Justizia herritarrengana hurbiltzen

Eusko Jaurlaritza

IV. Gazte-Justizia Plana abian da

IV. Gazte-Justizia Plana abian da

Eusko Jaurlaritzak 80,2 milioi euro bideratuko ditu 2014-2018 IV. Gazte-Justizia planerako, neurri judizialak bete behar dituzten adingabe arau-hausleei bideratutako osoko laguntza hobetzeko.

IV. Gazte-Justiziaren Planak bost erronka nagusi ditu:
 

  • Prebentzioa. Arau-haustearen eragile diren inguruabarrak gutxitzeko asmoz, heziketaren bidez familiaren, gizartearen eta hezkuntzaren eremuetan esku hartzea da helburua. Hartara, arreta berezia jarriko zaio gurasoen aurkako indarkeria, osasun mentaleko arazoak, estupefazienteen neurrigabeko kontsumoa eta halako beste zenbait gairi heltzen dion hezkuntza integralari.
  • Neurri judizialak gauzatzeko beharrezko denbora arintzea, esku-hartzea ahalik eta azkarrena eta eraginkorrena izan dadin.
  • Esku-hartzea pertsonalizatuagoa izatea, arau-haustea egin duen adingabekoaren gizarte-egoeraren araberakoa dena.
  • Gazteen eremuan bertan jardutea. Hezitzaileek, psikologoek, gizarte-langileek eta esku-hartze sozialeko langileek, zuzenbideko langileek eta beste zenbaitek neska-mutikoen ingurunean (familian, ikastetxean, auzoan, lagunengan, ...) duten eragina areagotuko dute, haien gizarteratzea errazteko. 
  • Arau-hausteetan berriro ez erortzea. Diziplina anitzeko programak jarriko dira abian, besteak beste, sozializaziorako gaitasunak eta ohiturak hartzeko, neska-mutikoen pentsaera, jarrerak eta balioak berregituratzeko edota legea berriro ez hausteko teknikak bereganatzeko. Euskadik berrerortze-maila baxuenetakoa du estatuan: arau-haustearen bat egin izanagatik justiziarekin harremanik izan duen adingabekoen % 80,4k ez du berriro legerik hausten.

2015eko lehen seihilekoaren balantzea

2015eko lehen seihilekoaren datuen arabera,  euskal organo judizialek 480 neurri ezarri zizkieten arau-hausteren bat egin zuten adingabeei. 2015eko lehen datuek azken urteotako joera berresten dute ondorengo alderdi hauei dagokienez:

Profila: adin txikiko mutila (% 80,7), 14 eta 18 urte bitartekoa eta Euskadin jaiotakoa (% 66).

Maizen egindako arau-haustea: Indarkeria erabiliz lapurreta (18,42%), indarra erabiliz egindako lapurreta (16,17%) ebasketa (13,25%) eta familiakiko eta genero indarkeria (13,03%).

Neurri-mota: neurri irmoa (% 92,7), «erdi-irekian» betetzen duena (% 40). Hau da: adingabeak euren familia-eremuan geratzen dira baina eguneko zentroetara joan behar izaten dute,  tratamendu anbulatorioa jasotzen dute,  zaintzapeko askatasun-erregimenean egoten dira, gizarte-heziketako lanak egiten dituzte, gizartearentzako lanetan parte hartzen dute, asteburuko egonaldia etxean egiten dute, etab. 2015eko lehen seihilekoan, 480 neurrietatik 4 besterik ez ziren izan barneratze itxiak (% 0,8).
 

2015ko urriaren 29ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

30 bekaren deialdia publikatu da karrera Judizialerako, Fiskaltzarako eta Idazkaritza Judizialerako sarbidea errazteko

30 bekaren deialdia publikatu da karrera Judizialerako, Fiskaltzarako eta Idazkaritza Judizialerako sarbidea errazteko

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak, 2016ko ekitaldirako, 30 beken deialdia publikatu du, karrera judizialerako, fiskaltzarako eta idazkaritza judizialerako oposizioak prestatzeko. Deialdira 198.000 euro xedatu ditu; beraz, 30 onuradunek 6.600na euro jasoko dituzte.

Urtebeterako bekak izango dira eta eskatzaileek tutore profesional bat izan beharko dute, prestakuntzan laguntzeaz gain, bilakaerari buruzko hiru hilean behingo txostena egiteaz arduratuko dena.

Ez dira beka horiek lortzeko hautagai izan ahalko Zuzenbideko lizentzia edota gradua duela 7 urte baino gehiago lortu dutenak. Gainera, bekak emateko garaian, besteak beste, eskatzailearen egoera ekonomikoa, ikasketa-espedientea eta euskararen ezagutza hartuko dira kontuan.

Eskaerak egiteko epea hilabete batekoa izango da. Interesdunek ZUZENEAN zerbitzuan, Eusko Jaurlaritzaren herritarren arretarako bulegoetan, aurkeztu ahalko dituzte eskaerok, baita webgune honetan ere: www.euskadi.eus.

2015ko irailaren 30ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook