Justizia herritarrengana hurbiltzen

Justiziarekin elkarlana

Ekainak 4, Justizia Konponarazlea eta Espetxea nazioarteko mintegia Bilbon

Ekainak 4, Justizia Konponarazlea eta Espetxea nazioarteko mintegia Bilbon

Datorren ekainaren 4an Justizia Konponarazlea eta Espetxea nazioarteko mintegia egingo da Euskadiko Artxibo Historiakoan. Justizia Sailburuorde Miren Gallastegik aurkeztuko du mintegia eta Lan eta Justizia Sailburu Maria Jesus San Josek emango dio amaiera.

Mintegian nazioartean ibilbide luzea duten hainbat hizlarik hartuko du parte, horien artean Libardo Ariza dago, Kolonbiako Los Andes Unibertsitateko irakasle eta Unibertsitateko Espetxe ikerketa taldeko Zuzendari, Zuzenbidean doktore (Deustuko Unibertsitatea) eta Zuzenbidearen soziologian Master of Arts; jurista eta ENLACE Andaluziako Federazioaren bitartekari Jorge Ollero; eta Johannes Feest. Azken hau, erretiroa hartuta badago ere, alemaniako espetxe legediari buruzko artikuluak argitaratzen ditu eta beste ardura batzuen artean Oñatiko Soziologia Institutuko Zuzendari Zientifikoa izan zen.

Jardunaldian mahai-inguru bat ere egongo da, Justizia Konponarazleak espetxe barruan izan dezakeen bideragarritasunaren inguruan.  Mahai-ingurua Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren Justizia Zuzendari eta Helduen Justizia zerbitzuaren arduradun eta Justizia Konponarazlearen Europako Foroaren Batzorde Exekutiboaren kide Roberto Moreno Alvarezek zuzenduko du.

2018ko maiatzaren 28ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook
  • Google +

Euskadiko Familia Elkarguneek 842 familiari eman zieten arreta 2017an

Euskadiko Familia Elkarguneek 842 familiari eman zieten arreta 2017an

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak, epaileak agindutako kontsultaren ondoriozko familia-elkarguneei buruzko urteko ebaluazio-txostena aurkeztu du; 2017an, 842 familiari eman zieten arreta eta, guztira, 2.864 pertsonari: 1.145 adingaberi eta 1.719 helduri.

Familia-elkarguneak espazio neutralak dira, doakoak; segurtasun-berme guztiak eskaintzen ditu adostasunik gabeko familia-nukleoa hausten den egoeretan, gatazka, tratu txar eta beste hainbat egoeratan. Eta diziplina anitzeko ekipo psikosozialak eta adituak dituzte, eta horiek une oro zaintzen eta babesten dituzte adingabeak.

María Jesus San José sailburuak gogorarazi du familia elkarguneak direla Eusko Jaurlaritzak ama, aita edo umearen tutoretza dutenen esku jartzen dituen espazio egokiak, hura bisitatu edo epaileak ezarritako trukeak egin ahal izateko. “Euskadin –esan du sailburuak–, guztira, 6 familia-elkargune ditugu; Bilbon, Donostian, Gasteizen, Barakaldon, Portugaleten eta Durangon inauguratu berri duguna. Durangokoa aurtengo maiatzean hasiko da Durangaldeko eta Lea Artibaiko eskualdeetan bizi diren familiei zerbitzu ematen, kontuan hartuta orain arte Bilbora arte joan behar zutela truke eta tutoretzapeko bisitetarako. Une hauetan, Tolosako eta Gernikako familia-elkarguneen diseinuan eta abiaraztean ari gara lanean eta, horretarako, lankidetza-hitzarmenak adostuko ditugu horietako udalekin, duela aste bi baino ez, apirilaren 20an, Durangoko alkatearekin sinatu nuenaren antzera”.

Trukeak eta tutoretzapeko edo ikuskaritzarik gabeko bisitak dira familia-elkarguneetan egiten diren jarduketa nagusiak, eta 2017an guztira 17.497 izan ziren (9.759 truke, 7.125 tutoretzapeko bisita eta ikuskaritzarik gabeko 613 bisita). Aurreko ekitaldiaren aldean, murrizketa antzeman da, bai egindako trukeei dagokienez (-% 11,4), bai programatutakoetan (-12,65). María Jesús San José sailburuak zehaztutakoaren arabera, “2017an, programatutako jarduketen kopuruak, guztira, % 7 egin zuen behera, eta eginikoen kopuruaren beherakada % 6 baino pixka bat gehiagokoa izan zen (6,2); izan ere, truke gutxiago egon zen, tutoretzapeko bisitetan gorakada txikia izan zen eta ikuskaritzarik behar ez duten bisiten kopuruak % 9 baino pixka bat gehiago egin zuen gora, eta ikuskaritzarik gabeko 613 bisita izan ziren”.

Familia-elkarguneetan arreta jaso zuten familien % 70ek seme edo alaba bakarra zeukan, eta ume gehienek (% 60) 3 eta 11 urte bitartean zituzten. Familia-elkarguneetan umeen zaintza esleituta duten pertsona edo erakundeei erreparatuz gero ikusten da amak duela zaintza kasuen % 85ean, eta aitak % 11n, gutxi gorabehera, eta zaintza partekatua ez dela % 2ra iristen.

Iaz izan ziren espediente judizial guztien jatorrizko epaitegiak aztertuz gero ikusten da % 42 emakumeenganako indarkeriaren epaitegietakoak direla eta % 33 familia-epaitegietakoak. “Gainerakoak –azaldu du San Josék– 1. instantziako edo instrukzioko epaitegiek bideratutako prozedurak izan ziren, familia-epaitegirik edo zigor-arloko epaitegirik ez duten barruti judizialetan. Urruntzeko eta babesteko aginduak direla eta, guztira 271 izan ziren, Urruntzeko agindu gehienak, % 94, gizonei egokitu zitzaizkien. Guztira urruntzeko 255 agindu izan ziren, aurreko urtean baino zazpi gutxiago. Halaber, adingabeen gaineko babes-aginduek ere behera egin zuten, lehen zazpi ziren eta orain lau izan dira eta, ordea, emakumeen gaineko babes-aginduek gora egin zuten, bostetik bederatzira”.

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak, amaitzeko, familia-elkarguneen helburu berezietako batzuk, besteak beste, honako hauek direla gogorarazi du: umeek beren familiartekoekin harremana izaten jarraitzeko duten eskubidea bermatzea, umeen segurtasuna eta ongizatea babestea bisiten erregimenean, eta adingabeei askatasunez eta beldurrik gabe beren sentimenduak eta beharrizanak adierazten laguntzea. “Euskadiko familia-elkarguneetan –esan du– harremanak hobetzeko orientazioa ematen dugu eta ama eta aitei beren seme-alabekin zerbitzua ematen duten profesionalen laguntzarik eta ikuskaritzarik gabe harremanak edukitzeko gaitasuna izateko behar diren trebetasunak ematen dizkiegu. Aita eta amei beren seme-alabak errespetuan, berdintasunean eta bizikidetzan oinarrituta hezteko prestakuntza ematen diegu”.

2018ko maiatzaren 4ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook
  • Google +