Justizia herritarrengana hurbiltzen

Oņatiko Soziologia Juridikoko Nazioarteko Institutuak 2017ko maiatzaren 18an "Europako adingabeen justizia leheneratzaile eredua: Euskadiren erronka" mintegia antolatu du

Datorren ostegunean, maitzaren 18an, nazioarteko zenbait adituk Europako adingabeen justizia leheneratzaile ereduari buruz arituko dira Oñatiko Soziologia Juridikoko Nazioarteko Institutuak antolatutako mintegi zikloen baitan. Mintegia Justizia Leheneratzailean aditu den Tim Chapmanek eta Eusko Jaurlaritzako Helduen Justizia Zerbitzuaren arduradun Roberto Morenok gidatuko dute.

Europako ereduak praktika egokienak eta eraginkortasunerako gakoak ikertzen ditu. Ikerketa, European Forum For Restorative Justice taldeak bultzatzen du eta  Justizia leheneratzailean aditu den ikertzaile talde batek zuzentzen du (Eusko Jaurlaritza talde horren partaide da).

80.hamarkadaz geroztik Eusko Jaurlaritzak, araudi-esparru ofizialik gabe, adingabeei zuzendutako bitartekaritza prozesuak jarri ditu abian. 2000. urtean 5/2000 Legea, urtarrilaren 12koa, adingabeen erantzunkizun penalari buruzkoa, jarri zen indarrean. Une hartan, adingabe kaltegileekin  legezko “bitartekaritza” eta “adiskidetze” prozedurak abian jartzeko aukera ezarri zen.  Harezgero, Eusko Jaurlaritzaren Lantalde Psikosozialak izan dira Auzitegi Barruko bitartekaritzaren arduradun, eta adingabeekin abian jarritako prozedura kopuruak nabarmen egin du gora (2015ean 387 bitartekaritza auzi); horien artean, biktima-kaltegilearen arteko zuzeneko bitartekaritza auzi kopurua oso handia izan da (%40).

Euskadiko esperientzia

Mintegiaren helburua Europako Adingabeen Justizia leheneratzaile eredua aurkeztea eta Euskadin garatutako proiektuekin alderatzea da, bai adingabeen auzitegi barruko bitartekaritza arloan, bai eta Eusko Jaurlaritzaren adingabeen justizia sistemaren baitan Adingabeen Zentroetan garatutako betearazpen ereduei dagokienez ere.

Gainera, Justizia Leheneratzailearen teknika berriak ezagutzeko aukera egongo da, besteak beste, zirkuluak eta hitzaldiak, eta euskadiko adingabeen justizian horiek ezartzeko aukerak aztertuko dira. Justizia arloan diharduten profesionalekin ere etorkizunean Adingabeen Justizia Leheneratzaile eredua ezartzeko aukera jorratuko da,  alegia,  adingabeen arloko epaile eta fiskalekin, justizia leheneratzailearen Euskadiko adituekin eta adingabeen justizian Euskadin lan egiten duten bitartekari eta teknikariekin.

2017ko maiatzaren 9ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Artikulua iruzkindu

*
*
Ez da argitaratuko
*
*