Justizia herritarrengana hurbiltzen

Eusko Jaurlaritza

Euskaraldiaren bigarren edizioa hasi da

Euskaraldiaren bigarren edizioa hasi da

Euskaraldiaren bigarren edizioa hasi da. Hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea helburu duen ariketa soziala Euskal Herri osoan aldi berean egingo da bigarren edizioan ere. Duela bi urteko ariketan egin zen bezala, aurten ere ahobizi eta belarriprest rolak betetzeko izena eman duten herritarrak izango dira ekimenaren protagonistak hurrengo asteetan. Bigarren Euskaraldi honetan gainera, milaka entitatek sortu dituzten ariguneak ere izango dira, euskaraz lasai aritzeko guneak. 

Euskaraldia baldintza berezitan egingo da aurten, gizarte osoa kolpatzen ari den COVID-19aren eragina Euskaraldian ere nabarituko baita. Gizarte harremanak mugatuta dauden honetan bai Euskaraldiaren prestaketa eta hedapenean zein ariketan bertan kale presentziaren eta harreman sozialen apaltzeak ariketa baldintzatu du. Era berean, arigune guztiek beraien jarduera normaltasunez ezin garatu izanak eragina izango du. Hala ere, antolatzaileek aurrez ere azpimarratu duten modura, hurbileko harreman sareetan hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa egiteko aukerak badaude eta Euskaraldiak batez ere horietan zentratzea ekarriko du. Gainera ingurune digitalean ditugun harremanetako hizkuntza hautuetan ere eragiteko baliatuko da aurtengo ariketa soziala.

Behin-behineko izen-emate datuak

Irailaren 24an Euskaraldian izena emateko epea zabaldu zenetik milaka izan dira aurtengo ariketa sozialean parte hartzeko erabakia hartu duten herritarrak. Azken aste eta egunetan nabarmen hazi da ariketan parte hartuko duten ahobizi eta belarriprest kopurua eta izen-emate epea azaroaren 24rarte luzatzea erabaki dute antolatzaileek. Datorren asteartera arteko epea egongo da beraz (azaroaren 24a barne) euskaraldia.eus webgunean ariketan inskribatzeko aukera.

Izen-emate epea itxi gabe dagoen arren, behin-behineko datuak zabaldu dira.

Guztira 147.000 lagunek eman dute izena Euskaraldiaren hasieraren atarian, parte hartze zabala izango da beraz bihar martxan jarriko den ariketan. Partaide horietatik %79k eman du ahobizi modura jarduteko izena eta %21 arituko da belarriprest rolean.

Lurraldez lurralde, izena eman duten herritarren %9 Arabakoa da, %33 Bizkaikoa, %44 Gipuzkoakoa, %12 Nafarroakoa eta %2 Ipar Euskal Herrikoa. Aurten, gainera, aipagarria da Euskal Herritik kanpo bizi diren ehunka lagunek ere eman dutela izena Euskaraldian parte hartzeko.

Partaideen ezaugarriei dagokienez, izena eman dutenen %63 emakumezkoa izan dela azpimarratu da, eta, adinari dagokionez, 16 urtetik gorako adin guztietako belarriprest eta ahobiziek egingo dute azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4an amaituko den ariketa.

Azkenik, aipagarria da izena eman duten lagunen artean %27k ez zuela aurreko edizioan parte hartu.
Azken datuen faltan, azpimarragarria da pandemiaren egoerak eragindako zailtasunak handiak izan arren, berriro ere ariketa masiboa izango dela bigarren Euskaraldia.

Herriz-herri eta entitatez-entitate antolatuta

Aurretik aipatutako datuekin batera, gogora ekarri behar da Euskal Herri osoko 421 udalerritan antolatu dela aurtengo Euskaraldia. Herriz herri sortu diren batzordeen lana azpimarragarria izan da, berauetan ari diren askotariko eragileak eta herritar boluntarioak izan baitira Euskaraldia antolatzeko oinarria. Boluntario sare handia dabil herriz herriko antolaketa lanetan.

Horrekin batera, aurtengo edizioan era guztietako 6.800 entitatek 25.000 arigunetik gora sortu dituzte, euskara erabiltzeko babestutako guneak. Entitate hauen ahalegina ere azpimarratu da, egoera zailean egon arren, Euskaraldian parte hartzeko apustua egin dutelako.

Euskaraldiaren koordinazio taldean Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa aritu dira, beste urte batez. Eta horiekin batera, hainbat elkarte, enpresa eta erakunderen partaidetza ere funtsezkoa izan da Euskaraldia antolatu ahal izateko.

2020ko azaroaren 20ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Euskara eta Justizia. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Twitter
  • Facebook

Ezagutu ezazu Euskadiko Egoitza Judizial Elektronikoa

Euskadiko Egoitza Judizial Elektronikoa

Hemendik aurrera, Justiziako profesionalek zein herritarrek internet bidez aritu ahal izango dira Justizia Administrazioarekin, https://egoitza.justizia.eus Euskadiko Egoitza Judizialetik.

Web helbide berri honekin, Euskadiko Bulego Judizial bakoitzak ematen dituen zerbitzuak eta prozedurak zentralizatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, sarbidea erraztuz eta jarduera judizialaren esparruan Euskadiko Justizia Administrazioa, profesionalak eta herritarrak berme prozesalekin erlazionatzeko espazio bat sortuz.

Segurtasuna

Egoitza segurtasun maila berezia duen web-atari bat da, zeinaren bidez jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egin daitezkeen Euskadiko Justizia Administrazioarekin elektronikoki. 2020ko uztailaren 24ko Aginduaren bidez sortu da, eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak du kudeatzeko erantzukizuna.

Zure izapide eta zerbitzu batzuetan sartzeko, elektronikoki identifikatu beharko duzu. Kontsulta itzazu onartutako ziurtagiri digitalak.

Zerbitzuak eta izapideak

Herritarrentzat: Egoitza Judizial Elektronikoaren bidez, telematikoki aurkeztu ahal izango dituzu Euskadiko Justizia Administrazioari buruzko erreklamazioak eta iradokizunak. Euskadiko Erregistro Zibil edo Bake Epaitegi batean egin beharreko zerbitzu eta izapideetarako sarbidea ere izango duzu (ziurtagiriak eskatzea, inskripzioak, izen-abizenak aldatzea, akatsak zuzentzea, nazionalitatea eta ezkontza eskatzea). Gainera, Egoitzak sarbidea emango dizu zure izapideen egoera kontsultatzeko, Euskadiko egoitza judizial batean sartzeko aurretiko hitzorduak eskatzeko eta dokumentu judizial baten benetakotasuna CSV bidez egiaztatzeko.

Kontsulta ezazu Euskadiko Egoitza Judizial Elektronikoak herritarrentzat eskaintzen dituen izapideen eta zerbitzuen katalogoa:

Profesionalentzat: Abokatuak, prokuradoreak, gizarte-graduatuak, zenbait erakundetako zerbitzu juridikoetako kideak... Euskadiko Egoitza Judizial Elektronikoaren bidez zuen eskura duzue JustiziaSip komunikazio elektronikoak kudeatzeko plataformarako sarbidea eta JustiziaIkusBi ikustaldien grabazioak.

Euskadiko Egoitza Judizial Elektronikoaren bidez eskuragarri dagoen izapide edo zerbitzuren batera sartzeko laguntza behar baduzu, zure zalantzak kontsulta-postontziaren bidez bidal ditzakezu, edo, bestela, Egoitza erabiltzen lagunduko dizugu atala bisita dezakezu.
 

2020ko irailaren 30ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia digitala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Twitter
  • Facebook