Justizia herritarrengana hurbiltzen

Justizia digitala

Ahanztura-eskubidea egikaritu daiteke?

Ahanztura-eskubidea egikaritu daiteke?

Gure izena bilatzaile batean kakotxen artean idazten badugu, isun bati, web atari batean idatzitako iruzkin bati edo  desordena publiko bati lotuta agertzea gerta daiteke. Inoiz aldizkari ofizial batean azaldu bagara, edo zordunen zerrenda batean egon bagara, litekeena da hori ere azaltzea. Bidezkoa da, ala hori guztia atzean utzi eta ahantziak izateko eskubidea daukagu?

Europako Justizia Auzitegia (EJA) informazio hori bilatzaileetan agertzea zilegi den ala ez aztertzen ari da. Zehazki, Googlek Europako eta Espainiako datuen babesari buruzko araudia bete behar duen ala ez eta ahantzia izateko eskubidea aintzakotzat hartu behar duen ala ez aztertzen ari da. Momentuz, aurreko astean jendaurreko ikustaldia egin zen. Ikustaldian Googlek, Europako Batzordeak eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziak (DBEA) parte hartu zuten.  

Auzia, Auzitegi Nazionalak interneteko bilatzaileetan ahantzia izateko eskubidearen ezarpenari buruz epaitu aurreko arazoa EJAn aurkeztu duelako iritsi da Europara. Izan ere, Datuak Babesteko Espainiako Agentziak eragindako pertsonentzat kaltegarriak izan zitezkeen datuak bilatzaileetan ez indexatzeko eskatu ostean, Googlek 200 ebazpen inguru aurkaratu baitzituen.

Zehazki, EJAk La Vanguardia egunkarian duela urte batzuk argitaratutako enkante-iragarki bat aztertu zuen. Gizon bat Gizarte-Segurantzarekin zorretan egon eta, horren ondorioz, bere etxebizitza enkantean atera zen iragarki horren bidez. Herritar horrek iragarkia web orritik, egunkaritik eta interneteko bilatzaileetatik – horien artean Googletik-  erretiratzeko eskatu zuen.

Estatu Batuetako enpresak informazioa ezabatu behar duena eduki-hornitzailea bera izan behar duela uste du. Horrela adierazi zuen EMEAn enpresa horretako komunikazio eta auzi publikoetarako zuzendaria den William Echikson-ek . EJAk aztertutako iragarkia kontuan hartzen badugu, Kataluniako egunkaria da iragarkia kendu behar duena. Gainera, EJAren aholkua DBEAren aldekoa bada, hurrengo ebazpenek bere adierazpen askatasunaren aurka egingo lukete. Zeintzuk dira Googlek proposatutako irtenbideak? Informazio iturriek – gure adibidean La  Vanguardia izango litzateke- bilatzaileen motorrei mota horretako informazioa bilatzea eragozten dieten teknologiak erabiltzea.

Momentuz bederatzi hilabete eta urte bete artean zain egon beharko dugu, Europako Auzitegiak Auzitegi Nazionalarentzako gomendioak biltzen dituen txostena argitaratu arte. Ondoren, azken horrek Googlek aurkaratutako auzi bakoitzari dagokion epaia emango dio.

Zein izango da irizpena?

2013ko martxoaren 8ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia digitala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Ziberjazarpena salatu

Ziberjazarpena salatu

Gizarte-sareak komunikatzeko era berria dira, baina arriskutsuak ere izan daitezke.    Identitate faltsu baten atzean edonor ezkuta daiteke, eta mehatxatu edo derrigortu egin zaitzake. Bitarteko hauen erabileraren gorakadak psikologikoki erasotzeko era berri baten agerpena eragin du: ziberjazarpena . Anonimotasunean babestuta iraindu, jazarri eta mehatxatu egin zaitzakete. Hala ere, beldurraren eraginez, kaltetutako pertsonek ez dituzte beti gertaerak salatzen.

Estatuko Segurtasun Indarrek emandako datuen arabera, 1.187 salaketa aurkeztu ziren 2010. urtean internet bidezko mehatxu eta derrigortzeak salatzeko. Urte osoari buruzko datu guztiak biltzen dituen azken txostena da 2010 urtekoa. 2006. urteko datuekin alderatuz gero, salaketa kopurua bost aldiz handiagoa da. Datuok Barne Ministerioak CIUko Corali Cunyat senatariari eman dizkio eta La Vanguardia egunkariak eman ditu argitara.

Ziberjazarpenak adingabeak bereziki kaltetzen ditu. Protégeles, Save the children eta Fundación de Ayuda a Niños y Adolescentes en Riesgo (Anar)GKEk hurrengo aholkuak ematen dituzte: Mezuak ez erantzun, baina bai gorde, eta gurasoei, irakasleei edo elkarte hauetakoren bati gertaeraren berri eman. 

Ertzaintzaren web atarian ere zenbait aholku jasota daude: Adingabeei zuzendutakoak:

  • Ez eman ez zure benetako izena, ez eta telefonoa, helbidea edo senideen daturik ere.
  • Ez lotu inoiz hitzordurik ezezaguna den pertsona batekin, eta interneten eduki desegokiak ikusten badituzu zure gurasoak jakinaren gainean jar itzazu.
  • Argazkiak edo bideoak doan ikusteko programa piratarik ez instalatu.

Eta gurasoei zuzendutakoak, berriz:

  • Seme-alaben nabigazioa gidatu edo/eta gainbegiratu ezazu.
  • Edukien iragazkiak dituzten programak instalatu eta adingabekoentzat egokiak ez diren edukiak mugatu itzazu.
  • Telefono enpresari 903 eta 906 zenbakietara egindako deiak blokeatu ditzala eska iezaiozu. Dei horiek eragozten dituzten programak ere instalatu daitezke.

Baina, batez ere, jazarpenaren biktima bazara, salatu ezazu.

 

2013ko urtarrilaren 14ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia digitala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook