Justizia herritarrengana hurbiltzen

Araudien azken berriak

Zigor Kodea gogortzearen aldekoa al zara?

Zigor Kodea gogortzearen aldekoa al zara?

Justizia Ministerioak irailaren 14an iragarri zituen Zigor Kodea gogortuko duten aldaketak. Zuzenbide-adituen artean ez dago aldaketen onuragarritasunari edo kaltegarritasunari buruzko adostasunik.

BJKNk emandako datuen arabera, urtetik urtera delitu kopurua jaitsi  da, kartzelaratu kopuruak berriz gora egin du  (azken 30 urteetan %400 igo da). Askok, datu horiek ikusita, kartzelaratzeko gehiegizko joera dagoela eta kartzela zigorraren ordezko neurriak kontutan ez direla hartzen pentsa dezake.

Ministerioak adierazitakoaren arabera, erreformaren helburua delinkuentzia mota berriei, berrerortze anitzen kasuei eta delitu larrienei erantzuna ematea da. Horretarako hainbat proposamen eztabaidagarri proposatu ditu, horien artean betiko kartzela zigorra –berrikusteko aukerarekin. Horiek direla eta herritarren eta adituen artean ezinegona sortu da.

Betiko kartzela zigorra, berrikusteko aukerarekin
Presoari betiko kartzela zigorra ezartzean datza; ondoren, hainbat baldintza betez gero, askatasuna berreskuratzeko aukera egongo da. Berrikuspena presoak eska dezake edo Salak berak ofizioz egin dezake, gutxienez bi urtetik  behin. Giza hilketa terroristei ezarriko zaie, baita 16 urtetik beherakoen hilketei, genozidioei,magnizidioei eta gizateriaren kontrako delituei ere.

Beraz, kartzela zigorrak zehaztu gabeko iraupena izango du baina 25 eta 35 urteko denbora tarte baten ostean (zigorraren larritasunaren arabera izango da) zigorra berrikusi ahal izango da.

Neurriaren aldekoek beharrezkoa eta konstituzionala dela esaten dute eta horrela Zigor Kodea zorrotzagoa izango dela. Neurriaren aurka daudenek berriz Konstituzioaren 25.2 artikuluan jasota datorren birgizarteratzeko helburua balio gabe uzten duela adierazi dute, eta zigor zuzenbidea zigortzera bakarrik egongo dela bideratuta. 

Segurtasuneko zaintza
Segurtasuneko zaintza larritasun bereziko delituak egin dituzten berrerorleei ezarriko zaien neurri berria da.  Zigorra bete ostean, auzitegi batek zigortuaren arriskutsutasun maila baloratuko du eta, segurtasuneko zaintzaren bidez askatasuna ukatzen jarraituko zaio, gehienez, hamar urtez. 

Delitu larrien kasuan berrerortzen direnei  ezarriko zaien neurria da: bizitzaren aurkako delituetan, osotasun fisikoaren edo askatasun sexualaren aurkako delituetan, indarkeriaz edo larderiaz egin diren kasuetan, nazioarteko komunitatearen aurkako delituetan, terrorismo kasuetan edo droga trafiko kasuetan. Delitu hauek nahiz eta lehendabiziko aldiz egin,hautetako hainbat delitu  batera egiten dituzten pertsonei ere ezarriko zaie.

Aurreko neurriarekin gertatzen den moduan, adituen artean ez dago neurri honen inguruko adostasunik. Delitu larrien kasuan kartzela zigorra luzatzeko neurria besterik ez ote den pentsatzen duenik ere bada.

Izan ere, neurri horren bidez kartzela zigorra luzatu daiteke, auzitegiak, zuhurtziagatik, presoa arriskutsua dela uste badute. Garrantzitsua litzateke Zigor arloko Lege batean , Arriskutsutasun mota eta maila zehaztea. Are gehiago; segurtasuneko zaintza arautu beharko litzateke, erasotzaile sexualak behar bezala zaintzeko, adibidez.

Baldintzapeko askatasuna eta bahiketa
Gobernua prestatzen ari den erreformaren arabera baldintzapeko askatasuna ere aldatuko da eta askatasuna izatetik zigorraren etendura izatera pasako da. Horrek zera esan nahi du, baldintzapeko askatasuna eskuratu duen norbanakoak beste delitu bat egiten badu kartzelara itzuli ahal izango dela, lehendik gelditzen zaion kartzela zigorra betetzera.

Beste berrikuntza garrantzitsu bat da, desagerpena ere gertatzen denean, bahiketa eta legez kanpoko atxiloketa delituak aldatu egingo direla. Biktima azaltzen ez den kasuetan zigor bakarra ezarriko da, eta zigor hori giza-hilketari ezartzen zaionaren parekoa izango da. Horrez gain, zigorra gogortu egingo da biktima adingabekoa bada edo arrazoia sexuala bada.

Erreformak zigorrak gogortzeko beste hainbat neurri jasotzen ditu bere baitan eta hurrengo post-etan komentatuko ditugu.  Gaiak guztiongan eragina du eta hedabideetan oihartzun handia izaten ari da. 


Parte har ezazu eta utziguzu zure iritzia.
 

2012ko irailaren 21ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. 3 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Zaintza partekatua, bai ala ez?

Zaintza partekatua, bai ala ez?

Urtero adin txikiko seme-alabak dituzten 50.000 bikote banantzen dira Espainian. Kasuen %80tan epaileek amari ematen diote haurren zaintza. Hamar kasutik batean zaintza aitari ematen zaio eta epaileek banantzeen %10i ezartzen diote zaintza partekatua.

Kode Zibilaren 92. artikulua da zaintza partekatua arautzen duena:

“Seme-alaben gaineko jagoletza eta zaintzaren egikaritza elkarrekin banatzea erabakiko da, gurasoek hori eskatzen dutenean hitzarmen arau-emailearen proposamenean, edo prozeduran zehar bi-biok horretan ados jartzen direnean”.

Asko dira seme-alaben jagoletzari dagokionean Kode Zibilak duen ikuspegia zaharkitua gelditu dela uste dutenak. Arrazoi horregatik erabaki du Alberto Ruiz-Gallardón Justizia ministroak Kode Zibilaren 92. artikulua aldatzea. Artikulu horrek, banantze eta dibortzio kasuetan zaintza partekatua salbuespen neurri gisa ezartzeari uzteko. 

Aldaketa horrekin Justiziak bilatzen duena zera da, epaileak izan daitezela, kasu bakoitzaren arabera, “adin txikikoek gurasoak ikusteko duten beharra asetzeko modurik egokiena” zein den erabakiko dutenak. Horrek esan nahi du epaileek erabakiko dutela gurasoek zaintza partekatua egingo duten ala guraso bakarrak izango duen haurraren zaintza. Horrez gain, eta beti haurren ongizateari begira, adin txikikoak guraso bakoitzarekin zenbat denbora pasa beharko duten ere ezarriko dute.

Eztabaida kalean dago: Adin txikikoentzat onuragarria da guraso bi zaintza partekatzera derrigortzea, bietako batek egoera hori nahi ez badu? Haurrak etxe batetik bestera ibiltzea gomendagarria al da? Ala hobe da guraso baten etxean bizitzea eta bestea bisitaritzat edukitzea? Nola konpon daiteke familia bat ekonomikoki, epaileak haurra ohiko etxebizitzan gelditzera eta gurasoak etxez aldatzera derrigortzen baditu?

2012ko ekainaren 18ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook