Justizia herritarrengana hurbiltzen

Justizia Errestauratiboko adituak Arazoak Ebazteko Estatu Batuetako Auzitegiei buruz aritu dira Bilbon

Zuzenbide gizarteratzailean aitzindari eta aditu Kim Wrightek Arazoak Ebazteko Estatu Batuetako Auzitegiei buruzko hitzaldia eman du gaur Bilbon. Auzitegi mota horiek 80. hamarkadaren amaieran sortu ziren Amerikako Estatu Batuetan, delituen jatorrian dauden arazo sozial konplexuak konpontzeko helburuarekin, eta bide batez, arau hausleentzat  espetxearen ordezko erak eskaintzeko asmoz. 

Kim Wright Roberto Morenoren ondoan azalpenak ematen

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Hitzaldia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren Zuzendaritzak antolatu du, Zuzenbide Kolaboratiboko Euskadiko Elkartea eta Oñatiko Soziologia Institutuarekin lankidetzan. Kim Wrightek azaldutakoaren arabera, hasiera batean drogamenpekotasunak zituzten pertsonekin lan egiteko auzitegiak sortu ziren –egun, mota horretako 4.000 auzitegi daude- eta gaur egun, horrez gain, arlo ezberdinak jorratzen dituzten mota bereko epaitegiak ere daude, besteak beste, etxe barruko indarkeriak arlokoak, buru osasunekoak, edo ludopatiakoak –guztira, 1.500 auzitegi-. Zuzenbide gizarteratzailean adituak azpimarratu duenez, Arazoak Ebazteko Auzitegiak Estatu Batuetako historiako lorpenik handiena dira, eta sistemak funtzionatzeko epaileen parte hartzea ezinbestekoa izan da. Kim Wright Justizia Errestauratiboa ezartzearen alde ere agertu da, eta prozedura horiek arrakastatsuak izateko ezinbesteko hiru gauza behar direla esan du: azkar parte hartzea, epaileak inplikatzea eta etengabeko prestakuntza.Horrez gain, arrakastaren oinarria auziak bideratzeko baliabideak izatea dela gaineratu du.  

Hitzaldian eta ondoren egon den mahai-inguruan parte hartu dute, besteak beste, Bulego Judizial eta Fiskalaren Modernizaziorako Zuzendari Amparo Lopez, Eusko Jaurlaritzako Helduen Justizia Zerbitzuko buru Roberto Moreno, Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuko kideak, abokatuak, betearazpeneko eta espetxe zaintzako epaileak, zigor arloko magistratuak, Zuzenbide Kolaboratiboko Elkarteko kideak eta Oñatiko Soziologia Institutuko kideak.

 

Entzuleak Kim Wrighten azalpenei  adi

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

2019ko martxoaren 18ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Genero-indarkeria arloko epaien hamarretik zazpi zigortzaileak izan ziren 2018an

Genero-indarkeria arloko epaien hamarretik zazpi zigortzaileak izan ziren 2018an

Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiak aste honetan argitaratu du 2018. urteari dagokion estatistika-txostena. Txostenean ageri den daturik esanguratsuena, organo judizialek eman duten genero-indarkeria arloko zigor kopuruaren urte arteko % 3,1eko gorakada da. Guztira, epai zigortzaileak % 70,45 izan dira, inoiz ebatzitako urteko zigor-kopururik altuena.  

2018an zehar, Espainiako epaitegietan 166.961 genero-indarkeria salaketa jaso dira, 2017an baino 0,4 puntu gehiago (2017an 166.263 salaketa jaso ziren).

Genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeei dagokienez, hamar milako datuen arabera, estatuko batez bestekoaren  (‰ 66,56) gainetik daude: Balear uharteak (102,71), Valentzia (86,97),  Murtzia (85, 93), Kanariak (78,85) eta Andaluzia (77,48). Bestalde, batez besteko txikiena Gaztela eta Leonen egon da (40,83), Extremaduran (42,43) eta Galizian (44,13).

2019ko martxoaren 11ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Genero-indarkeria. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Eskubideak pausoz pauso IV: sexu askatasuna

Eskubideak pausoz pauso IV: sexu askatasuna

Sexu askatasuna norbanakook dugun hautu sexualerako askatasuna da, hau da, sexualitatearen eremuan norberak autodeterminatzeko duen eskubidea, muga bakarra, bestearen askatasunari zor zaion errespetua izanik.

Beste era batera esanda, norbere gorputza nahieran  erabili eta jokabide sexuala aukeratzeko eskubidea da, nahi beste proposamen egin eta onartzeko eta nahi ez ditugunak ukatzekoa.

2019ko otsailaren 28ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erreportajeak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Zein urrats eman behar duzu epaile izateko?

Zein urrats eman behar duzu epaile izateko?

Epaile izateko asmoa baduzu, Karrera Judizialean sartzeko Lizentziatura edo Zuzenbide-gradua eduki behar duzu eta oposizioak gainditu behar dituzu. Ondoren, Bartzelonako Eskola Judizialean ikastaroa egin behar duzu. Ikastaroa gainditu ostean Karrera Judizialeko kide izango zara.

Oposizioak gainditu gabe Karrera judizialean sartzeko aukera ere badago.  Horretarako, hainbat urtez lanbidean jardun behar izan duzu. Hori bai, bide hori hautatzen baduzu, zenbait azterketa gainditu beharko dituzu, eta ondoren Eskola Judizialeko ikastaroa egin beharko duzu.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak arautzen du Karrera Judizialerako sarbidea.

Horrez gain, urtero Eusko Jaurlaritzak Karrera Judizialeko, Fiskaleko eta Justizia Administrazioko Letraduen kidegoko oposiziogileei zuzendutako diru-laguntzak ematen ditu.

2019ko otsailaren 22ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Ba al dakizu?. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Eusko Jaurlaritzak Administrazio Judizial Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoaren biktimei ematen zaien laguntza hobetzeko lantaldea gidatuko du

Eusko Jaurlaritzak Administrazio Judizial Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoaren biktimei ematen zaien laguntza hobetzeko lantaldea gidatuko du

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak Administrazio Judizial Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoak (AJEEBT) sortu duen biktimei ematen zaien laguntza hobetzeko lantaldea gidatuko du. Lantalde berriak, erabiltzaileei zerbitzu ahalik eta osoena emateko helburuarekin, biktimei  laguntzeko bulegoetan behar diren hobekuntza teknologikoak aztertuko ditu, beti ere, dibertsitate funtzionala duten norbanakoei, adingabeei eta genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktimei arreta berezia eskainiz.

Horrela adostu du AJEEBTren Batzorde Iraunkorrak, otsailaren 6an Logroñon.  Batzarrean parte hartu dute, ministerioko kideez gain, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren ordezkariek, Estatuko Fiskaltza Nagusikoek, justizia administrazioaren letraduen kidegoak, eta justizia eskumena duten autonomia erkidegoek, Kataluniak eta Galiziak ezik. Azken bi hauek Nafarroa izan dute ordezkari.

Eusko Jaurlaritzak Justizia Ministerioarekin elkarlanean gidatuko du lantaldea, eta organo judizialek delituen biktimekin duten harremana hobetzeko zein bitarteko teknologiko ezar daitezkeen aztertuko du, 4/2015 Lege Organikoak, Biktimaren Estatutua arautzen duena, betez.

Arau horretan biktima guztiek dituzten eskubideen zerrenda jasota dator. Estatutuaren ezarpena hobeezina izan dadin, kudeaketa prozesalerako sistema ezberdinetan ezarri behar diren baliabide teknologiko egokienak bilatuko ditu AJEEBTk. Estatutuak, besteak beste, hurrengo eskubideak aitortzen dizkie biktimei: ulertzeko eta ulertua izateko eskubidea, informazioa jasotzeko eskubidea, babes-eskubidea, zigor-arloko prozesuan aktiboki parte hartzeko eskubidea eta errespetuzko tratu profesionala, indibidualizatua eta ez diskriminatzailea jasotzeko eskubidea.

2019ko otsailaren 8ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia digitala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook