Justizia herritarrengana hurbiltzen

Epaileak eta fiskalak greban. Zer aldarrikatzen dute?

Epaileak eta fiskalak greban.  Zer aldarrikatzen dute?

Hainbat hilabetez Justizia Ministroarekin aurrera eta atzera ibili ostean otsailaren 20an, asteazkenez, epaileek eta fiskalek greba egingo dute.    Erabakia irmoa da, baina deialdia bertan behera uzteko prest daude, Gallardonek Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian Legearen erreformak geldiarazten baditu.

Greba hainbat elkarteren arteko batzordeak deitu du.  Demokraziarako Epaileak, Francisco de Vitoria Elkarteak, Foro Judizial Independenteak, Fiskalen Batasun Progresistak eta Fiskalen Elkarte Profesional eta Independenteak osatzen dute batzorde hori. Epaileen Elkarte Profesionala eta Fiskalen Elkartea  ere Batzordeko partaide diren arren ez dute ekimenarekin bat egin.

Baina, argi al daukagu zer aldarrikatzen duten?

Botere Judizialaren Lege Organikoaren proiektuaren erreforma bertan behera utz dezatela. Epaileek eta fiskalek ordezko epaileak kendu izana  eta beste organo batzuen lana epaile titularrek derrigorrez beren  gain hartu behar izatea  salatzen dute.

BJKNren erreformaren aurreproiektua gelditu dezatela. Greba deialdia egiten dutenek, erreformaren ondorioz BJKN Justizia Ministerioaren menpe geldituko dutela salatu dute.
Tasa judizialik ez. 
Elkarteek adierazitakoaren arabera, iazko datuekin alderatuz gero  Tasen Legea indarrean jarri zenetik %25 jaitsi da auzi kopurua. Tasa judizialek herritarrei euren eskubideak defendatzeko izan dezaketen asmoa kentzen dietela salatu dute.
Inbertsio handiagoa Justizian. Langile gehiago eta aurrekontu handiagoa eskatzen dute.
Indultu legearen erreforma. Indultuak ematerakoan zorroztasun handiagoa eskatzen dute.
Etxe-kaleratzeak, Erregistro Zibila eta Zigor Kodea. Hipoteka betearazpenek kaltetutako familiei babes handiagoa ematea eskatzen dute eta Erregistro Zibilaren pribatizazioaren aurka daude. Zigor Kodearen erreforma “inprobisatua” dela ere salatu dute. 

Herritarra zaren heinean, zer iruditzen zaizu Justiziak egun bizi duen egoera? 
 

2013ko otsailaren 11ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Botere Judiziala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Edozein kondenatu indultatu al daiteke?

Edozein kondenatu indultatu al daiteke?

Azken aste hauetan indultuari buruz zabal hitz egin da, baina, ba al dakigu zer den? Epai irmoz kondenatutako pertsona bati indultua ematean, zigorraren zati bat edo zigor osoa kentzen zaio, baina ez ditu zigor aurrekariak galtzen. 

Indultua mesede-neurria da, salbuespenetan ezartzen da, eta Espainiako erregeak erabakitzen  du ematea Justizia ministroak egindako proposamenaren gainean. Horren aurretik proposamena Ministroen Kontseiluan eztabaidatu behar da. Neurri hau edozein presok eska dezake; ez da delitu-mota kontuan hartzen. Hala ere hurrengo kasuetan ezin da eskatu: Zigor arloko prozesua amaitu gabe badago eta presoa epai irmoz zigortua izan ez bada, presoa  zigorra betetzeko Auzitegi epai-emailearen esku ez badago, edo epai irmoz zigortutako delitu berean edo beste batean berrerori bada. 

Bi indultu mota daude: Indultu osoa edo zati batekoa. Indultu osoan oraindik bete gabeko zigor guztiak kentzen dira. Zati batekoan, berriz, ezarritako zigorretako bat, batzuk, edo oraindik bete gabeko zigorraren zati bat kentzen da.

