Justizia herritarrengana hurbiltzen

Elkartasuna, arriskuan

Elkartasuna arriskuan

Isunak, baita kartzela zigorra ere, paperik gabeko etorkinei laguntzearren. Zigor Kodearen erreformaren aurreproiektuak paperik gabeko etorkinei laguntzen dieten pertsonak mehatxupean jarriko ditu. Laguntza ematearren hirutik hamabi hilabete arteko isunak eta sei hilabetetik urte bi arteko kartzela zigorra jaso dezakete. Horrela jasota dago 318 bis artikuluan. Artikuluak azken erabakia Fiskaltzaren esku uzten du. Artikuluaren lehen puntuan jasotakoaren arabera, “Fiskaltzak salaketa aurkezteari uko egin diezaioke, aipatutako pertsonari laguntza humanitarioa emateko asmoz bakarrik jardun den kasuetan”. Horren arabera paperik gabeko etorkinei lagundu edo etxean hartu dituzten pertsonak edo erakundeak atxilotuak, epaituak eta kasuan kasu, zigortuak izan daitezke. 

Artikulu berean, laguntza ematen dutenek irabazi asmoa duten kasuetarako ere zigorrak aurreikusita daude. Adibidez, legez Espainian bizitzeko paperik ez dutela jakin arren, gela bat alokatu edo eguneko menu bat saltzen dieten pertsonentzat.

Neurri horrek “abegikortasuna salba dezagun” elkartearen sorrera eragin du. Elkarte hau jurista, apaiz, irakasle eta bestelako herritarrez osatua dago. Kideek aipatu artikulua desagertzea eskatzen dute, eta BJKNren txosten batean “konstituzioaren kontrakoa” dela gogorarazi nahi dute. Laguntza lortu asmoz dokumentu bat osatu dute eta dagoeneko 31.000 sinadura bildu dituzte.

Eta zuk, zer iritzi duzu?

2013ko urtarrilaren 10ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Nola baliogabe daiteke ezkontzeko hitzordua?

Nola baliogabe daiteke ezkontzeko hitzordua?

Ezkontzea erabaki oso garrantzitsua da, maiteminduta gaudenean erabakitzen dugu, eta betirako iraungo duela uste dugu. Baina “bai, nahi dut” esan aurretik ere, gure planak aldaraziko dituzten zenbait kontu gerta daitezke. Hori gertatzen bazaigu, ba al dakigu ezkontzeko hitzordua nola baliogabetu?

Erabakia hartuta badaukazue, bi aldeetako batek ezkontza-espedientea hasitako Erregistro Zibilera jo beharko du espedientea baliogabetzeko eta artxibatzeko eskaera egiteko. Baliogabetzeko, erregistro zibilera joatea ezinbestekoa da, baina ez dute zertan bi aldeek joan behar.

Gertatzen dena gertatzen dela, zoriontsu izan zaitezte!
 

2013ko urtarrilaren 7ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. 39 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Erregistro zibilaren erreformari buruzko zalantzak

Erregistro zibilaren erreformari buruzko zalantzak

Justizia Ministerioak Erregistro Zibila Jabetza eta Merkataritza erregistroen esku utzi nahi du. Erabakiak eztabaida piztu du, onartuz gero, orain doan diren izapide asko ordaindu egin beharko direlako. Alberto Ruiz- Gallardón ministroak izapideak azkartu egingo direla adierazi du, eta era horretara, herritarrek organo judizial honi buruz duten iritzia hobetu egingo dutela uste du. Hala ere hainbatek Erregistro Zibila pribatizatu nahi izatea leporatu dio.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren urteko txostenaren arabera, Erregistro Zibila da 2011n kexa gehien jaso duen organoa. Estatu mailan bere jardunari buruzko 6.558 erreklamazio jaso zituen. Epaitegi eta auzitegi sistema osoak jasotako kexen %46 da.

Kopuru horretatik  362 kexa EAEn jaso ziren. Kexa guztien %2. Orokorrean, kexak eta iradokizunak horretarako espresuki jarritako postontzi batean uzten dira eta BJKNak datuak bertatik ateratzen ditu. Hala ere, Euskal Herriko Administrazioan ez dago postontzirik eta txostena osatzeko datuak beste bide batzuetatik eskuratu dira. Kexak eta iradokizunak  EAEko beste organo batzuetan jasotakoak eta herritarren arretarako zerbitzuan aurkeztutakoak edo posta elektroniko bidez jasotakoak dira. 

Leku aldaketak kexa kopurua gutxituko duela ere gaineratu du Gallardonek. Baina azkenean lekuz aldatzen bada jaiotza, heriotza, naziotasun edo ezkontza ziurtagiriak eskuratzeko ordaindu egin beharko dugu? Zer iruditzen zaizu aldaketa hau? Arazorik izan duzu Erregistro Zibilean?

2012ko abenduaren 28ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. 2 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Zein eragin izango dute tasa berriek?

Zein eragin izango dute tasa berriek?

Justizia Ministerioak egindako lege aldaketak eta horiek herritarrengan izango duten eragina ulertzea zaila izan daiteke. Hori dela eta, Leganes-eko Epaitegiko profesionalek diptiko bat egin dute. Diptiko horretan eguneroko egoerak azaltzen dira, eta bakoitzean zenbat ordaindu beharko dugun azaltzen da. Aipaturiko gidaliburuak ondorengoa ere jasotzen du:

“… eta seme edo alaba bat izatea erabakitzen dute.  Lege Proiektu berriaren arabera  Jabetza Erregistratzaile baten bidez inskribatuko dute haurra, dagokien zerga ordainduta.

Erregistroen Legearen erreformarako aurreproiektuak zalaparta handia eragin du. Beste gauza batzuen artean, ez du zehazten zerga noiz ordaindu behar den. Sortutako eztabaidaren aurrean, Alberto Ruiz Gallardón Justizia Ministroak jaiotza-inskripzioak doan izaten jarraituko dutela argitu zuen. Gauza bera gertatuko da heriotza-inskripzioekin. Bi horiek Erregistro Zibilean egindako izapideen %60 osatzen dute.

Hala ere zirriborroa ikertzen ari dira.  Baina zuk, herritarra zaren heinean, zenbait izapidegatik ordaindu egin behar dela uste duzu? Zure ustez, zeintzuk ordaindu beharko lirateke, eta zeintzuk izan beharko lirateke doan?

2012ko abenduaren 19ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Epaileek greba egiteko eskubidea dute?

Epaileek greba egiteko eskubidea dute?

Protestak, lanuzteak, manifestuak… eta epaileen greba. Oraindik ez dute berretsi, baina litekeena da. Epaileen elkarteek erabakia urtarrilera arte atzeratu dute; aurreikusitakoaren arabera, orduan onartuko da Botere Judizialaren Lege Organikoaren erreforma. Hala ere, epaileak funtzionarioak direla eta Estatuko botere bat direla azpimarratu behar da, eta ez dago argi Estatuko botere batek greba egiteko eskubidea duen ala ez. Justizia Ministerioak eta BJKNak ere ez dute gaia argitu, baina gai horren inguruan “hutsune legala” dagoela esatean bat datoz.

Arazoa 2009ko otsailaren 18an azaleratu zen. Egun horretan epaileek demokrazia garaiko lehen greba egin zuten. BJKNak ofizio bat eman zuen eta ofizio hartan, “epaile eta magistratuek greba egiteko duten eskubide hipotetikoaren” inguruko “arau-euskarririk” ez dagoenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzea eta deialdia iragartzea ezinezkoa zela adierazi zuen. Beraz, BJKNak ezin zituenez gutxieneko zerbitzuak ezarri, grebalariek ezarri zituzten gutxieneko zerbitzu horiek eta premiazko auziak baino ez zituzten izapidetu.   

Egoera horren aurrean, Mariano Fernández Bermejo orduko Justizia Ministroak, epaileek beraien eskubideak aldarrikatu ahal izateko modua ezartzen duen legea Ministroen Kontseilura bidaliko zuela iragarri zuen. Bere ustez ezin zuten grebarik egin Estatuko botere bat direlako. Harrezkero lau urte pasa dira, eta ez dago legerik. 

Hutsune legal horretaz baliatuz, joan zen azaroaren 14an 109 epailek greba egin zuten. BJKNak Justizia Ministerioaren esku utzi zuen greba onartzea eta ondorioak ezartzea (egun horretako soldata ez ordaintzea) eta epaileen idazkiak helarazi zizkion. Hilabete beranduago, Ministerioak adierazi du ez dituela idazkiak jaso, eta BJKNari greba eskubideari buruz erabaki bat hartu behar duela adierazi dio, bera baita epaileen gobernu-organo nagusia.

Laburbilduz, hutsune legala dagoela esatean biak datoz bat, baina ez nork konpondu behar duen esatean. Zure iritziz, nork hartu behar du erabakia? Epaileek greba egiteko eskubidea dute?
 

2012ko abenduaren 17ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Botere Judiziala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook