Justizia herritarrengana hurbiltzen

Eusko Jaurlaritza

"Auzia Euskaraz", Justizian euskararen presentzia sustatzeko gailu mugikorretarako Eusko Jaurlaritzaren aplikazio berria

“Auzia Euskaraz” aplikazioa Justizia Administrazioko hizkuntza normalizaziorako lantaldeak sortutako tresna digitala da, eta Justiziaren arloan euskararen erabilera sustatzea du helburu. Eusko Jaurlaritzak garatutako “Auzia Euskaraz” proiektuaren baitan sortu den aplikazio hau abokatutzan, prokuradoretzan eta notariotzan diharduten profesional euskaldunei zuzenduta dago bereziki, nahiz eta Zuzenbidearen esparruko unibertsitate-komunitatearentzat eta euskara juridikoan interesa duen edo demanda judizial bat euskaraz aurkeztu nahi duen edonorentzat ere baden. 

Aplikazioa doan jaits daiteke Android eta Ios euskarrietarako.

Aplikazioaren helburuak

"Auzia Euskaraz" APPak bi helburu nagusi ditu: arlo juridikoko eragile euskaldunen komunitatea sendotzea eta hizkuntza juridikoko baliabideak eskaintzea gailu mugikorretik klik bakarrean. Berez, euskara juridikoaren datu-baserik handienetako bat da, eta 400.000 itzulpen baino gehiago daude erabilgarri.

Bi helburu nagusi horiek betetzeaz gainera, Eusko Jaurlaritzak beste helburu hauek ere bete nahi ditu:

  • Komunitate juridiko euskaldunera kide berriak erakartzea. Orain arte 507 eragile juridiko daude sare horretan, bai abokatu, prokuradore eta fiskal profesionalak, bai barruti judizialetako funtzionarioak.
  • Profesionalek euskara erabil dezaten sustatzea.
  • Euskararen kalitatea ziurtatzea, hizkuntza juridikoarekin zerikusia duten zalantzak argituz.
  • Hizkuntza normalizaziorako lantaldearen zerbitzua hobetzea.
  • Erabiltzaileen esku jartzea Justizia Administrazioko hizkuntza normalizaziorako lantaldeak garatutako tresnak.

Aplikazioaren baliagarritasuna

Aplikazioa lau tresna nagusik osatzen dute, eta pantaila nagusian agertzen dira:

  • Ikono laranja: profesionalen zerrenda eskaintzen du, abokatu, prokuradore eta notario euskaldunak bilatzeko. Euskara Emaile ekimean parte hartzen duten profesionalen telefono-zenbakiari, helbide elektronikoari eta bakoitzaren kokapenari buruzko datuak ematen ditu.
  • Ikono urdina: “Auzia Euskaraz” proiektuari buruzko informazioa ematen du.
  • Ikono gorria: erabiltzaile motaren arabera, aukera ezberdinak eskaintzen ditu, besteak beste: komunitate juridiko euskaldunean sartu ahal izatea, inprimaki juridiko elebidunak, kontsulta pertsonalizatuak, hilabetekarien harpidetzea eta prestakuntza-pilula juridikoak jasotzea.
  • Ikono berdea: terminologia juridikoa euskaraz kontsultatzeko tresna. Datu-basea da eta terminoak gaztelaniatik itzultzen ditu, hala nola “incoación de diligencias previas" (aurretiazko eginbideei hasiera ematea) edo “apoderado" (ahaldun). Barruan 400.000 itzulpen juridiko baino gehiago ditu bildurik: lexiko juridiko bateratua, eredu judizialak, glosategiak, lege-testuak , inprimaki elebidunak abokatuentzat... 

Auzia euskaraz proiektua 

Eusko Jaurlaritzak 2013ko abenduan jarri zuen abian “Auzia Euskaraz” proiektua, prozedura judizial osoa, demanda judiziala aurkezten denetik ebatzi arte, euskaraz tramitatu ahal izateko baliabideak eskaintzeko. 

Hiru urte hauetan lau epaiketa egin dira euskara hutsean: lehenengoa Bizkaiko Probintzia Auzitegian, bigarrena Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegian, hirugarrena Bilboko Administrazioarekiko 5 zenbakiko Epaitegian eta azkena, duela gutxi, Tolosako epaitegi batean.

 

2016ko azaroaren 14ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Etxeko eta Genero Indarkeriaren kontrako Behatokiaren VI. Batzarra

Eusko Jaurlaritza Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiaren VI. biltzarrean parte hartzen ari da

Eusko Jaurlaritzako Justiziako zuzendari Manuel Valín "Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiaren VI. Biltzarrean" parte hartzen ari da Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean. BLZ – Biktimei Laguntzeko Zerbitzuak egiten duen lana nabarmenduko du Valínek biltzarrean, orain Delituaren Biktimaren Estatutuan jasota dauden funtzioak betetzen baititu gaur egun. Bestalde, topaketako ondorioak aztertuko dituen mahai-inguruko kideetako bat izango da Manuel Valín. Biltzarrean izan da Biktimari Laguntzeko Zerbitzuaren koordinatzailea den Lourdes Lorente ere.

2003tik egiten da aldian-aldian biltzar hau indarrean dagoen legeriaren eragina ebaluatu eta erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko. Justizia Administrazioarekin loturiko profesionalen kolektiboek parte hartu dute bertan, eta aurten egingo da Senatuko bilkura-areto zaharrean.

Biltzarraren bi egun hauetan legegintzako azken erreformak eta genero-indarkeriaren arloko jarduera-lerroak berrikusiko dira, biktimak eta adingabeak babesteko neurriak sakondu dira, aipamen berezia eginda Delituaren Biktimaren Estatutu Juridikoari, biktimei laguntzeko bulegoei eta GKEei, eta informazioaren teknologia berrien papera, ziber-jazarpena eta administrazioetatik prebentzioaren eta babesaren arloan gauza daitezkeen ekintzak aztertu dira.

2016ko azaroaren 4ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Genero-indarkeria. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook