Justizia herritarrengana hurbiltzen

Justizia Errestauratiboko adituak Arazoak Ebazteko Estatu Batuetako Auzitegiei buruz aritu dira Bilbon

Zuzenbide gizarteratzailean aitzindari eta aditu Kim Wrightek Arazoak Ebazteko Estatu Batuetako Auzitegiei buruzko hitzaldia eman du gaur Bilbon. Auzitegi mota horiek 80. hamarkadaren amaieran sortu ziren Amerikako Estatu Batuetan, delituen jatorrian dauden arazo sozial konplexuak konpontzeko helburuarekin, eta bide batez, arau hausleentzat  espetxearen ordezko erak eskaintzeko asmoz. 

Kim Wright Roberto Morenoren ondoan azalpenak ematen

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Hitzaldia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren Zuzendaritzak antolatu du, Zuzenbide Kolaboratiboko Euskadiko Elkartea eta Oñatiko Soziologia Institutuarekin lankidetzan. Kim Wrightek azaldutakoaren arabera, hasiera batean drogamenpekotasunak zituzten pertsonekin lan egiteko auzitegiak sortu ziren –egun, mota horretako 4.000 auzitegi daude- eta gaur egun, horrez gain, arlo ezberdinak jorratzen dituzten mota bereko epaitegiak ere daude, besteak beste, etxe barruko indarkeriak arlokoak, buru osasunekoak, edo ludopatiakoak –guztira, 1.500 auzitegi-. Zuzenbide gizarteratzailean adituak azpimarratu duenez, Arazoak Ebazteko Auzitegiak Estatu Batuetako historiako lorpenik handiena dira, eta sistemak funtzionatzeko epaileen parte hartzea ezinbestekoa izan da. Kim Wright Justizia Errestauratiboa ezartzearen alde ere agertu da, eta prozedura horiek arrakastatsuak izateko ezinbesteko hiru gauza behar direla esan du: azkar parte hartzea, epaileak inplikatzea eta etengabeko prestakuntza.Horrez gain, arrakastaren oinarria auziak bideratzeko baliabideak izatea dela gaineratu du.  

Hitzaldian eta ondoren egon den mahai-inguruan parte hartu dute, besteak beste, Bulego Judizial eta Fiskalaren Modernizaziorako Zuzendari Amparo Lopez, Eusko Jaurlaritzako Helduen Justizia Zerbitzuko buru Roberto Moreno, Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuko kideak, abokatuak, betearazpeneko eta espetxe zaintzako epaileak, zigor arloko magistratuak, Zuzenbide Kolaboratiboko Elkarteko kideak eta Oñatiko Soziologia Institutuko kideak.

 

Entzuleak Kim Wrighten azalpenei  adi

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

2019ko martxoaren 18ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Artikulua iruzkindu

*
*
Ez da argitaratuko
*
*