Justizia herritarrengana hurbiltzen

Itzultzaile Automatiko Neuronala, adimen artifizialetik abiatutako Eusko Jaurlaritzako proiektua

Urtea amaitu baino lehenago eskuko telefonoetarako eta tabletetarako app-ak prest izango dira.

‘Itzultzaile Automatiko Neuronala’ hainbat urtetako lanaren ondoren sortu da eta 20 urtez IVAP-ek, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, bildutako itzulpen-memoriak erabiliz hobetu da.

Itzultzaile berria www.euskadi.eus/itzultzailea webgunean eskegi berri da, itzultzaile gramatikalarekin batera. Momentuz beta bertsioa jarri da, hiritarrek proba dezaten eta itzultzailea bera treba dadin.

Hilabete batzuen buruan behin betiko bertsioa eskegiko da. Edonola ere, beta bertsioak kalitate handiko itzulpenak egiten ditu. Erabilera oso erraza da. Erabiltzaileak itzulpenaren norabidea hautatu behar du eta, horren ostean, testua sartu behar du horretarako prestatutako gunean. ‘Itzuli’ botoia sakatuz, segundo bakar batzuetan itzulpena eskura izango du. Itzultzaileak 4.000 karaktere dituzten testuak itzul ditzake erabilera bakoitzeko.

Urtea amaitu baino lehenago eskuko telefonoetarako eta tabletetarako app-ak prest izango dira; gainera, telefonoetan posible izango da ahotsaren bidez itzulpenak eskatzea, hau da itzulpena diktatzea.

Giza-garunaren funtzionamendua

Sare neuronalen bidezko itzulpen automatikoa teknologia berri samarra da, adimen artifizialaren garapenetako bat da. Esan daiteke sistema horiek azken hiru urteotan hasi direla erabiltzen modu produktiboan. Itzulpen automatikoari dagokionez, jauzi kualitatiboa  da orain arte erabili izan diren sistemekin alderatuta (gramatika-analisian eta –transferentzian oinarritutakoak, sistema estatistikoak edo horien hibridoak). Zupiriak azaldu duenez, giza garunaren funtzionamendua imitatzen saiatzen dira, beraz, entrenamendua behar dute ikasteko.

Esan daiteke horrelako itzultzaileak etengabe ikasten ari direla; alabaina, horretarako, corpus elebidun handiak behar dituzte, hau da itzulpen-memoriak behar dituzte, kalitatekoak (kalitatea ematen hasteko 3 milioi itzulpen-unitate behar dira). Horregatik, proiektu hau aurrera ateratzeko Eusko Jaurlaritzako sail ezberdinak aritu dira elkarlanean. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea ekimen honen atzean izan dira, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearekin eta hizkuntza lantzen duten beste erakunde batzuekin batera, hala nola, EITB.

2019ko urriaren 23ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Euskara eta Justizia. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Artikulua iruzkindu

*
*
Ez da argitaratuko
*
*