Zigortutako pertsonak indultua jasotzeko bi baldintza daude:  Batetik, presoa aske geratzeak ez du beste pertsonengan inolako kalterik eragin behar, eta ez ditu beste pertsonen eskubideak urratu behar. Bestetik, ezinbestekoa da alderdi ofendituari entzun izana.

Indultua presoak berak, edo bere izenean bere senideek edo beste edozein pertsonak eska dezake.  Horretarako, presoaren gizarteratzea egiaztatzen duen dokumentazio guztia bidali behar zaio Justizia ministroari. Epaitegi eta auzitegi batek baino gehiagok zigortu badute, indultua eskatzen duen zigor bakoitzeko eskaera bat aurkeztu behar da. Gainera gomendagarria da lanean eta familian birgizarteratu dela egiaztatuko duten ziurtagiriak aurkeztea. Desintoxikazio prozesu bat egin badu, horri buruzko informazioa ere bidali behar da.

Neurri horri buruzko informazio gehiago nahi baduzu, Justizia Ministerioak bere web atarian indultuari buruzko atal bat dauka; bertan bete beharreko inprimakia ere eskuratu dezakezu.  
 

2013ko otsailaren 7ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia Ministerioa. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Nazionalitate espedienteen pilaketa

Nazionalitate espedienteen pilaketa

Zain. Milaka atzerritar egoera horretan daude, oraindik ez direlako beraien nazionalitate eskaerak ebatzi.  Ekainean 466.000 espediente zeuden pilatuta eta Justizia Ministerioak, pilaketarekin amaitzen saiatzeko, erregistratzaileekin akordio bat sinatu zuen eta Izapidetzako Plan Trinkoa ezarri zuen. Era horretara, orain Jabetza, Merkataritza eta Ondasun Higiezinen Elkargoetako mila erregistratzailek atzerritarrek aurkeztutako dokumentazioa zuzena dela eta osatu beharra dagoen ala ez egiaztatzeaz arduratzen dira. Ordura arte horretaz arduratzeko 40 funtzionario bakarrik zeuden.

Neurri horrekin Alberto Ruiz-Gallardón Justizia ministroak espedienteak 2012 urtea amaitu aurretik ebatziko zirela agindu zuen. Hala ere, urtarrilaren erdira arte 258.000 kasu ebatzi dira. Espediente guztiak digitalizatu badira ere, eta prozesu guztia arindu eta zentralizatu duen plataforma informatikoa diseinatu den arren, nazionalitate espedienteen pilaketarekin amaitzeko udara arte itxaron beharko dela uste du Juan Bravo Justiziako idazkariordeak. 

Atzerapen hori gutxi balitz, dokumentazioa Erregistratzaileen Elkargora lekualdatu zenean  sarrera ordena galdu egin zen eta kasuak ez dira sarrera ordenan ebazten ari.Hori dela eta, 2012. urtean egindako hainbat eskaera ebatzita daude, baina aurreko urteetako eskaera batzuk ebazteko zain  daude.

Nazionalitate eskaeraren ebazpenaren zain zaude? Kontaiguzu zein den zure egoera!

2013ko urtarrilaren 17ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. 52 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Ziberjazarpena salatu

Ziberjazarpena salatu

Gizarte-sareak komunikatzeko era berria dira, baina arriskutsuak ere izan daitezke.    Identitate faltsu baten atzean edonor ezkuta daiteke, eta mehatxatu edo derrigortu egin zaitzake. Bitarteko hauen erabileraren gorakadak psikologikoki erasotzeko era berri baten agerpena eragin du: ziberjazarpena . Anonimotasunean babestuta iraindu, jazarri eta mehatxatu egin zaitzakete. Hala ere, beldurraren eraginez, kaltetutako pertsonek ez dituzte beti gertaerak salatzen.

Estatuko Segurtasun Indarrek emandako datuen arabera, 1.187 salaketa aurkeztu ziren 2010. urtean internet bidezko mehatxu eta derrigortzeak salatzeko. Urte osoari buruzko datu guztiak biltzen dituen azken txostena da 2010 urtekoa. 2006. urteko datuekin alderatuz gero, salaketa kopurua bost aldiz handiagoa da. Datuok Barne Ministerioak CIUko Corali Cunyat senatariari eman dizkio eta La Vanguardia egunkariak eman ditu argitara.

Ziberjazarpenak adingabeak bereziki kaltetzen ditu. Protégeles, Save the children eta Fundación de Ayuda a Niños y Adolescentes en Riesgo (Anar)GKEk hurrengo aholkuak ematen dituzte: Mezuak ez erantzun, baina bai gorde, eta gurasoei, irakasleei edo elkarte hauetakoren bati gertaeraren berri eman. 

Ertzaintzaren web atarian ere zenbait aholku jasota daude: Adingabeei zuzendutakoak:

  • Ez eman ez zure benetako izena, ez eta telefonoa, helbidea edo senideen daturik ere.
  • Ez lotu inoiz hitzordurik ezezaguna den pertsona batekin, eta interneten eduki desegokiak ikusten badituzu zure gurasoak jakinaren gainean jar itzazu.
  • Argazkiak edo bideoak doan ikusteko programa piratarik ez instalatu.

Eta gurasoei zuzendutakoak, berriz:

  • Seme-alaben nabigazioa gidatu edo/eta gainbegiratu ezazu.
  • Edukien iragazkiak dituzten programak instalatu eta adingabekoentzat egokiak ez diren edukiak mugatu itzazu.
  • Telefono enpresari 903 eta 906 zenbakietara egindako deiak blokeatu ditzala eska iezaiozu. Dei horiek eragozten dituzten programak ere instalatu daitezke.

Baina, batez ere, jazarpenaren biktima bazara, salatu ezazu.

 

2013ko urtarrilaren 14ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia digitala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Elkartasuna, arriskuan

Elkartasuna arriskuan

Isunak, baita kartzela zigorra ere, paperik gabeko etorkinei laguntzearren. Zigor Kodearen erreformaren aurreproiektuak paperik gabeko etorkinei laguntzen dieten pertsonak mehatxupean jarriko ditu. Laguntza ematearren hirutik hamabi hilabete arteko isunak eta sei hilabetetik urte bi arteko kartzela zigorra jaso dezakete. Horrela jasota dago 318 bis artikuluan. Artikuluak azken erabakia Fiskaltzaren esku uzten du. Artikuluaren lehen puntuan jasotakoaren arabera, “Fiskaltzak salaketa aurkezteari uko egin diezaioke, aipatutako pertsonari laguntza humanitarioa emateko asmoz bakarrik jardun den kasuetan”. Horren arabera paperik gabeko etorkinei lagundu edo etxean hartu dituzten pertsonak edo erakundeak atxilotuak, epaituak eta kasuan kasu, zigortuak izan daitezke. 

Artikulu berean, laguntza ematen dutenek irabazi asmoa duten kasuetarako ere zigorrak aurreikusita daude. Adibidez, legez Espainian bizitzeko paperik ez dutela jakin arren, gela bat alokatu edo eguneko menu bat saltzen dieten pertsonentzat.

Neurri horrek “abegikortasuna salba dezagun” elkartearen sorrera eragin du. Elkarte hau jurista, apaiz, irakasle eta bestelako herritarrez osatua dago. Kideek aipatu artikulua desagertzea eskatzen dute, eta BJKNren txosten batean “konstituzioaren kontrakoa” dela gogorarazi nahi dute. Laguntza lortu asmoz dokumentu bat osatu dute eta dagoeneko 31.000 sinadura bildu dituzte.

Eta zuk, zer iritzi duzu?

2013ko urtarrilaren 10ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook