Justizia herritarrengana hurbiltzen

Justizia Ministerioa

Zigor-aurrekariak ezereztu al daitezke?

Zigor-aurrekariak ezereztu al daitezke?

Epai irmo bidez zigortuak izan diren pertsonek, erantzukizun penalari dagokion denbora bete badute, zigor-aurrekariak ezereztea eska diezaiokete Justizia Ministerioari. 

Ezereztea gauzatu ahal izateko zigortuek hurrengo baldintzak bete behar dituzte:
Hasteko, eskatzaileak ez du deliturik egin behar zigorra bete ostean. Adibidez, zigor arina ezarri bazaio gutxienez sei hilabetez deliturik egin gabe egon beharko du aurrekariak ezereztea eskatu aurretik. Zigor larria bada bost urtez egon beharko du inolako deliturik egin gabe.
Bigarren baldintza hurrengoa da; kontuan izanik erantzukizun penalaz gain erantzukizun zibila ere badagoela, eskatzaileak epaiketan ezarri zioten zigor ekonomikoa ere ordainduta izan beharko du. Hala ere baldintza hau ez da ezinbestekoa, adibidez, epaileak edo auzitegiak zigortua kaudimengabea dela onartu badu.
Zer behar dut?
Zigor aurrekariak ezereztea eskatzeko hurrengo dokumentazioa behar duzu:
  • Ezereztea eskatzeko inprimakia.
  • Espainiarra bazara, NANaren fotokopia erkatua. NANa indarrean egon behar dela gogoratu ezazu.
  •  Atzerritarra bazara, bisatua duen pasaportearen kopia erkatua edo indarrean dagoen egoitza txartela.
  • Eskaera ordezkari baten bitartez egiten baduzu, ordezkariak notario ahalordetza edo bere ordezkaritza egiaztatuko duen bestelako agiri legala aurkeztu beharko du. Baldintza guztiak betetzen badituzu eta dokumentazio guztia eskura badaukazu, aurrekariak ezerezteko eskaera hurrengo lekuetan aurkez dezakezu: Justizia Ministerioaren Erregistro Orokorrean, eta atzerrian bazaude bulego diplomatikoan edo Espainiako kontsulatuan. 
2013ko uztailaren 15ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia Ministerioa. 2 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Edozein kondenatu indultatu al daiteke?

Edozein kondenatu indultatu al daiteke?

Azken aste hauetan indultuari buruz zabal hitz egin da, baina, ba al dakigu zer den? Epai irmoz kondenatutako pertsona bati indultua ematean, zigorraren zati bat edo zigor osoa kentzen zaio, baina ez ditu zigor aurrekariak galtzen. 

Indultua mesede-neurria da, salbuespenetan ezartzen da, eta Espainiako erregeak erabakitzen  du ematea Justizia ministroak egindako proposamenaren gainean. Horren aurretik proposamena Ministroen Kontseiluan eztabaidatu behar da. Neurri hau edozein presok eska dezake; ez da delitu-mota kontuan hartzen. Hala ere hurrengo kasuetan ezin da eskatu: Zigor arloko prozesua amaitu gabe badago eta presoa epai irmoz zigortua izan ez bada, presoa  zigorra betetzeko Auzitegi epai-emailearen esku ez badago, edo epai irmoz zigortutako delitu berean edo beste batean berrerori bada. 

Bi indultu mota daude: Indultu osoa edo zati batekoa. Indultu osoan oraindik bete gabeko zigor guztiak kentzen dira. Zati batekoan, berriz, ezarritako zigorretako bat, batzuk, edo oraindik bete gabeko zigorraren zati bat kentzen da.

Zigortutako pertsonak indultua jasotzeko bi baldintza daude:  Batetik, presoa aske geratzeak ez du beste pertsonengan inolako kalterik eragin behar, eta ez ditu beste pertsonen eskubideak urratu behar. Bestetik, ezinbestekoa da alderdi ofendituari entzun izana.

Indultua presoak berak, edo bere izenean bere senideek edo beste edozein pertsonak eska dezake.  Horretarako, presoaren gizarteratzea egiaztatzen duen dokumentazio guztia bidali behar zaio Justizia ministroari. Epaitegi eta auzitegi batek baino gehiagok zigortu badute, indultua eskatzen duen zigor bakoitzeko eskaera bat aurkeztu behar da. Gainera gomendagarria da lanean eta familian birgizarteratu dela egiaztatuko duten ziurtagiriak aurkeztea. Desintoxikazio prozesu bat egin badu, horri buruzko informazioa ere bidali behar da.

Neurri horri buruzko informazio gehiago nahi baduzu, Justizia Ministerioak bere web atarian indultuari buruzko atal bat dauka; bertan bete beharreko inprimakia ere eskuratu dezakezu.  
 

2013ko otsailaren 7ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia Ministerioa. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook