Justizia herritarrengana hurbiltzen

Erreportajeak

Familiek elkartzeko gunea behar dutenean

Seme-alabak dituzten bikotekideek elkarrekin bizitzeari uzten diotenean, zaila izaten da askotan familia-kide guztien beharrak eta sentimenduak errespetatzen dituen akordioa bilatzea. Bestearekiko errespetuak bizikidetzaren oinarria izan behar duen arren, askotan ez da hala gertatzen. Zaintza edo bisiten araubidea zehaztea izaten da auzitegietara jotzeko arrazoirik ohikoena, eta kasu horietan, auzitegiak familia osoari begira epai egokiena ezartzen du.

Elkarguneetara, epailearen agindu judizialaren bidez bideratutako familiak bertaratzen dira. Era horretara, seme-alabek zaintza ez duen gurasoarekin harremana izaten jarraitzeko aukera dute.

Panpinak, elkargunearen sarrerako gelan

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

EAEko lehenbiziko Familia Elkargunea Bilboko Uribarri Auzoan dago; horrez gain, zentru guztien artean familia kopuru handiena artatzen duena ere bada. Elkargunean 10 gela daude, eta lehen hiruhileko datuen arabera,  248 familia elkartu dira bertan; urtean zehar, beraz, 400 haur baino gehiago artatuko dituzte.

Zentroaren kudeaketaz psikologo, hezitzaile, gizarte-langile eta administrari batek osatutako lantaldea arduratzen da. Lantaldea osatzen duten 17 langileek txandakako lana egiten dute eta  Elkarguneak asteko zazpi egunetan funtzionatzen du.

Honarte iritsi gara

Dibortziatu edo banandu ondoren, epaileak adingabearen segurtasuna ezin dela bermatu adierazi dezake zenbait kasutan. Horretarako arrazoi desberdinak egon daitezke, familia gatazka larria edo emakumeen aurkako indarkeria gertatzea, esaterako. Kasu hauetan,  epaileak- fiskaltzaren aginduz, guraso baten aginduz edo guraso biak elkarrekin adostuta-, Elkargunearen parte-hartzea agindu dezake, horren bitartez adingabeak aitarekin, amarekin, tutore edo zaintzailearekin edo gainerako senideekin harremana izateko duen eskubidea bermatzeko.

Elkarguneko korridorea eta gelak

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Urte osoan egun bakar batez itxita

Jon, Bizgarri Elkarteak kudeatzen duen Uribarriko Elkargunearen koordinatzailea da. Gune horretan 14 urte daramatza lanean eta lan handia eta batzuetan oso konplexua izan arren, agerikoa da gatazken eta estres-egoeren aurrean garatu duen gaitasuna, betiere, irribarrea galdu gabe.
“Elkargunea urtean behin baino ez da ixten, garbiketa orokorra egiteko” adierazi digu Jonek, zentroaren ordutegiari buruzko galdera luzatu diogunean. Familiei zuzeneko arreta, berriz, astelehenetik ostegunera 16:00etatik 21:00etara eta ostiraletik igandera 10:00etatik 21:00etara etenik gabeko ordutegia egiten dute.

Koordinazio eta bitartekaritza lana antolatzeko, berriz, 8:00etatik daude zentroan. Ordutegi horretan espedienteak eta zerbitzuaren aurkezpen-elkarrizketak egiten dituzte. Auzitegiko desbideratzea heltzen zaienean, aitarekin eta amarekin banakako elkarrizketak antolatzen dira “bakoitzak bere ikuspuntua azal diezagun” zehazten du Jonek. “Guk, informazio guztia jaso, istorioa osatu eta esku-hartze plana ezartzen dugu. Azkenik, heziketa-taldeari helarazten diogu beraiek garatu dezaten”.

Jon, zentroaren koordinatzailea, gela batean eserita

Akordioak eta bisitak kudeatzea

Elkarguneak bi erronka nagusi ditu. Batetik, zaintzarik ez duen gurasoaren bisitak kudeatzea,  eta bestetik, gurasoen arteko akordioa lortzea. “Bigarrenari gatazka-konponketa deitzen diogu” dio Jonek. “Leku fisikoari bitartekaritza gunea deitu diogu, jendeak hobeto uler dezan. Baina oso zaila da Elkargunean bitartekaritza ortodoxoa gertatzea. Bitartekaritza gertatzeko, norbanakoek hitz egiteko eta adostasuna bilatzeko borondatea izan behar dute; baina Elkargunera etortzen direnekin ez da horrelakorik gertatzen.

Elkargunean maila handiko gatazkak ematen direla gaineratu du Jonek: “Guk ez dugu bitartekaritzarik egiten, esku hartzen dugu. Adibidez, aldeetako batek batzartzeko eskatuz gero, guk ez diogu beste alderdiari eskaera horren helarazpen “neutroa” egingo. Eskaera egokitu egiten dugu,  betiere, haurraren ongizateari begira, eskaerak aurrera egin dezan, eta gutxienez, aldeek euren kabuz bizi dituzten gatazkak bategin eta gatazka bakarra bezala kudeatu ahal izateko.

Jaio eta 18 urte bete arte

Gurasoen arteko gatazka konpondu ez bada edo bisita-araubideari buruzko adostasunik lortu ez bada, haurrek jaiotzatik adin-nagusitasunera Elkargunera jotzeko aukera daukate. Hala ere, ume gehienek 12 urterekin uzten diote Elkargunera joateari. “Aurreko astean, 14 urteko neska batek berriro ez zuela bueltatu nahi adierazi zigun” azaldu du Jonek. Bere ustetan bisita-araubidea batzuetan bizitzaren normaltasunarekin lehian sar daiteke. ”Neskatilaren kasuan,   aitarekin zein amarekin hitz egin genuen eta bakoitzak baldintzak batzuk ezarri zituen. Ondoren, bisitak euren kabuz egitea erabaki zuten. Ordutik trukeak egiten dituzte.”

Akordio hauek pribatuak dira, ez dira judizialak eta gehienetan Elkargunean gauzatzen dira. Hala ere, nolabait jaso egin behar dira; hori dela eta,  Elkarguneak akordioa berresteko eskatzen die alderdiei. “Betearazpen judizial bat badago eta epaileak aitari agindu badio bisitak hemen egin behar dituela, baina hemendik kanpo egiten baditu, epailearen aginduari muzin egiten ari da. Aita eta ama biak dira Epailearen agindua ez-betetzearen erantzule, aldaketa jakinarazi eta epaileak egoera berria berresten duen arte”. Ondoren akordioa fiskaltzari helarazten zaio, eta  berak edo alderdietako batek aurka egiten ez badu, indarrean jarriko da.

Mercedes trabajando en la oficina

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Tutoretzapeko bisitak

Gurasoetako batekin bestea ikustera etortzen dira umeak. Bisitak bi ordu inguru irauten du orokorrean, baina egoeraren arabera iraupena aldatu daitekeela dio Jonek. Gerta daiteke umea bularreko haurra izatea eta bisitan zehar amak bularra eman behar izatea edo ume oso txikia izan eta bisitarekin berehala nekatzea.

Igandean arratsaldeko 20.00etan persona-gela ratioa, hamar-bat baino gehiago izan daiteke, hamar gela besterik bait daude. Umeak ez daude aitarekin edo amarekin bakarrik, gizarte-hezitzaileak ere bertan izaten dira eta bisiten jarraipena eta balorazioa egiten dute. “Hasiera batean gela gehiago behar genituela pentsatu genuen, familiak banaka artatzeko asmoz, baina errealitatea ezagutu ondoren bertan behera utzi behar izan genuen ideia hori. Hala eginez gero, ezinezkoa izango zen familia guztiei arreta eskaintzea, eta horretaz gain, familien arteko berezko elkarreragin hori guztiz positiboa zela antzeman genuen. Hau da, guk familia bati laborategi batean bezala erreparatzen diogu, eta egoera horrek batzuetan haien arteko interakzioa gutxitzea ekar dezake. Haurra beste haur batzuekin erlazionatzen badira, berriz, edo gurasoek beste gurasoekin hitz egiteko aukera badute, helduen eta haurren arteko harremana ikus dezakegu eta helduak harreman horretan nola konpontzen diren azter dezakegu. Haurrarekin bakarrik egongo balitz baino informazio gehiago eskuratzen dugu horrela”.

Gertaera guztien erregistroa

Bilboko Elkarguneak informazio kopurua oso handia kudeatzen du. Zentroak artatzen dituen familien kopurua handia da bisitei eta akordioei buruz jasotako datuak ugariak. “Bisita guztien erregistroa eta hauen inguruko hiru hileroko txostena osatzen dugu, bertan izan ditugun erregistro guztietako laburpena jasotzen delarik. Horrek ahalegin eta ardura handia eskatzen du. Txostenak egiteko behar dugun  denbora familiekin egoteko denborari kendu behar diogu”. Hori dela eta, zeregin hori errazteko lantaldeak aplikazio berria garatu du, momentuz frogatzen ari dira, baina gutxi barru erabiltzen hasiko dira. Kudeaketa eredu bikaina da, laguntza behar duten familiei ahalik eta arretarik onena eskaintzeko.

2016ko uztailaren 13ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Justizia Leheneratzaileari buruzko adituak hiru egunez aritu dira Donostian

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

“Justizia Leheneratzaile eta Terapeutikoa, justizia eredu berritzaileetarantz” Europako lehenengo Kongresua ekainaren 16, 17 eta 18an egin da Donostiako Kursaal Jauregian. Kongresuan arlo horretako 300etik gora aditu bildu dira, besteak beste abokatu eta epaileak, bitartekariak eta erakunde judizialetako estatuko ordezkariak. Hiru egunez Justizia Leheneratzaile eta Terapeutikoari buruz aritu dira, biktimari egindako kaltea konpontzea helburu duen Justizia eredu ordezkoari buruz, alegia. 

Kongresuan Justizia Leheneratzailean aditu diren nazioarteko 300etik gora kidek parte hartu du.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Kongresuan buru izan dira Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko presidente Iñaki Subijana eta Euskadiko Kriminologia Institutuko zuzendari Jose Luis Lacuesta. Zuzendari, berriz, Izaskun Porres  abokatu eta orientatzaile judiziala izan da. 

Parte-hartzaileei dagokienez, Justizia Leheneratzaile eta Terapeutikoan mundu mailako adituek  parte hartu dute, bai eta arlo judizialen esanguratsu diren beste hainbeste kidek ere, hala nola, Auzitegi Goreneko magistratu Lourdes Arastey, Auzitegi Gorenaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren presidente Carlos Lesmes, BJKNren kide Maria Victoria Cinto, IVACen ikertzaile Gemma Maria Varona, EAEko Auzitegi Nagusiaren presidente Juan Luis Ibarra eta EAEko Fiskal Nagusi Juan Calparsoro

Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ere Kongresuan parte hartu dute, hala nola Iñigo Urkullu lehendakariak, Eusko Jaurlaritzaren bozeramale eta Herri Administrazio eta Justizia sailburu Josu Erkorekak, Bakea eta Elkarbizitzarako idazkari nagusi Jonan Fernandez, Justizia sailburuorde Ana Agirrek eta Justiziako Zuzendari Manuel Valinek.

Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa

Eusko Jaurlaritzaren bozeramale eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak Kongresuko hainbat saiotan parte hartu du Josu Erkorekak Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du, Euskadin eredu judizial leheneratzailea ezartzekoa, kaltegilea jazarri, zigortu eta gizartetik bakartzea beste helbururik ez duen zigor-eredu tradizionala baino modernoagoa, eraginkorragoa eta gizalegezkoagoa denez. Gainera, “Justizia leheneratzailearen” metodo berriek auzitegietako lan karga arindu, justizia azkartu eta baliabide publikoen erabilera arrazionalizatzeko baliagarriak izango dira, azpimarratu du Erkorekak.

Kongresuan Josu Erkorekak Eusko Jaurlaritzak justizia eredu leheneratzaile baten alde egindako konpromisoa berretsi du.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezek, Justizia Leheneratzaileari buruz Donostian egindako Kongresuan aurkeztu du birgizarteratzean eta leheneratzean oinarritutako dekretu-proiektua. Araua giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen eta justizia leheneratzaileari loturiko Europako korrontearen arloan dago. Bi alderdi nagusi ditu: gizarteratzea eta birgizarteratzea

Jonan Fernandez, gizarteratzeari eta birgizarteratzeari buruzko Eusko Jaurlaritzaren dekretu-proiektua aurkezten.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Laguntza gizarteratze-ibilbidean eta espetxealdi osteko birgizarteratzean. Jonan Fernandezek zehaztutakoaren arabera, gizarteratze-prozesua presoa espetxean dagoela hasiko da, eta, zehazki, terrorismo-delituen ondoriozko zigor pekoei zuzenduta dago. Izan ere, araudiak berak betekizun desberdinak ezartzen ditu kasu horietan. Bestalde, birgizarteratzeko emandako laguntza preso guztiei zuzenduta dago, edozein dela ere zigorra eragin duen delitua, eta, nagusiki, espetxealdi osteko fasean zertzen da.

Justizia Leheneratzailea delitu batek eragindako kaltea konpontzean datza, eta aldeei konponbide batera iristeko aukera errazten die, beti ere delituaren larritasunaren arabera. Ez da Justizia Ordaintzailearen (zigortzailearen) ordezkoa, baizik eta Justizia gizatiarrago baten aldeko apustua da: zigor sistemaren baitan elkarrizketa gehitzen du, delituak biktimari eragin dizkion kalteak eta parte-hartze instituzionalak delitugileari ezarritako indarkeria-ondorioak leuntzeko.

“Laborategi esperimentalak”

Kongresuan 20tik gora workshop praktiko ere egon dira. Lantegi horiek arratsaldez egin dira eta kongresuko parte-hartzaileen arteko interakzioa sustatzeko “laborategi esperimentalak”sortzea zuten helburu.

Workshop-etan hainbat gai jorratu dira Justizia Leheneratzaile eta Terapeutikoaren inguruko ikuspegi guztiak landu asmoz.  Hortaz, genero inadarkeriari, terrorismoari, sexu-gehiegikeriei eta adingabeei buruzko lantegiak egon dira, besteak beste. 

Arratsaldetan helburu praktikoa zuten workshop-ak egon dira.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Bitartekaritza Zerbitzuak

Justizia Leheneratzailea erdiesteko tresna egokiena bitartekaritza da.  Eusko Jaurlaritza aitzindari izan zen  Estatuan bitartekaritza zerbitzuak ezartzen. Gaur-gaurkoz, doako bitartekaritza-zerbitzuak eskaintzen dizkie herritarrei hainbat arlotan. Hauek dira azpimarragarrienak: 

  • Familia: Familia Bitartekaritzarako 1/2008 Legeak, otsailaren 8koak, araututakoa. Aditu inpartzialek laguntza ematen diete aldeei, familia-gatazketan adiskidetasunezko konponbideak elkarrekin erdietsi ditzaten.
  • Kontsumoa: Eusko Jaurlaritzako Kontsumobide erakunde autonomoak egiten ditu bitartekari-lanak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eta horiek eskuratu dituzten zerbitzuen eta produktuen hornitzaileen artean.
  • Hipoteka: Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Hipoteka Bitartekaritzako Zerbitzua, Ekonomisten Euskal Elkargoko eta Euskadiko Zinpeko Kontu Azterlarien Institutuaren Euskadiko taldeko profesionalen bitartez eskaintzen dena.  Helburua hipoteka gauzatze-kasuak saihestea da. Horretarako, eskatzaileen eta finantza-erakundeen artean bitartekari aritzen dira, zorra berriz negoziatzeko.
  • Gazte Justizia: legea hautsi dutelako atxilotutako adingabeen kasuan abiarazten den zerbitzu bat da. Helburua da adingabeak berak eragin dituen kalteak aitortzea eta biktimarekin konpondu ahal izatea.  Halako bitartekaritzari esker, adingabeak kontzientzia hartzen du eta hura berriz gizarteratzea sustatzen da; halaber, hark arauak berriz haustea eta zigor askatasun-kentzaileak saihesten dira.  
  • Helduen justizia: Bitartekaritza Zerbitzu Judiziala, 2007an sortu zenetik izan duen hazkundea dela medio, Euskadin Estatuan beste inon baino garatuago dago: Estatuan bitartekaritzaren formularen bidez konpondutako 10 kasutik 6 Euskadikoak dira. Zigor-arloko jurisdikzioan eta zibil-familiarrean (banantzeak, dibortzioak, zaintza, gatazkak ardurapeko seme-alabekin, etab.) eskaintzen da zerbitzu hori.

Informazio gehiagorako: “Justizia Leheneratzaile eta terapeutikoa: justizia eredu berritzaileetarantz” Europako Batzarraren egitaraua kontsulta dezakezu.

"Justizia Leheneratzaile eta terapeutikoa” Kongresuaren web ofiziala

2016ko ekainaren 22ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook