Justizia herritarrengana hurbiltzen

Nola jokatu genero indarkeria kasu baten aurrean?

Nola jokatu genero indarkeria kasu baten aurrean?

Aurten ere azaroaren 25a,  emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako  erreferentzia eguna dugu. Eta aurten ere, datuak lazgarriak dira.  2011. urtean, gaur arte, 54 emakume hil dituzte Espainian; horietatik bi, Euskal Autonomia Erkidegoan.

Biktima guzti horietatik 14k bakarrik zuten salaketa jarrita, eta hildako batek gainera, bikotekidearen aurka jarritako salaketa kenduta  zeukan.

Egoera ikaragarri honi amaiera emateko,  oso garrantzitsua  da informazioa izatea. Genero indarkeriaren egoera baten aurrean nola jokatu, salaketa nola jarri, nora jo laguntza eske eta horrelako  egoerak identifikatzen jakin. 

Izan ere, tratu txarrak kolpeak baino zerbait gehiago dira. Genero indarkeriak honakoak ere hartzen ditu bere baitan:  irainak, mehatxuak, isekak…Beraz, horrelako egoera batean bazaude, edo etxeko indarkeria (fisikoa, psikikoa nahiz psikologikoa) jasaten ari den norbait ezagutzen baduzu, ez zalantzarik izan eta salatu.

Salaketa jarri

Salaketa jartzeko, Ertzaintzara, Udaltzaingora, edo Goardiako Epaitegira jo dezakezu.  Izapide hau biktima zein egoeraren lekuko den edonork egin dezake. 

Emakumea fisikoki erasotu badute, mediku-ziurtagiria  edukitzea oso garrantzitsua da. Hori dela eta, sendatzea,  eta lesioak jasoko dituen mediku-ziurtagiria lortzea.

2011ko azaroaren 28ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Genero-indarkeria. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Egoera bakoitzerako ziurtagiri mota bat

Ezkontz-jaiotza-heriotza-bizi-nahiz egoera ziurtagiriaren kopia eskatu behar dugunean, sarritan ez dugu jakiten zein dokumentu mota eskatu behar dugun. Izan ere, izapide bakoitzerako dokumentu mota ezberdina behar da.

Adibidez, ez da gauza bera jaio berri bat  erroldatzeko jaiotza- ziurtagiria edo lehendabiziko aldiz NANa egiteko jaiotza-ziurtagiria eskatzea. Erroldatzeko, gurasoek hitzez-hitzeko ziurtagiria eskatu behar dute; NANa  egiteko berriz, beste ziurtagiria bat, osatuagoa, eskatu behar da.

JustiziaEus bidez edo Erregistro Zibiletan zein Bake Epaitegietan hiru ziurtagiri eredu ezberdin eska daitezke:

  • Ziurtagiri laburtua:  Inskribatutako gertaeraren laburpena da. Ziurtagiri mota honen baitan, nazioartekoa  edo eleaniztuna deritzon ziurtagiria eska daiteke.  Ziurtagiri mota hau 1976ko irailaren 8an Vienako Hitzarmena sinatu zuten herrialde bakoitzetako hizkuntza ofizialetan egiten da. Hauek dira hitzarmena sinatu zuten herrialdeak: Espainia, Alemania, Austria, Belgika, Bosnia, Kroazia, Eslobenia, Frantzia, Italia, Luxenburgo, Mazedonia, Herbereak, Portugal, Suitza, Turkia, Serbia eta Montenegro. Ziurtagiri eleanitzak edo nazioartekoak beste herrialde batzuetan izapideak egiteko erabiltzen dira.  Adibidez, Frantzian ezkondu nahi, eta bikotekideetako bat espainiarra eta bestea frantziarra denean horrelako ziurtagiria behar da.  Ezkontzako  izapide guztiak egiteko, bikotekide espainiarrak jaiotza-ziurtagiri eleaniztuna eskatu beharko du.
  • Hitzez-hitzeko ziurtagiria: Jaiotza-ezkontza- heriotza-ziurtagiriaren hitzez-hitzeko kopia da. Ziurtagiri mota honetan pertsonaren identitateari eta egiaztatu nahi den gertaerari buruzko datu guztiak zehazten dira. Oro har, izapide gehienetarako  ziurtagiri mota hau behar da (erroldatzeko, ezkontza inskribatzeko, osasun txartela eskatzeko, izena aldatzeko…).
  • NANa egiteko ziurtagiria: Haur bati lehendabiziko aldiz NANa egiteko bakarrik erabiltzen da. Jaiotza-ziurtagiri honek hitzez-hitzekoak baino informazio gehiago du eta formatu berezia dauka.

Nolanahi ere, gogora ezazu ezkontza-jaiotza-heriotza edo dena delako ziurtagiria behar baduzu, JustiziaEus bidez eska dezakezula, doako zerbitzua dela eta ziurtagiria etxean jasoko duzula.

2011ko azaroaren 22ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. 72 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Bekadunek Gizarte Segurantzan kotizatuko dute

Bekadunek Gizarte Segurantzan kotizatuko dute

Azaroaren 1etik, bekadunek Gizarte Segurantzan kotizatzen dute. 30.000 gaztetik gora baliatuko dira neurri honetaz   eta beste 200.000 bat pertsona, aurretiaz  bekadun izateagatik  hitzarmen berezi bat sinatzeko aukera izango dute.

Aste honetan Estatuko Aldizkari Ofizialean Errege Dekretua argitaratu da. Honen bidez, ordaindutako praktikak egiten dituzten pertsonak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea arautzen da.

Neurri honek atzeraeginezko izaera dauka; beraz, Errege Dekretua indarrean jarri aurretik ordaindutako praktikak egin dituzten pertsonek hitzarmen hau erabili ahal izango dute gehienez, bi  urte kotizatu ahal izango dituzte.  Horretarako, hezkuntza programa diruz lagundu duen erakunde edo enpresaren egiaztagiria aurkeztu besterik ez dute egin behar.

Egun bekadun bazara, zorionak! Zure erretiroari begira urteak pilatzen hasi zara; izan ere, azken lan erreformaren arabera, 67 urte izan arte ezin izango da erretiroa hartu Eta bekadun-ohia bazara, ez zalantzarik izan; izan duzun praktikaldia egiaztatzeko ziurtagiria eskatu, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorraren baitan jaso dezatela eska ezazu.

2011ko azaroaren 4ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Trebakuntza eta enplegu publikoa. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Eusko Jaurlaritzak Justizia alorreko Jardunbide Egokiei sari bat jaso du, prestakuntzan eta ezagutzaren kudeaketan egindako jardunbideengatik.

2008-2010 formakuntza planak

Justizia Ministerioak Eusko Jaurlaritzaren ekimen bat saritu du, Justizia Alorreko Jardunbide Egokiei Sarien lehen edizioan. Prestakuntza eta ezagutzaren kudeaketa arloetan proiektu berritzailea da, eta Justizia Administrazioko funtzionarioei zuzendutako tutoretza pertsonalizatuak eta on line prestakuntza ikastaroak jasotzen ditu bere baitan.

Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzak uste sendo bat du: Erakunde batek kalitate-parametroekin funtziona dezan, eta zereginak eraginkortasunez bete ditzan, ezinbestekoak dira gaikuntza eta prestakuntza egokiak. Horregatik jarri zuen abian saritua izan den jarduera-ildoa, eta funtzionarioek, batez ere bitartekoek, hasieratik zereginak eraginkortasunez gauzatzeko gai izatea lortu du. 

Tutoretzak eta online ikastaroak

Pertsona bat Justizia Administrazioan lanpostu berri batean hasten bada, eta jurisdikzio edo arlo batean esperientziarik ez badu, bete behar dituen zereginetan lankide batek trebatu dezan eska dezake. Tutoreak horretarako bereziki sortutako poltsa batean daude. Poltsa horretan jurisdikzio zehatz batzuetan ekarpenak borondatez egiteko  prest dauden funtzionarioak daude. Horien ardura, ikasleek dagokien lanpostuko betebeharrak eta oinarrizko jurisdikzioa ahalik eta azkarren ikas dezaten da. 

On line ikastaroak bitarteko funtzionario batzuei zuzenduta daude; hain zuzen ere lan poltsetatik deitzen direnak eta inoiz ez dutenak denbora luzez edo behar adina denboraz hutsik dagoen lanpostu horretan  lan egin. Derrigorrezkoa da pertsona horiek e-learning plataforma bidez ematen den formazio-ikastaro batetan parte hartzea. 

Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzak garatutako prestakuntza jarduera hauei buruz gehiago jakin nahi  baduzu, sartu Justizia.net atariko Bulego Judizial Berriaren atalean. Eta Eusko Jaurlaritzak Justizia alorreko Jardunbide Egokien Sarien Lehenengo edizioan saritutako proiektuak ezagutu nahi badituzu, irailaren 22ko JUS/2652/2011 Agindua begiratu.

2011ko urriaren 18ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Ziurtagiriak, klik egin besterik ez

Ziurtagiriak, klik egin besterik ez

Etxeko sofatik, bulegotik, liburutegitik edo merkatal gunetik. Izena, abizenak edo ezkontza zibileko zein naziotasuna eskatzeko ziurtagiriak lortzeko, internetera konexioa duen ordenagailua bakarrik behar duzu. Lekua, zuk zeuk aukeratu. Klik egin, eta kito.

Horrela ez duzu Errejistro Zibilera joan beharrik izango; ziurtagiriak lortzeko leihatilan xahutu beharreko denbora eta nekea, beraz, beste garai bateko kontu bilakatu dira. Zerbitzu Publikoak teknologia berrietara egokitzen ari dira, eta Justizia Administrazioa ere ez da atzean gelditu.

Badira 7 urte Justizia.net atariaren bidez jaiotza, ezkontza eta heriotza ziurtagiriak online eskatu ditzakezuna 2010. urtean EAEn 54.826 ziurtagiri eskatu ziren, horietatik 31.217 jaiotza ziurtagiriak, 6.405 ezkontza ziurtagiriak eta 17.204 heriotza ziurtagiriak izan ziren.

Sistema berri hau herritarrentzat onuragarria izateaz gain, Errejistro Zibileko eta Bake Epaitegietako langileei ere onurak ekarri dizkie; izan ere, lehen artxibategira jo, dokumentua bilatu, fotokopiatu eta ziurtagiria egin behar zuten, eta horretarako hamar-hamabost minutu behar zituzten. Gaur egun, jaiotza, ezkontza eta heriotza ziurtagiriak digitalizatuta daude (jaiotza eta ezkontza ziurtagiak 1950etik aurrera eta heriotza ziurtagiriak, 1990etik aurrera). Beraz, langileek datu basean bilatu besterik ez dute egin behar, eta horretarako minutu batekin nahikoa da.

Horren ondorioz, Errejistro Zibilera jotzen duten pertsonek ere denbora gutxiago itxaron behar dute Lehen ordubetez itxaron behar bazen, egun 5 minutu behar dira, beti ere eskaera eguna eta orduaren arabera.

2011ko urriaren 14ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  JustiziaEus-eko zerbitzuak . Iruzkin bat.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook