Justizia herritarrengana hurbiltzen

Hizkuntza juridikoak ulertezina behar du izan?

“Justizia berria herritarrentzat ulergarria den justizia da”. Hau da aditu batzorde batek hizkuntza juridikoaren eraberritzeari buruz  egindako txostenaren ondorio nagusietako bat.

Justizia Ministerioak duela gutxi argitaratutako ikerketa honetan, idatzitako testuen ulergarritasuna eta zuzentasun linguistikoa lortzeko aholkuak ematen dira.  Abokatuei, prokuradoreei, epaileei, gizarte graduatuei  eta Justizia Ministerioari zuzenduta dago eta gaztelaniaz egin behar ez denari buruzko hamaika adibide aurkitu daitezke bertan. 

Txostenean jorratzen den gaietako bat gramatika da.  Adibidez,  juristek paragrafo bat idazten dutenean ohikoa da puntuaziorik ez jartzea, eta amaigabeko esaldiak osatzea; hona hemen gaztelaniazko adibide bat:

“Se sostiene por la parte actora que el sindicato USCA ha sido objeto de discriminación, pero para que pueda apreciarse la existencia de esta situación, lo primero que se precisa es que se fije un término comparativo, estableciendo respecto a qué o a quien se discrimina, lo que omite la actora ya que se limita a referirse a que el comportamiento de la demandada constituye una exclusión y un rechazo de esta entidad sindical, con el propósito de entorpecer y desprestigiar la actividad sindical de USCA , y ello resulta sumamente difícil teniendo en cuenta que más del 95% de los controladores aéreos de AENA están afiliados a este sindicato.”

Gaztelaniazko paragrafo hauek ulertezinak dira edonorentzat. Testuan puntuak falta dira eta komak soberan daude, eta ongi ulertzeko gutxienez  bi alditan irakurri behar da .

Horrez gain, juristen artean latinezko esamoldeak erabiltzea ere oso ohikoa da. Gai hau txostenean honela argitzen da: latinezko esamoldeak ezin dira ekidin, baina behintzat  parentesi artean itzulpena jarri behar da.

  • Ab intestato:( norbait testamentua egin gabe hiltzen denean)
  • Ad hoc (helburu bat lortzeko ekintza edo bitarteko bat egokia denean)
  • De iure (legeekin bat datorrena)
  • Iuris tantum (aurkako probak onartzen dituena)

Argi dago  testu juridikoak ez direla inoiz kaleko hizkeraz idatziko. Testuek oso zehatzak izan behar dute eta terminologia juridikoa erabiltzea ezinbestekoa da. Baina honek ez du esan nahi beste hizkuntza batean idatzita diruditen testuak sortu behar direnik. Herritar gehienek ez dute arlo juridikoa ezagutzen, eta Justiziako profesionalek hauen lekuan jarri behar dute idatziak, eskabideak, eta herritarrek erabiliko dituzten idazkiak prestatzerakoan.

Euskarazko testu juridikoek, gainera, gaztelaniazko testuek dituzten antzerako arazoak eta bestelakoak ere badituzte. Izan ere, gaur egun oraindik ere euskaraz idatzitako testu juridiko gehien-gehienak euskarara egindako itzulpenak dira. Eta erdaraz idatzitako testu juridiko bat hizkuntzaren aldetik  txarra bada, nekez eska diezaiokegu itzultzaileari euskarazko bertsio egoki eta ona egiteko. Hala eta guztiz ere, ez dira gutxi euskarazko idazkiak herritarrei hurbiltzeko eta testu juridikoak ahalik eta argien eta zehatzen idazteko egiten diren ahaleginak.

Justizia.net-eko liburutegian hizkuntza juridikoaren eraberritzeari buruzko txosten osoa ikus dezakezu.

2011ko irailaren 29ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Botere Judiziala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Artikulua iruzkindu

*
*
Ez da argitaratuko
*
*