Justizia herritarrengana hurbiltzen

Justizia digitala

Fidagarriak al dira sakelakoetarako aplikazioak?

Fidagarriak al dira sakelakoetarako aplikazioak?

App izenez ezagunak diren sakelakoetarako aplikazioak modako bilakatu dira Smartphone erako telefono erabiltzaileen artean (sakelako telefono adimentsuak). Aplikazio dendek 1.600 app berri baino gehiago jasotzen dituzte egunero, eta telefono adimentsuen erabiltzaileek ere geroz eta aplikazio gehiago jaisten dituzte euren sakelakoetan.

Baina gure datuak babestuta al daude aplikazio horiek guztiak jaisten ditugunean?  Zalantza hori bera zuten datuen babeserako Europako agintariek, eta hori dela eta, sakelakoetarako aplikazioen pribatutasunari buruzko lehen irizpen bateratua onartu berri dute. Irizpenean sakelakoetarako aplikazio guztiek datuen babeserako Europar Batasunaren araudia bete behar dutela azpimarratzen da.

Batez ere Aplikazioen sortzaileek dituzten betebeharrak zehazten dira dokumentuan, baina horrez gain, salmenta lekuek, sistema eragileen eta aparatuen ekoizleek eta publizitate hornitzaileek dituzten betebeharrak ere biltzen dira bere baitan.  

Gure smartphonean aplikazio berri bat instalatzen dugun bakoitzean, gure pribatutasuna arriskuan jartzen egon gaitezkeela kontutan izan behar dugu.  Adibidez, duela gutxi egindako ikerketa batean jasotakoaren arabera, erabiltzaileek gehien jaitsi dituzten 150 app-etatik 61ek bakarrik dauzkate ezarrita pribatutasun politikak.

App horiek erabiltzen dituztenek beti izan beharko lituzkete kontrolpean euren izaera pertsonaleko datuak.  Eta “instalatu” botoian sakatze hutsarekin ez genituzke gure datuak edonori helarazteko ateak ireki behar .

Baina zertarako nahi ditu norbaitek gure datuak, edo app bidez eskuratu dezakeen bestelako edozein informazio?

Britainiako ikertzaile batzuek “Facebook"-eko erabiltzaileak zur eta lur utzi dituen ikerketa bat argitaratu dute. Zientzialari hauek algoritmo bat asmatu dute. Horren bidez, sare sozial ezagun horretan sakatutako “atsegin dut” aukeraren bidez erabiltzaileen arraza, adina, sexualitatea, pentsaera politikoa, eta adimen-kozientea zenbatekoa den jakin dezakete.

Beraz, auskalo zer jakin ahal izango duten app-ek gure telefonoetatik eskuratzen dituzten datuekin.

2013ko apirilaren 8ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia digitala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Ahanztura-eskubidea egikaritu daiteke?

Ahanztura-eskubidea egikaritu daiteke?

Gure izena bilatzaile batean kakotxen artean idazten badugu, isun bati, web atari batean idatzitako iruzkin bati edo  desordena publiko bati lotuta agertzea gerta daiteke. Inoiz aldizkari ofizial batean azaldu bagara, edo zordunen zerrenda batean egon bagara, litekeena da hori ere azaltzea. Bidezkoa da, ala hori guztia atzean utzi eta ahantziak izateko eskubidea daukagu?

Europako Justizia Auzitegia (EJA) informazio hori bilatzaileetan agertzea zilegi den ala ez aztertzen ari da. Zehazki, Googlek Europako eta Espainiako datuen babesari buruzko araudia bete behar duen ala ez eta ahantzia izateko eskubidea aintzakotzat hartu behar duen ala ez aztertzen ari da. Momentuz, aurreko astean jendaurreko ikustaldia egin zen. Ikustaldian Googlek, Europako Batzordeak eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziak (DBEA) parte hartu zuten.  

Auzia, Auzitegi Nazionalak interneteko bilatzaileetan ahantzia izateko eskubidearen ezarpenari buruz epaitu aurreko arazoa EJAn aurkeztu duelako iritsi da Europara. Izan ere, Datuak Babesteko Espainiako Agentziak eragindako pertsonentzat kaltegarriak izan zitezkeen datuak bilatzaileetan ez indexatzeko eskatu ostean, Googlek 200 ebazpen inguru aurkaratu baitzituen.

Zehazki, EJAk La Vanguardia egunkarian duela urte batzuk argitaratutako enkante-iragarki bat aztertu zuen. Gizon bat Gizarte-Segurantzarekin zorretan egon eta, horren ondorioz, bere etxebizitza enkantean atera zen iragarki horren bidez. Herritar horrek iragarkia web orritik, egunkaritik eta interneteko bilatzaileetatik – horien artean Googletik-  erretiratzeko eskatu zuen.

Estatu Batuetako enpresak informazioa ezabatu behar duena eduki-hornitzailea bera izan behar duela uste du. Horrela adierazi zuen EMEAn enpresa horretako komunikazio eta auzi publikoetarako zuzendaria den William Echikson-ek . EJAk aztertutako iragarkia kontuan hartzen badugu, Kataluniako egunkaria da iragarkia kendu behar duena. Gainera, EJAren aholkua DBEAren aldekoa bada, hurrengo ebazpenek bere adierazpen askatasunaren aurka egingo lukete. Zeintzuk dira Googlek proposatutako irtenbideak? Informazio iturriek – gure adibidean La  Vanguardia izango litzateke- bilatzaileen motorrei mota horretako informazioa bilatzea eragozten dieten teknologiak erabiltzea.

Momentuz bederatzi hilabete eta urte bete artean zain egon beharko dugu, Europako Auzitegiak Auzitegi Nazionalarentzako gomendioak biltzen dituen txostena argitaratu arte. Ondoren, azken horrek Googlek aurkaratutako auzi bakoitzari dagokion epaia emango dio.

Zein izango da irizpena?

2013ko martxoaren 8ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia digitala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook