Justizia herritarrengana hurbiltzen

Araudien azken berriak

Nire etxea emango dizut zorra kitatzeko

Nire etxea emango dizut zorra kitatzeko

Krisi ekonomikoa dela eta, familia asko egoera larrian daude; izan ere, lan gabe gelditzeaz gain, etxea galdu dute eta oraindik bankuarekin zorretan daude.

Nola iritsi dira egoera honetara? Duela gutxi ekonomiaren egoera oso ona zen. Garai hartan  oso erraza zen - dirua eduki zein ez eduki-  etxea erostea. Etxeen prezioak erabat puztuta zeuden, baina bankuek, erosi ahal izateko, era guztietako erraztasunak ematen zituzten. Trukean, amaierarik gabeko hipotekak ematen zituzten.

Horren ondorioz, krisialdian, milaka langile geratu dira langabezian eta gaur egun familia asko eta asko daude hipotekei aurre egin ezinik. Ondorioz, etxea galdu dute, baina bankuarekin milaka eurotako zorra izaten jarraitzen dute, beraien etxebizitzen prezioak ikaragarri jaitsi direlako.

Egoera tamalgarri honi amaiera emateko, Gobernuak hainbat erreforma jarri nahi ditu abian, eta finantza erakundeek, hala nahi izanez gero, bere egin dezaketen Jokabide Egokien Araudia ezarri nahi du. Momentuz, Araudia hainbat bankuk eta kutxek onartu dute (Banco Santander, Bankinter, Banco Sabadell eta Catalunya Caixa izan dira lehenak). Hori bai, abantaila fiskalen truke egin dute.

Jokabide Egokien Araudiaren ezaugarri garrantzitsuenetako baten arabera, familiek etxea eman dezakete zorra kitatzeko. Aukera honi ordainean ematea deritzo. Horrez gain, kaltetuek etxebizitzatik kaleratzeko agindua bi urtez atzeratu ahal izango dute alokairu sozial bat ordaintzen badute.

Gobernuak, aukera honetaz baliatzeko ondorengo baldintza hauek bete behar direla adierazi du:

  • Hipotekaren kuota familia unitateak dituen diru sarreren %60 baino gehiago izan behar du.
  • Familiako kide guztiek langabezian egon behar dute.
  • Etxebizitza, familiak duen lehena eta bakarra izan behar du.
  • Etxebizitzaren balioak ezin du gainditu:
    1. 200.000 euro, milioi batetik gorako hirietan.
    2. 180.000 euro, 500.000 biztanletik gorako hirietan.
    3. 150.000 euro, 100.000 biztanletik gorako hirietan.
    4. 120.000 euro, populazio gutxiagoko herrietan.

Irizpide hauen arabera, EAEn aukera hau izango duten familiak gehienez ere 150.000 euroko etxeak dituztenak dira. Izan ere, EAEn ez dago ez milioi bat biztanle baino gehiago duen hiririk, ezta milioi erdiko biztanle kopurua duen hiririk ere. Eta horrez gain, 100.000 biztanletik gorako lau hiri bakarrik daude: hiru hiriburuak eta Barakaldo. Ondorioz, EAEn oso gutxi izango dira etxea ordainean emateko aukera izango duten familiak.

EAEko Stop Desahucios plataformako bozeramalea den Marta Uriarteren arabera, Jokabide Egokien Araudiak kaltetuen %1ari eragingo dio bakarrik, izan ere, EAEko etxebizitzen prezioa 300.000 euro ingurukoa da. Marta Uriarteren ustez, ratioak herrialde bakoitzeko errealitatera egokitu beharko litzateke, adreiluak ez baitu berdin balio Galizian, Extremaduran edo hemen.

2012ko martxoaren 26ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. 2 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Notarioak ezkon al gaitzake?

Notarioak ezkon al gaitzake?

Oraingoz, ez. Neurria otsailaren hasieran Alberto Ruiz Gallardón Justizia ministroak iragarri bazuen ere, notarioek oraindik ezin dute bikoterik ezkondu, ezta dibortziatu ere.

Gainera, gizatalde asko formula berri horren aurka azaldu dira, herritarrei segurtasun juridiko eza eragingo diela, eta Justizia ez duela eraginkorragoa eta bizkorragoa egingo argudiatuz.

Mónica Ruiz abokatuak, ABA Abogadas-eko  bazkideak,  pausu bat haratago eman du eta Diario Jurídico egunkarian, neurri berria komenientziazko ezkontzei ate bat irekitzeko modua izan daitekeela adierazi du.  Egun,  iruzur mota honekin amaitzeko, Erregistro Zibiletako funtzionarioek ezkongaiei gertaera objektiboei buruzko azterketak egiten  dizkiete. Mónica Ruiz abokatuak, notarioek horrelako kontrol zorrotza egingo dutenik zalantzan jartzen du. 

Adostasunezko dibortzioen gaia are korapilatsuagoa da; batez ere, kasu askotan bikotearen adingabeko seme-alabak tartean daudela kontuan hartuta. Mónica Ruiz abokatuaren ustez, kontuan hartu behar da epailearen lana ez dela soilik hitzarmen bat homologatzea. Bere lana  ezkontideen artean lortutako akordioak etorkizunean beteko direla egiaztatzea ere bada. Eta baita, betearazpena epaitegi baten aurrean bermatu ahal izango dela egiaztatzea ere.  Gainera, esperientziak erakutsitakoaren arabera, adostasunezko dibortzioak -adingabeak tartean egonda zein ez- ez dira Auzitegiak gelditzen dituzten kasuak; izan ere, horrelakoetan ez denez epaiketarik egiten, epaileen lana legezkoa den hitzarmena sinatzea besterik ez da izaten. 

Eta zuk, zer diozu? Notarioak epailea ordezkatu dezakeela eta bikoteak ezkondu, zein adostasunezko dibortzioak egin ditzakeela uste duzu? Neurri honek Auzitegien lana arinduko duela uste duzu?

2012ko martxoaren 2ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. Iruzkin bat.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook