Justizia herritarrengana hurbiltzen

Martxoak 8, Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna

Martxoaren 8rako eginiko kanpaina, Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna.

Emakundek aurtengo emakumearen nazioarteko egunerako –martxoak 8–diseinatutako kanpainak zera eskatzen die pertsona helduei: belaunaldi gazteagoekin arduratsu jokatzeko eta egunero transmititzeko berdintasuna bizitzaren arlo guztietan.  Hala, “Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna” lelopean, neskatilak eta mutikoak ditu protagonista, haien bidez gogorazten baitigu ikastaldi baten fruitu direla haien jarrerak, balioak, bizitzaren ikuspegia… 

Sentsibilizazio-kanpainak azpimarratzen duenez, berdintasunean oinarritutako balioak ez dira berez sortzen; berdintasuna ikasi egiten da, beste balio, jarrera edo gizartean jokatzeko modu batzuk ikasten diren bezala, eta, horrenbestez, pertsonen sozializatzearekin zerikusia duten eragile guztiek erantzukizun handia dute berdintasuna eta eredu berdintzaileak irakasterakoan, eta, zentzu horretan, bereziki belaunaldi gazteengan jarri behar dute arreta.   

Martxoaren 8rako eginiko kanpaina, Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna.

Izan ere, kanpainaren aurkezpenean, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, “ezin dugu gizarte berdintzailea eraiki, baldin eta eskolak, gurasoek, komunikabideek, enpresek, eta azken finean gizartea osatzen dugun  pertsona guztiok ez badugu erakusten, gure mezuen bidez, eta batez ere gure ekintzen bidez, errespetuan, pertsonen eskubideetan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunetan oinarritutako balioak”.  Landaidak defendatu du, ildo horretan, gure gizartean berdintasunaren aurkako inertzia indartsuak finkatuta daudela kontuan hartuta, “berdintasuna irakatsi ezean, azkenean,  desberdintasuna ikasten dela”.

Martxoaren 8rako eginiko kanpaina, Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna.

Zenbait egoera erakusten du kanpainak: esate baterako, gizonak etxeko lanak egiten eta seme-alabak zaintzen,  arlo bietan ardura parteka dezaten eta jarraitu beharreko eredu bilaka daitezen; edo beste egoera batzuk non emakumeak protagonistak diren gizonak nagusi diren eremuetan, esaterako, teknologian edo zientzian, eremu horietan ere emakumeak erreferentetzat jo ditzaten belaunaldi berriek.  Hala, bada, kanpainak azpimarratzen du zer garrantzitsuak diren helduek etxean, eskolan, kalean, telebistan edo interneten etxeko gazteei transmititzen dizkieten ereduak eta jarrerak.

Aurten, Emakunde- Emakumearen Euskal Erakundearen sorreraren 30. urtemugarekin bat egiten du kanpainak, eta txartelez gain, irratiko iragarkiak, iragarki-bandak eta bideo bat biltzen ditu. Otsailaren 27a eta martxoaren 13a bitartean garatuko da, kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan.  Horrez gain, kartelak bidali dira erakundeetara, ikastetxetara, osasun zentroetara, elkarteetara, enpresetara, kultura-etxeetara, liburutegietara, eta abar.

Orobat, eta egunero belaunaldi berriei berdintasuna irakasten dieten bestelako jarrerak eta ekintzak erakuste aldera, herritarrak gonbidatuko dira sare sozialetan traola hau erabiltzera: #EnseñoIgualdad #BerdintasunaIrakastenDut.

Bestetik, martxoak 8rako iragarrita dagoen greba feministari buruz galdetuta, Izaskun Landaidak adierazi du Emakundek bat egiten duela mugimendu feministaren aldarrikapenekin, izan ere,  "duela 30 urte Emakunde sortu zenetik mahai gainean izan dituen aldarrikapenak dira, eta berdintasun politikak bultzatuz hauek zuzentzeko helburuarekin egiten du lan Emakundek egunero" eta azpimarratu da ez dela ohiko greba bat, lan mundutik harago duelako eragina,  eta mugimendu sozialak deituta dagoelako mundu mailan. Landaidak adierazi duenez, "ezin da ulertu greba tradizional bat bezala, planteamendu berritzaile eta zabalagoa da,  ez baita bakarrik lan munduko egoeran zentratzen, baizik eta kontuan hartzen ditu adibidez, zaintza mundua. Ikutarazi nahi du inbisilizatua dagoen lan bat, zaintzaren eta etxeko lanena, gehiengo handi batean emakumeek egiten dutena, eta ikusezina izateaz gain, gizarte honek behar bezala baloratzen ez duena".

2018ko otsailaren 27ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook
  • Google +

Artikulua iruzkindu

*
*
Ez da argitaratuko
*