Justizia herritarrengana hurbiltzen

Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzaren sailburuek kargua hartu dute

Eusko Jaurlaritzaren sailburuek kargua hartu dute

Eusko Jaurlaritzako hamaika sailburu berriek karguari zin egin diote Ajuria Enea jauregian. Formula tradizionalari jarraikiz, Gernikako Estatutuaren ale baten gainean eskuak jarrita egin dute karguaren zina. Bada, “Euskadiren zerbitzuan” eta "legearen arabera" hartzen duten agintea "zintzo eta leialki" erabiltzea hitz eman dute.

Ekitaldia lehendakari Iñigo Urkulluren aurrean garatu da, eta berak irakurri ditu izendapenen dekretuak. Bertan ziren, halaber, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejería, Euskal Ganberako Mahaiko kideak eta aurreko legealdiko gobernuko kargua utzi duten sailburuak. Urkulluk eskertu egin die egindako lana.

Gobernu osatu berriak lehen bilkura egin ondoren, izenpetutako gobernu-akordioaren zutabeen garrantzia onartu du lehendakari Iñigo Urkulluk. “Jakin badakigu orain ekiten diogun legealdia Euskadiren etorkizunerako erabakigarria dela”, nabarmendu du. Ildo horretan, lehen gobernu-hilabeteetarako zereginak zehaztu ditu, hots, 2017ko ekitaldirako aurrekontu-proiektua egitea, gobernu-programa osatzea eta aurkeztea, legealdirako egutegia onartzea eta enplegua eta ekonomia suspertzeko programa berria aurkeztea.

Lehendakariak nabarmendu du orain abian jartzen den gobernuak “lankidetzarako irekitako” eta “euskal gizarte osoaren zerbitzuari emandako” programa batekin ekingo diola lanari. Ildo horretan, azaldu du gobernu berriak konpromisoa hartu duela “gobernantza berriaren” printzipioekin, hots, kudeaketa arduratsu, garden eta eraginkorrarekin. Sailburu berriei “errealismoa, egia eta lana” eskatu die, hartu duten konpromisoa eskertu dien aldi berean.

Eusko Jaurlaritza berria aurkezteko ekitaldia amaitzeko, sailburuek hartu dute hitza.

María Jesús Carmen San José López, Lan eta Justizia sailburu berria

Sestao, 1966.

Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatua, 1989.

Merkataritza, Kontsumo eta Turismo, Barne Saila eta Justizia eta Ogasun eta finantza arloko lege-aholkularia. Bitarteko funtzionarioa.

Patxi Lopez Lehendakariaren Gobernu Idazkaritzaren eta Legebiltzarrarekiko Harremanen Zuzendari a (2010-2012).

Arabako Foru Aldundiko Funtzio Publikoaren Zuzendaria 2016ra arte.

Funtzionamendu dekretua

EAEko aldizkari ofizialean gaur argitaratu dira 11 sailburu berrien izenak eta bakoitzaren funtzioak, eskumenak eta ardura -esparruak. kargu publikoak izateagatik bete behar dituzten gardentasun, eraginkortasuna eta dedikazio baldintzak ere dekretu bidez argitaratu dira. 

2016ko azaroaren 29ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

"Zeuk esan", haur eta nerabeen arretarako telefonoa

Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren barruan, Cristina Uriarte eta Angel Toña sailburuek nabarmendu dute Zeuk Esan zerbitzuko 116111 telefono-zenbakian arreta eskaintzen duten profesionalen lana; aintzatetsi dute profesional horiek eskaintzen duten orientabidea, aholkularitza eta informazioa. Horrez gain, zerbitzuaren konfidentzialtasuna goraipatu dute; izatez, 116111 telefonora egiten diren deiak doakoak eta anonimoak dira, eta ez dute arrastorik uzten fakturan. Halaber, zerbitzuaren beste komunikazio-bideak aipatu dituzte: web-gunea; blogak (bat adin txikikoentzat eta beste bat haurren eta nerabeen inguruko helduentzat); YouTubeko kanal; sare sozialak (@Zeukesan Twitterren eta Facebooken); eta newsletter bat.

Zerbitzua adin txikikoei laguntzera zuzentzen bada ere, 116111 telefonoan helduen deiak ere jasotzen dira, hala nola gurasoenak, familiakoenak, irakasleenak, arautu gabeko irakaskuntzako profesionalenak eta/edo monitoreenak, eta haurtzaroarekin eta nerabezaroarekin lotzen diren gainerako pertsonenak. Izan ere, aurre egin ezin dieten edo nola aurre egin ez dakiten askotariko egoerak bizi ditzakete helduek, hala nola eskola-jazarpena; halako kasuetan, hain zuzen ere, garrantzi handikoa da telefonoaren bidez arreta egiten duen talde profesionalak emandako orientabidea eta aholkularitza. Gainera, zerbitzuak aukera du Euskal Autonomia Erkidegoan haurrei eta gazteei zuzendutako baliabide nagusietara bideratzeko gaia eta baliabide horiekin koordinatzeko.

Haurren eta nerabeen arretarako 116111 telefonoak -Europa osoan bakarra- hedabideetan izan duen hedapen handia ere nabaritu da. Horren lekuko, azken bi hilabeteotan (irailean eta urrian) helduek adin txikikoek baino gehiago deitu dute, eta hori ez zen ohikoa; aurten gazteek % 30 gehiago erabili dute 116111 telefonoa. Dei gehienak adin txikikoen deiak dira -hiru deitatik ia bi-, batez ere 12 eta 15 urte artekoenak (zerbitzu horretara helduek ere jotzen dute, eta horien artean % 75 kezkatuta dauden gurasoak dira eta, gero, profesionalak daude). Haatik, irailean eta urrian ezohiko kopuruak erregistratu dira, helduen deiak % 13,6 gehiago izan baitira. Gorakada hori zerbitzua prentsan eta telebistan (cadena SER, ETB Focus, Gaur Egun eta Onda Vasca) bistaratzearekin lotu daiteke -helduek batik bat ikusten dituzten programetan azaldu da-.

116111

Zeuk Esan batik bat telefono bidezko arretako zerbitzu bat da, nahiz eta teknologia berrien bitartez beste bide batzuetara ere zabaldu den. 116111 zenbakia ez da haurren edo nerabeen kalteberatasuneko edo babes gabeziako egoera bat jakinarazteko telefono hutsa (hori ere baden arren), prebentzio-zerbitzuko joera ere badu, isileko laguntzaile eraginkorra izateko joera ere badu, nagusiki haurrak eta nerabeak egoera zailen bati aurre egin behar diotenean, edo nola aurre egin ez dakiten arazo handi edo txiki bati aurre egin behar diotenean. Psikologian edo gizarte-hezkuntzan prestakuntza duen eta adin txikikoekin tratatzeko esperientzia duen pertsona heldu bat telefonoaren beste aldean egotea beti izango da lagungarria, beti izango da laguntza hori jasotzeko aukera.

Haurrei eta nerabeei laguntzeko Zeuk Esan 116111 telefono bidezko eta online zerbitzuak sei urte bete ditu, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman barnean hartzen diren prestazioen eta zerbitzuen katalogoko zerbitzuen artean dago.

2016ko azaroaren 22ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook