Justizia herritarrengana hurbiltzen

Justizia digitala

Eusko Jaurlaritzak Administrazio Judizial Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoaren biktimei ematen zaien laguntza hobetzeko lantaldea gidatuko du

Eusko Jaurlaritzak Administrazio Judizial Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoaren biktimei ematen zaien laguntza hobetzeko lantaldea gidatuko du

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak Administrazio Judizial Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoak (AJEEBT) sortu duen biktimei ematen zaien laguntza hobetzeko lantaldea gidatuko du. Lantalde berriak, erabiltzaileei zerbitzu ahalik eta osoena emateko helburuarekin, biktimei  laguntzeko bulegoetan behar diren hobekuntza teknologikoak aztertuko ditu, beti ere, dibertsitate funtzionala duten norbanakoei, adingabeei eta genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktimei arreta berezia eskainiz.

Horrela adostu du AJEEBTren Batzorde Iraunkorrak, otsailaren 6an Logroñon.  Batzarrean parte hartu dute, ministerioko kideez gain, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren ordezkariek, Estatuko Fiskaltza Nagusikoek, justizia administrazioaren letraduen kidegoak, eta justizia eskumena duten autonomia erkidegoek, Kataluniak eta Galiziak ezik. Azken bi hauek Nafarroa izan dute ordezkari.

Eusko Jaurlaritzak Justizia Ministerioarekin elkarlanean gidatuko du lantaldea, eta organo judizialek delituen biktimekin duten harremana hobetzeko zein bitarteko teknologiko ezar daitezkeen aztertuko du, 4/2015 Lege Organikoak, Biktimaren Estatutua arautzen duena, betez.

Arau horretan biktima guztiek dituzten eskubideen zerrenda jasota dator. Estatutuaren ezarpena hobeezina izan dadin, kudeaketa prozesalerako sistema ezberdinetan ezarri behar diren baliabide teknologiko egokienak bilatuko ditu AJEEBTk. Estatutuak, besteak beste, hurrengo eskubideak aitortzen dizkie biktimei: ulertzeko eta ulertua izateko eskubidea, informazioa jasotzeko eskubidea, babes-eskubidea, zigor-arloko prozesuan aktiboki parte hartzeko eskubidea eta errespetuzko tratu profesionala, indibidualizatua eta ez diskriminatzailea jasotzeko eskubidea.

2019ko otsailaren 8ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia digitala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Datuen babeserako Europako lege berria derrigorrean bete behar da gaurtik aurrera

Datuen babeserako Europako lege berria derrigorrean bete behar da gaurtik aurrera

Gaurtik aurrera Europar Batasuneko estatu guztiek derrigorrean bete behar dute Datuen Babeserako Araudi Nagusi berria (DBAN). Araudi berriak, herritarrek euren informazio pertsonalari buruz dituzten eskubideak areagotzen ditu, eta Datuen Babeserako Lege Organikoa ordeztuko du.

Europako araudi berriaren helburu nagusietako bat, enpresek eremu digitalean erabiltzaileen datuekin egiten duten erabilera arautzea, eta batez ere, interneten egiten den datuen erabilera okerretatik norbanakoak babestea da.

Datuen Babeserako Espainiako Agentziaren arabera, araudi berriak eskubide berriak gehitu ditu, herritarrek norbere datu pertsonalen gainean duten kontrola eta erabakitzeko gaitasuna areagotzeko helburuarekin. 

ARCO (gaztelaniatik) eskubideekin gertatzen zen bezala -Sarbide, Zuzenketa, Kantzelazio eta Aurkaratzeko eskubideak-, Europako araudian jasotako eskubideak gauzatzea erabat doanekoa da herritarrentzat.

Maiatzaren 25etik aurrera, Datuen Babeserako Araudi Nagusi berria derrigorrean bete beharko da. DBANk herritarrei aitortzen dizkien eskubideak hurrengoak dira:

Sarbide eskubidea. Zure datuak zertarako erabiltzen diren, noiz arte erabiliko diren, nazioartera transferitu diren ala ez eta profil automatizatuak sortu diren ala ez jakiteko eskubidea duzu.

Zuzentzeko eskubidea.  Datuak okerrak badira edo osatu gabe badaude, zuzentzeko eskubidea daukazu.

Ezabatzeko eskubidea. Eskubide hau “ahaztua izateko eskubide” bezala ere ezaguna da. Zure datu pertsonalak ezabatzeko eskubidea duzu, adibidez, bilduak izan ziren egitatearen xedea iraungi bada.

Trataera mugatzeko eskubidea. Dagokion arduradunari zure datuen tratamendua eteteko edo datuak gordetzeko –kasuan kasu- eskatzeko eskubidea daukazu.

Eramangarritasun eskubidea. Zure datuak beste zerbitzu-hornitzaile batera eramateko eska dezakezu.

Erabilera ukatzeko eskubidea. Zure datuen tratamendua ukatzeko eskubidea duzu, arrazoi pertsonalak direla eta, edo adibidez, zuzeneko marketin-erako erabiltzen dituztelako.

2018ko maiatzaren 25ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia Europan. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook