Justizia herritarrengana hurbiltzen

Botere Judiziala

Epaileek greba egiteko eskubidea dute?

Epaileek greba egiteko eskubidea dute?

Protestak, lanuzteak, manifestuak… eta epaileen greba. Oraindik ez dute berretsi, baina litekeena da. Epaileen elkarteek erabakia urtarrilera arte atzeratu dute; aurreikusitakoaren arabera, orduan onartuko da Botere Judizialaren Lege Organikoaren erreforma. Hala ere, epaileak funtzionarioak direla eta Estatuko botere bat direla azpimarratu behar da, eta ez dago argi Estatuko botere batek greba egiteko eskubidea duen ala ez. Justizia Ministerioak eta BJKNak ere ez dute gaia argitu, baina gai horren inguruan “hutsune legala” dagoela esatean bat datoz.

Arazoa 2009ko otsailaren 18an azaleratu zen. Egun horretan epaileek demokrazia garaiko lehen greba egin zuten. BJKNak ofizio bat eman zuen eta ofizio hartan, “epaile eta magistratuek greba egiteko duten eskubide hipotetikoaren” inguruko “arau-euskarririk” ez dagoenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzea eta deialdia iragartzea ezinezkoa zela adierazi zuen. Beraz, BJKNak ezin zituenez gutxieneko zerbitzuak ezarri, grebalariek ezarri zituzten gutxieneko zerbitzu horiek eta premiazko auziak baino ez zituzten izapidetu.   

Egoera horren aurrean, Mariano Fernández Bermejo orduko Justizia Ministroak, epaileek beraien eskubideak aldarrikatu ahal izateko modua ezartzen duen legea Ministroen Kontseilura bidaliko zuela iragarri zuen. Bere ustez ezin zuten grebarik egin Estatuko botere bat direlako. Harrezkero lau urte pasa dira, eta ez dago legerik. 

Hutsune legal horretaz baliatuz, joan zen azaroaren 14an 109 epailek greba egin zuten. BJKNak Justizia Ministerioaren esku utzi zuen greba onartzea eta ondorioak ezartzea (egun horretako soldata ez ordaintzea) eta epaileen idazkiak helarazi zizkion. Hilabete beranduago, Ministerioak adierazi du ez dituela idazkiak jaso, eta BJKNari greba eskubideari buruz erabaki bat hartu behar duela adierazi dio, bera baita epaileen gobernu-organo nagusia.

Laburbilduz, hutsune legala dagoela esatean biak datoz bat, baina ez nork konpondu behar duen esatean. Zure iritziz, nork hartu behar du erabakia? Epaileek greba egiteko eskubidea dute?
 

2012ko abenduaren 17ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Botere Judiziala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Nola egiten da epaiketa mota bakoitza?

Nola egiten da epaiketa mota bakoitza?

Arlo zibileko epaiketak, lan arlokoak edo zigor arlokoak gure eguneroko bizitzan agertzen diren terminoak dira. Hala ere, baliteke bata bestearengandik zertan ezberdintzen den ez jakitea. Horregatik epaiketa mota bakoitza nola egiten den azaldu nahi dizugu. Lau epaiketa mota daude: arlo zibilekoak, zigor arlokoak, administrazioarekiko auzibidezkoak eta lan arlokoak. Horietako bakoitzak ezaugarri bereziak ditu eta modu ezberdinean egiten da.

Nola egiten da arlo zibileko epaiketa?

Idatziz izapidetzen da ia osorik, eta demanda jarritako unean jartzen da abian . Demandatua jakinaren gainean jarriko da eta honek legeak ezarritako epean erantzun beharko du nahitaez (auzi mota bakoitzari epe ezberdin bat dagokio).

Orduan, bi aldeei (demandatzaileari eta demandatuari) luzaezina izango den epe bat ezarriko zaie , idatziz, egoki jotzen dituzten probak aurkez ditzaten (lekukoak, dokumentu bidezko frogak, aditu bidezko frogak, etb.).

Alde biek proposatutako frogak egin ondoren, Epaileak epaia emango du. Emandako epaiarekin ados egon ezean, apelazioa egin daiteke Probintzia Auzitegian, eta azken honek behin betiko epaia emango du. Auzitegi Gorenera kasu berezietan besterik ez da joko.

Nola egiten da zigor arloko epaiketa?

Arlo zibileko epaiketak ez bezala, zigor arloko epaiketak aurrez aurre izapidetzen dira gehienbat eta, delituaren edo faltaren arabera, Instrukzioko Epaitegian (lesio arinak, ebasketa arinak, irainak, trafiko istripuak, etab…), Zigor arloko Epaitegian (delituak oro har) edo Probintzia Auzitegian (delitu larriak) egingo dira. Azken honetan zinpekoen epaimahai bidezko epaiketa ere egiten da.

Salatutako gertaerak ikertu ondoren  –instrukzioa- ustezko errudunaren aurkako ahozko epaiketaren eguna eta ordua jartzen dira eta parte hartzaile guztiak jakinaren gainean jartzen dira. Azken hauek epaiketan parte hartzera derrigortuta daude. Lehenengo, akusatuak deklaratzen du eta, ondoren, salatzaileak edo kaltetuak hitz egiten du. Alde bakoitzak emandako azalpenak lekukoen bidez, dokumentuen bidez, adituen frogen bidez eta auzitegiko medikuen bidez egiazta ditzake. Horren ondoren, fiskalak eta  abokatuek frogen ahozko laburpena egiten dute (prozedura honi txostena egitea deritzo). Laburpen horretan epaitegiari eta auzitegiari kondena- edo absoluzio-eskaerak gogorarazten zaizkie. Horren ondoren, epaia emateko prest gelditzen da.

Nola egiten da administrazioarekiko auzibidezko epaiketa?

Arlo zibileko epaiketa bezalakoa da eta idatziz izapidetzen da baina, kasu honetan, Administrazioak bere abokatuak ditu. Epaiketa Administrazioarekiko Auzien Salan egiten da.

Nola egiten lan arloko epaiketa?

Demanda lan arloko epaitegian aurkeztu ondoren, epaitegiak demandatzaileari eta demandatuari epaiketarako dei egiten die eta bertan eguna eta ordua zehazten ditu. Epaiketa aurrez aurrekoa eta publikoa da.   Alde biek beraien eskaerak arrazoitzeko froga guztiak aurkeztu behar dituzte (laneko kontratuak, soldata orriak, lekukoak, adituak, etab.). Froga guztiak epaileari aurkeztuko zaizkio eta, horiek ikertu ostean, epaileak epaia emango du.

Epaiarekin ados egon ezean, salbuespenak salbuespen, errekurtsoa jar daiteke Autzitegi Nagusian.

Epaiketa motei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, Justizia.net- n aurkituko duzu.
 

2012ko urriaren 1ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Botere Judiziala. 6 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook