Justizia herritarrengana hurbiltzen

Araudien azken berriak

Merkataritza Kode berriaren nondik-norakoak

Merkataritza Kode berria

1.900 artikuluz osatutako zazpi liburu eta atariko liburu bat. Horrela osatuta dago adituen batzordeak proposatutako Merkataritza Kode berria. Zazpi urte eta 60 laguntzaile baino gehiago behar izan dira arau berria egiteko. Testu berriak 1885. urtetik indarrean dagoen Merkataritza Kodea eguneratzea du helburu.

Proposamenean orain arte arautu gabe zeuden hainbat gai jasota daude, hala nola kontratu elektronikoak, kontratu turistikoak, enpresen eskualdatzea, eta enkante publikoekin erlazionatutako gaiak, besteak beste. Lege-testu berriaren helburua merkatuaren batasuna ziurtatzea eta segurtasun juridikoa bermatzea da.
Merkataritza Kode berriaren proposamena zazpi liburutan banatuta dago:
  • Lehenengo liburuan enpresak, enpresa emakume/gizonen ordezkaritza, enpresen inguruko negozioak, kontabilitatea eta Merkataritza-erregistroa arautzeko neurriak jasota daude.
  • Bigarren liburuan merkataritzako sozietateei buruzko arauak jasota daude.
  • Hirugarren liburuan lehiari buruzko Zuzenbidea jasota dago: lehia desleiala, lehiaren defentsa eta jabetza industrialaren ezarpenari buruzko zenbait artikulu ere daude.
  • Laugarren liburuan betebeharren eta merkataritzako kontratuen arau orokorrak jasota daude.
  • Bosgarren liburuan merkataritzako kontratuen arau zehatzak jasotzen dira.
  • Seigarren liburuan kredituak emateko eta ordainketak egiteko baloreak eta bitartekoak arautzen dira.
  • Zazpigarren liburuan preskripzioari eta iraungitzeari buruzko arauak jasota daude.
Merkataritza Kode berriaren proposamena jada mahai gainean dago. Orain Gobernuari dagokio aditu taldeak aurkeztutako testua aztertzea eta Merkataritza Kode berria erredaktatzea.
Aditu taldeak aurkeztutako araua zehatz-mehatz ezagutu nahi al duzu? Kodegintzarako Batzorde Nagusiaren Merkataritza-zuzenbideko atalak egindako Merkataritza Kode proposamena.
2013ko uztailaren 8ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Helburua: alokairu gehiago eta jabetza gutxiago

Helburua: alokairu gehiago eta jabetza gutxiago

Europako estatuen artean, Espainia da 1.000 biztanleko etxe gehien duena. Horrez gain, alokairuko etxebizitza gutxien duena ere bada. Espainiako biztanleen %17 alokairuko etxebizitza batean bizi da. Europako bataz bestekoa %30 da.

Espainian alokairuko etxebizitza gutxi egoteak eta krisi egoerak ondorio kaltegarriak ditu bai ekonomian baita gizartean ere: batetik, jabegoan hartutako etxebizitza asko hutsik daudelako, eta bestetik, langile askok bizilekua probintzia batetik bestera aldatzeari uko egiten diotelako.

Egoera honi aurre egiteko eta Espainian etxebizitzen alokairua bultzatzeko, Etxebizitzen alokairuaren merkatua malgutzeko eta sustatzeko neurriak ezartzen dituen Legea indarrean jarri da. 

Alokairu Legeak eragingo dituen aldaketa nagusiak hurrengoak dira:

  • Alokairuaren iraupena murriztuko da. Derrigorrezko luzapena bost urtetik  hiru urtera murriztuko da eta isilbidezko luzapenetan, berriz, hiru urtetik urte batera murriztuko da. Era horretara, maizterra eta alokatzailea inguruabar pertsonalen aldaketetara erraztasun handiagoz moldatu ahal izango dira.
  • Kasu zehatzetan, maizterrak etxebizitza berreskuratu ahal izango du etxebizitza iraunkor bezala erabiltzeko.
  • Alokatzaileak edozein unetan eten ahal izango du kontratua, betiere, alokairua hasi zenetik gutxienez sei hilabete pasa badira  eta maizterrari hogeitamar egun lehenago horren berri eman badio. Gainera, alde biek kalte-ordaina adostu ahal izango dute atzera-egite kasuetarako.
  • Etxebizitzako Estatuko Planen barruan onartutako laguntza publikoak ezereztuko dira. Hori bai, Emantzipazio-Oinarrizko Errenta jasotzen duten norbanakoei, onartutako bost urteak  errespetatuko zaizkie.

Gai honi buruzko informazio gehiago behar baduzu eta Lege berria zehatz-mehatz ezagutu nahi baduzu Etxebizitzen alokairuaren merkatua malgutzeko eta sustatzeko neurriak ezartzen dituen Legearen pdf artxibo osoa ikus dezakezu.

2013ko ekainaren 18ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook