainerako seme-alabei ere jarriko zaiela.

2017ko ekainaren 30ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Ba al dakizu?. Iruzkin bat egin.

EAEko 1.333 emakumek tratu txarrak jaso izana salatu dute lehen hiruhilekoan

EAEko 1.333 emakumek tratu txarrak jaso izana salatu dute lehen hiruhilekoan

Etxeko- eta Genero-indarkeriaren Aurkako Behatokiak emandako azken datuen arabera, 2017ko lehen hiruhilekoan 1.333 emakume genero indarkeriaren biktima izan dira EAEn. Iazko datuekin alderatuta, %8, 1 hasi da salaketa kopurua, eta 10.000 pertsonako 11,83 kasu egon dira.  Salaketa jarri dutenen artean 897 emakumek espainiako nazionalitatea daukate eta 436 atzerritarrak dira. 

Behatokiaren presidente Angeles Carmonak begi oinez ikusi du genero indarkeriaren biktimak –emakume zein adingabeak- babesteko ezarritako neurri judizialen igoera, eta bereziki, onartutako babes-aginduen gorakada. Azken hauek, eskatutako aginduen %68 dira.

Behatokiaren datuen aurkezpenean, genero indarkeriaren aurkako Estatuko hitzarmena  gauzatzeko beharra azpimarratu du. Izan ere, presidentearen ustez, hitzarmena gauzatzea - dagozkion lege aldaketak eginaz, aurrekontuetan dagokion diru kopurua esleituz-genero indarkeriaren aurkako bide luze eta gogorrean itxaropenari ateak irekitzea da. 

2017ko ekainaren 27ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Genero-indarkeria. Iruzkin bat egin.

Egun bat Santurtziko Bake Epaitegian

Maite Mena Santurtziko Bake Epaitegiko idazkaria da. Santurtzi 46.000 biztanletik gora dituen bizkaiko udalerria da. Maitez gain, Bake Epaitegian beste hiru langile daude: Begoñaren ardura  nagusia –kudeatzailea da- herritarrei harrera egitea da; Marisa eta Alfonso berriz, izapidegileak dira, eta komunikazio egintzekin, exhortoekin… zerikusia duten auziez  arduratzen dira. Lau langile daude, beraz, biztanle kopuru handienetarikoa duen Euskadiko Bake Epaitegi hau kudeatzeko.

Maite Mena, Santurtziko Bake Epaitegiko idazkaria, bere bulegoan.

2016ko datuen arabera, 244 jaiotza-, 126 ezkontza- eta 193 heriotza-inskripzio; 54 ezkontza espediente eta 4.332 jaiotza- ezkontza-, heriotza- eta bizi-ziurtagiri eskaera, 6.798 komunikazio-egintza eta 53 adiskidetze-egintza egin dituzte. Ez da ez, lan makala, Santurtziko erdialdean dagoen eta bulego propioak dituen Bake Epaitegi honek egiten duena.

Euskadiko planta judiziala 14 Barruti Judizialek osatzen dute:  Amurrio, Gasteiz, Balmaseda, Barakaldo, Bilbo, Durango, Gernika-Lumo, Getxo, Azpeitia, Bergara, Donostia, Eibar, Irun eta Tolosa.  Herri eta hiri horietan Justizia Jauregiak daude; baina eraikin judizialik ez duten gainerako  udaletan Bake Epaitegiak daude. Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak ez dauden lekuetan, alegia.

Bake Epaitegiek Justizia Administrazioari dagozkion zerbitzurik errazenak eskaintzen dituzte.  Ezkontza-, jaiotza- eta heriotza-ziurtagiriez gain, ziurtagiriak eman, ezkontza espedienteak ireki eta izen-abizen aldaketak kudetatzen dituzte. Horrez gain, adiskidetzeak egin, salaketak jaso, eta komunikazio-egintzak egiten dituzte. 

Euskadin 238 Bake Epaitegi daude, eta horietako batzuk hain dira txikiak, ezen elkarteketan bilduta dauden. Elkarketetako langileek, herri bakoitzeko biztanleei zerbitzua eman ahal izateko, herri batetik bestera joan behar dute. 

Epaitegiaren antolaketa

Santurtziko Bake Epaitegia ez da, ez, horietakoa. Udalerriak 46.000 biztanle ditu, bake epaileaz gain, lau funtzionario daude.  Erregistro Zibilari dagokion lana Begoñak eta Maitek egiten dute. Begoña sarreran dago eta herritarrei harrera egiten die, Maitek berriz, bulegoan lan egiten du. Bestetik, Marisaren eta Alfonsoren ardura exhortoak dira -beste epaitegietara bidaltzen diren eskaerak-; Alfonso, horrez gain, jakinarazpenak banatzera joaten da.

Santurtziko Bake Epaitegiko lantaldea: Begoņa, Maite - irudian, bere bulegoan-, Alfonso eta Marisa.

 “Hala ere, Epaitegi honetan guztiok denetarik egiten dakigu”, dio Bake Epaitegiko idazkari gisa 30 urtetik gorako esperientzia duen Maite Menak.  Maiterentzat Epaitegia bere bigarren etxea da eta “herritarrak ez daitezela zain egon” bere esaldia.  Justiziaren geldotasuna eta bera, ez datoz bat. “Epaitegira izapide bat egitera datorrenari ez diot inoiz txanda hartu eta beste egun batean itzultzeko esan. Nahiko lan hartu du hona etortzen, agian laneko egun bat galdu du; pentsa zer suposatuko zukeen nik beste egun batean itzultzeko esango banio.  Horregatik, guztia unean bertan egiten saiatzen gara. Posible bada, hitzordu gabe lan egitea eraginkorragoa dela uste dut”.

Maitek bere lana maite du eta berrikuntza guztien jakinaren gainean egotea gustatzen zaio.  Adibidez, Santurtziko Bake Epaitegia izan zen erregistroko liburu guztiak digitalizatu zituen lehenetariko bat. “Nire erabakia izan zen. 1992. urtean argi ikusi nuen kontsulta bat egiteko edo ziurtagiri bat egiteko erregistro liburuekin hara eta hona ibiltzea ez zela batere eraginkorra. Liburuek pisu handia dute, eta bilaketa egitea ere, nekeza da.  Hortaz, digitalizatzea erabaki nuen. Udaletxekoekin hitz egin nuen eta liburu guztiak eskaneatu genituen”, dio Maitek bere bulegoan eserita.

Batzuetan Begoñaren ordez sarreran egoten bada ere, Maiteren ohiko lana bulegokoa da, adiskidetze egintzez arduratzen da, akatsen zuzenketa eskaerez, kaleratzeez, ezkontzez, e.a. Lan guztia zehatz mehatz antolatuta dauka, eta izapide bakoitzerako bere kabuz erredaktatu dituen informazio-liburuxkak ere baditu.  “Kontua zera da, erabiltzaileetako askok ez daki zein den BakeEpaitegietan egiten den lana”, dio Maitek.   “Adibidez, haur bat inskribatzera etortzen direnean ez dakite abizenen ordena aukeratu dezaketela”. Edo ziurtagiri bat eskatzen dutenean, ez dakite doan dela.  Izan ere, badaude 50 euroren truke ziurtagiriak kudeatzen dituzten  web atariak.  Hona datozen guztiei eskaera JustiziaNet-etik online egiteko aukera daukatela esaten diegu”.

Lana, bikoiztuta

“Bake Epaitegien eta Erregistro Zibilen funtzionamenduaren zenbait arlorekin ez nator bat”, aitortu du Maitek.  “Esate baterako, bizi- eta egoera-agiria ziurtagiriak emateko prozedurarekin ez nago ados.  Gauza askotarako bizi- eta egoera-agiria aurkeztu behar da: laguntzak jasotzeko, izatezko bikote egiteko, Iberdrola bezalako enpresek ere eskatzen dute, edo eta zenbait lekutan, erretiroa hartu ostean, gabonetako otarra jaso ahal izateko. Ez dauka zentzurik, are gehiago, askotan bizi-agiria norberak eraman behar duela kontutan hartzen badugu.  Hau da, zerorrek eraman behar duzu, bizirik zaudela egiaztatzen duen agiria. Bulegoko atetik sartzen ikustea, ez al da nahikoa?

Marisa Santurtziko Bake Epaitegiko artxiboa erakusten.

Datuen Babeserako Legearekin ere, ez dago ados. “Udaleko arduradunekin egin ditugun zenbait batzarretan nire desadostasuna adierazi diet, baina hala ere, ezin dut nahi dudana egin”, dio Maitek.  “Kaleratze agindu bi izan dituen gazte bat ezagutzen dut: alokairuan bizi da eta ez du inoiz ordaintzen. Une honetan, beste etxe bat alokatzera doala dakit, baina debekatuta daukat etxearen jabeei ezer esatea. Gauza berdina gertatzen da genero indarkeria auziekin. Behin, ezkontza espediente bat hastea egokitu zitzaidan, eta gizonak bere aurreko bikotekideekiko urruntze-agindua zuela nekien, baina ezin nion neskari egoeraren berri eman”, azaldu du Maitek.

Etorkizunari dagokionez, Santurtzin gustura dago Maite. Hala ere, erronkek erakarri egiten dutela onartu du eta “gaizki doan epaitegi batera errefortzu gisa joan eta gauzak aurrera ateratzen laguntzera joateko prest egongo nintzateke”gaineratu du.

Lehenengo harremana

Santurtziko Bake Epaitegiaren harrera-leihoan Begoña dago.  2010. urtetik bere ardura da erabiltzaileei harrera egitea da, baina oraindik ere larritu egiten da amaierarik gabeko ilara bat ikusten duenean. Egunero zer gertatuko den ez jakitea da, bere hitzetan, okerrena: “Batzuetan galdera oso arraroak egiten dituzte, eta erantzunaren bila ibili behar izaten naiz, artean erabiltzailea nire begira dagoela.  Horrek oso urduri jartzen nau”. 

Begoņa da Santurtziko Bake Epaitegiko harrera-bulegoaren arduraduna.

Egunero datozen gehienek jaiotza-inskripzioei, ziurtagiriei edo jaioberrien izenei buruzko zalantzak dituzte, baina Begoñaren hitzetan, “badaude zer nahi duten ez dakiten erabiltzaileak ere”, eta horregatik, “batzuetan zer behar duten jakiteko lehenengo galdekatu egin behar ditut”. Sudurluzea naizela pentsa dezakete, baina jaiotza-ziurtagiri mota ezberdinak daude, eta zein behar duten jakiteko informazio zehatza behar dut. Ez dira berdinak haur bati lehendabizikoz NANa egiteko jaiotza-ziurtagiria, ezkontzeko  jaiotza-ziurtagiria, edo atzerrian izapide bat egiteko jaiotza-ziurtagiria.

Santurtziko harrera bulegoan 17 urtez lan egin ondoren, Begoñak kexa bakarra dauka: Erregistroan egiten den lana aintzat hartzen ez dakien jendea.  “Ernegua ematen didate, zer-nolako lana dagoen kontutan hartu gabe, ziurtagirien kopiak bata bestearen atzetik eskatzen dituztenek. Doan denez, berdin zaie formatu egokia eskatu duten ala ez, edo ez dute iraungitze-data kontutan hartzen. Esate baterako, ziurtagiria online eskatu dute, eta etxean jasotzeko egun batzuk behar direnez, gero epaitegira datoz ziurtagiria unean bertan egiten diegulako. Kasu horietan, dagoeneko ziurtagiria eskutitz bidez bidalita egotea gerta liteke.  Familia-liburuen kopiarekin gauza berdina gertatzen da.  Eguneroko kontua da, batzuei etxetik liburua biltzea baino errazagoa egiten zaie kopia bat eskatzea “, dio Begoñak. 

Santurtziko Bake Epaitegiko lantaldea osatzeko Marisa eta Alfonso falta dira.  Langile biek bulego berdinean egiten dute lan, Epaitegiaren barruko aldean. Komunikazio egintzak eta exhortoak dira, besteak beste, euren ardura. “Egunero dator jendea jakinarazpenak jasotzera, eta batzuetan, pertsona desatseginak datoz”, aitortu du Mariak, eta “jendearekin lan egiteak badu alde txar hori”, gaineratu du.

Marisa Blanco bere bulegoan telefono dei bati erantzuten.

Santurtziko Bake epaitegian hainbat segurtasun neurri daude, baina “guztiak zaharkituak”, dio Marisak. “Izu-botoi bat daukagu, eta ez du funtzionatzen. Bideo kamerek aspaldi utzi zioten grabatzeari, segurtasunezko atea ez dago erabilgarri eta leihoetako kristalak blindatuak diren arren, markoak ustelduta daude”.

Udalaren ardura da Bake Epaitegiari bitartekoak jartzea. Santurtzin, adibidez, ekipo informatikoak dituzte, internetera konexioa, inprimagailuak eta fotokopiagailua dauzkate.  Zentzuzkoa dirudien arren, Bake Epaitegi txikietan batzuetan ez da horrelakorik egoten. Udalaren erabakia da, baita ere, bizilekuetara jakinarazpenak egiteko modua zein izango den erabakitzea. “Lehen taxian joaten ginen”, dio Marisak.”Santurtzi handia da eta ezin dituzu jakinarazpenak oinez eraman. Duela denbora, jakinarazpenak gure ibilgailuekin egin behar genituela jakinarazi ziguten Udaletxetik, eta orain kilometroak ordaintzen dizkigute.  Hortaz, lan hori Arturok hartu du, eta motorrean doa”.

2017ko ekainaren 27ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erreportajeak. Iruzkin bat egin.

Bitartekaritzaren arrakasta Euskadin

Bitartekaritzaren arrakasta Euskadin

Eusko Jaurlaritzako Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzuak 2016 urteko familia- eta zigor-arloko memoriak aurkeztu berri ditu. Datuek bitartekaritzak Euskadin izan duen arrakasta handia erakusten dute, izan ere, Euskadiko epaitegi eta auzitegietatik Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzura bideratutako auzien erdia alde bien arteko akordioarekin konpondu da.  

Familia arloan, 2016. urtean BJZk  guztira 733 auzi landu zituen, horietatik 629 epaitegi eta auzitegietatik eratorritakoak eta 104 aurreko urteetakoak, artean ebazteko zeudenak. 624 auzi itxi dira. Horietatik 261 -%41-bitartekaritza prozesuaren bitartez konpondu dira, eta bi aldeen arteko adostasuna lortu dutenak %48%izan dira.

Zigor-arloan, 2016.urtean BJZk 2016 espediente izapidetu ditu, horietatik 1.414 organo judizialetatik eratorritakoak eta 1.231 aurreko urteetakoak, artean ebazteko zeudenak. 1.171 auzi itxi dira, horien %51%(602 auzi) bitartekaritza prozesu baten bitartez ebatzi dira, eta %78 akordioarekin itxi da. Aldiz, gainerako %48 (569 auzi) bitartekaritzara jo gabe itxi da.

2017ko ekainaren 14ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.

Hasi gara urratsak egiten Tolosako epaitegietan

Hasi gara urratsak egiten Tolosako epaitegietan

Auzia Euskaraz blogean jakinarazi genuen moduan, Tolosako barruti judizialeko euskara emaileekin bi bilera egin genituen maiatzean, epaitegietako hizkuntza-normalizazioko hainbat gai jorratzeko. Eragile juridiko desberdinetako 8 lagun elkartu ginen han, eta, oro har, otsailean egindako azken bileratik hona bizitakoak azaldu zitueneragile bakoitzak: egindako lana, antzemandako arazoak, izandako zalantzak...

Beste helburu batzuk ere erdietsi diren arren, bi datu dira Tolosako epaitegietan abiarazitako proiektu honen emaitza begi bistakoak: batetik, 2017an epai bat eman da euskaraz, eta, bestetik, 4 auzierregistratu diraeuskaraz, bat arlo zibilekoa eta hiru zigorrekoak.

Zenbakiak apalak badira ere, emandako pausoa handia da, gure ustez; izan ere, arlo prozesalean euskara erabiltzea ez da batere ohikoa, eta, horrenbestez, bidea egiten hasi garela esateko moduan gaude. Hala ere, zeregin berriei ekiten diegunean gertatu ohi den bezala, arian-arian, zer hobetu ikusi dugu hainbat arlotan, hala nola dokumentu elebidunak izapidetzean, euskarazko auzien prozeduran, itzulpenak bideratzeko moduan...

Bada, bileretan partekatutako esperientziei esker eta eragile juridikoek proposatutako hobetzekoak aintzat hartuta, arazo zein oztopoak bideratzeko ekintza zuzentzaileak inplementatzen hasita gaude dagoeneko. Irailean elkartuko gara hurrena.


Guztiok gure aletxoa jarrita, bultzada handia eman ahal diogu euskarari epaitegietan.

Eman zeure euskara!

2017ko ekainaren 2ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Euskara eta Justizia. Iruzkin bat egin.