Justizia herritarrengana hurbiltzen

Araudien azken berriak

Zer da legegintzako herri-ekimena?

Zer da legegintzako herri-ekimena?

Azken aldian sarritan entzuten den legegintzako herri-ekimena, Konstituzioaren 87.3 artikuluak babesten du. Horri esker, herritarrek lege proposamenak egin diezazkiokete Diputatuen Kongresuari. Horretarako 500.000 sinadura aurkeztu behar dira. Sinadura kopurua jaso arren, ez da erraza Gobernuak herritarren iritzia onartzea. 35 urte hauetan, legegintzako herri-ekimen bakarra bilakatu da lege; zein den jakiteko, 1999. urtera atzera egin behar dugu.

Manuel Roberto Enguídanos, orduko Espainiako Finka Administratzaileen Kontseiluko presidenteak 820.000 sinadura bildu zituen Jabetza Horizontalari buruzko Legearen aldaketa eskatzeko. Ehunka mila pertsonaren sinadurari esker, auzokideen elkarteei dirua zor dietenek ezin dituzte haien asmoak aurrera atera. Erreforma hori indarrean jarri arte, auzokide batek komunitate-gastuak ordaintzen ez bazituen, ordaindu gabe urteak pasatu arren, ez zen ezer gertatzen. Alabaina, ekimen horri esker, komunitateek zorrak dituzten auzokideen kontrako salaketak jar  ditzakete, eta auzokide batek ordaindu ez arren, ez dago lanak gelditu beharrik.

Orain arte gertatutakoaren arabera, ekimen hauek aurrera ateratzeko aukera gutxi badago ere, Mariano Rajoy Gobernuko presidente denetik legegintzako 14 herri-ekimen aurkeztu dira. Bost ez dira onartu, bi atzera bota dira, bat iraungi egin da eta bost epe barruan aurkeztu dira. Horietako bat egunotan ahotan darabilguna da. Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak (HKP) aurkeztutako ekimena da, eta 1.402.854 herritarrek sinatu dute. Beste bat aurreko asteartean bozkatu zen Kongresuan: Zezenketak Ondare Kultural gisa arautzeko lege proposamena.

HKPk aurkeztutako ekimena premiaz izapidetzeko PPk eta PSOEk lortu duten akordioak,  35 urte hauetan lege bilakatu daitekeen bigarren ekimena izateko aukera areagotu du. Zer gertatuko da?

2013ko otsailaren 19ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Erlijio-akordioetatik hogei urte

Erlijio-akordioetatik hogei urte

1992. urtera arte atzera egin dezagun. Urte hartan Estatuak Lankidetza Hitzarmenak sinatu zituen musulmanekin, juduekin eta ebanjelikoekin. Akordio horiek Vatikanoarekin 1979an sinatutako ereduetan oinarritu ziren. Akordio horietan hurrengo hauek aitortu ziren: kultu tokiak, ezkontza erlijiosoaren eragin zibila, erlijio laguntza Indar Armatuetan, erlijio laguntza eta erlijio-heziketa izateko eskubidea eta araubide fiskala. Era berean, honako eskubide hauek ere aitortu zitzaizkien: euren jaiak ospatzeko eskubidea eta berezkoak dituzten izenak erabiltzeko eskubidea (Kosher edo Halal, adibidez. Bi izen horiek juduek eta musulmanek euren erlijioak onartutako elikagaiei ematen zaizkien izenak dira, hurrenez hurren).

Urte hartan, Erakunde Erlijiosoen Erregistroaren arabera, 541 erakunde ebanjeliko, 13 komunitate judu eta 44 komunitate musulman zeuden. Aurtengo urtarrilean, berriz, 1.987 erakunde ebanjeliko, 28 komunitate judu eta 1.251 komunitate musulman zeuden. Gainera, Justizia Ministerioaren menpe dagoen Aniztasuna eta Elkarbizitza Fundazioak emandako datuen arabera, Estatuan 1.200.000 musulman, milioi bat inguru protestante eta 35.000 judutar bizi dira.

Ikusten duzuen bezala, bi hamarkadatan erlijio horietako fededun kopuruak gora egin du. Halere oraindik urrats asko egiteko daudela ohartarazi dute. Adibidez, PFEZ-ko dirua bideratzeko aukera mugatua dela adierazi dute: edo GKEtara edo Eliza Katolikora bidera daiteke, ez beste erlijio batzuetara. Horrez gain, eskoletako jantokietako menuak adingabearen erlijiora egokitzeko ere eskatu dute.

Zuk zer uste horren inguruan?
 

2013ko otsailaren 15ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook