Justizia herritarrengana hurbiltzen

Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzak administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako emakumeen eta gizonen berdintasunerako lehen plana onartu du

Eusko Jaurlaritzak administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako emakumeen eta gizonen berdintasunerako lehen plana onartu du

Gobernu Kontseiluak onartu du Euskal Autonomia Erkidegoan egiten den administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako gizonen eta emakumeen berdintasunerako lehen plana. Garrantzi handiko lan-dokumentua da, Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek batera prestatu dutena eta administrazio orokorreko mahai sektorialak onartu duena.

Planak 4 urteko indarraldia du. Hasteko, egoeraren diagnostikoa egiten du berdintasunaren ikuspuntutik. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean eta haren erakunde autonomoetan lan egiten duten ia 7.000 pertsonen ezaugarriak aztertzen ditu. Ondoren, 6 jardun-ardatz zehazten du, eta hautemandako desberdintasuna arintzeko Eusko Jaurlaritzak abian jarriko duen 26 neurri zehatz ezartzen du.

Eusko Jaurlaritzak tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa aplikatzeko hartutako konpromisoaren parte da onartutako plan hori. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean eta haren erakunde autonomoetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko beste urrats bat da.

Diagnostikoa

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean eta haren erakunde autonomoetan 6.971 pertsonak egiten du lan une honetan. Berdintasunaren ikuspuntutik, azterketak hiru ondorio nagusi bereizi du: 

  • Euskal administrazio publikoa feminizatuta dago:6.971 langileetatik, 4.310 emakumezkoak dira, eta 2.661 gizonezkoak. Langileen % 61,8 emakumeak dira, eta batez besteko adina 49,40 urtekoa da.
  • Emakumeek gizonek baino lan-ezegonkortasun handiagoa dute:bitarteko funtzionarioen % 66 dira (lanpostu finkorik ez dutenak), eta aldi baterako langileen % 64,8 dira.
  • Ez dago soldata-diskriminazio zuzenik, hau da, lanpostu berean emakumeek eta gizonek berdin  kobratzen dute. Alabaina, hautematen da prestakuntza eta lanbide-gaitasun bera izanik ere, gizonek baino % 8,48 gutxiago kobratzen dutela, batez ere gizonek baino kategoria eta soldata txikiagoko lanpostuak betetzeagatik. Lehen arrazoia da, eta arrazoi nagusia, emakumeengan gizonengan baino bateragarritasun-premia handiagoa hautematea: emakumeek egiten dituzte familiakoak zaintzeko bateragarritasun-neurrien eskaeren % 87,14, eta gizonek % 12,8. Bestalde, emakumeek antzinatasun txikiagoa dute, 80ko hamarkadan lan-merkatua bera oso maskulinizatuta baitzegoen -izatez, hamarkada horretan sortu ziren administrazio orokorra eta haren erakunde autonomoak eta garai hartan gizonezkoak sartu ziren batez ere-. Ildo horretan, nabarmendu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan gaur egun duela 29 urte baino 50.000 emakume gehiago dagoela, lan-merkatuan emakume gehiago baitago.

Egoeraren analisia egitean, hauteman da aldi baterako langileekin zuzentzen ari direla langile finkoen arteko desberdintasunetako asko; izatez, langile horiek geroago sartu dira eta horrek maila guztietan emakume gehiago sartzeko aukera eman du. Emakumeen eta gizonen arteko banaketak bilakaera handia izan du, eta sexu-banaketa orekatuagoa da eta ez hain bereizia. Horrenbestez:

  • Burutzako lanpostuak oso maskulinizatuta daude karrerako funtzionarioen artean eta oso feminizatuta daude bitarteko funtzionarioen artean.
  • Lanpostu teknikoak oso maskulinizatuta daude karrerako funtzionarioen artean eta orekatuta daude bitarteko funtzionarioen artean.
  • Administrazio-lanpostuak, berriz oso feminizatuta daude karrerako funtzionarioen artean eta feminizatuta daude bitarteko funtzionarioen artean.
  • Mendeko lanpostuak oso maskulinizatuta daude bi funtzionario mota horietan, baina gero eta handiagoa da emakumeen kopurua lanpostu horietan.

Azterketan beste ondorio adierazgarri hauek ere lortu dira:

  • 2007. urtetik, hau da, Eusko Jaurlaritzak langile publikoentzako berdintasunaren arloko prestakuntza-ikastaroak abian jarri zituenetik, ikastaroetan parte hartu duten pertsonen % 75 emakumezkoak dira.
  • Urte horretatik antolatu diren lidergo, talde-kudeaketa eta zuzendaritza-gaitasunen arloko ikastaroetan izena eman dutenen gehiengoa, % 55,24, gizonak dira.
  • 2006. urtetik, hau da, lanean jazarpen morala eta/edo sexuala gertatzen den kasuetan jarduteko prozedura eta prebentzio-neurriak arautzen dituen urriaren 4ko agindua indarrean jarri zenetik, ez da izan sexu-jazarpeneko protokoloa aktibatzeko eskaerarik eta, hartara, ez da inoiz jazarpen hori desagerrarazteko esku hartu behar izan.
  • Eusko Jaurlaritzak genero-indarkeria jasan duten emakumezko langile publikoak laguntzeko eta babesteko neurri zehatzak ditu. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean edo haren erakunde autonomoetan lan egiten duen emakume bakar batek ere ez du eskatu laguntza-protokoloa aktibatzea.

Sei jardun-ardatz, 26 neurri zehatz

Euskal Autonomia Erkidegoan egiten den administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako gizonen eta emakumeen berdintasunerako lehen planaren bigarren zatiak 6 jardun-ardatz ezartzen du, baita hautemandako desberdintasunak arintzeko abian jarri beharreko 26 neurri zehatz ere:

1)  Antolamenduaren kultura:

  • Generoaren ikuspegia txertatzea dokumentu eta plan estrategikoetan zein langileen kudeaketako prozesuetan eta eskuliburuetan, baita langileei egiten zaizkien gogobetetasun-inkestetan ere -adierazle guztiak sexuaren arabera bereizita eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezagutzeko eta aztertzeko genero-adierazleak barnean hartuta-.
  • Kudeaketa-organoetako sistema informatikoak, erregistroak eta datu-baseak berraztertzea, eta, hartara, sexuen araberako datu bereiziak barnean hartzea memorietan, kontsultetan eta gainerako dokumentazioan. Horrela, sexuen arteko desberdintasuna aztertu ahal izango da.

2)  Langileak kudeatzeko politika:

  • Langileak hautatzeko, sartzeko eta hornitzeko prozesuekin lotzen den dokumentazioa berraztertzea eta berdintasunaren arloan indarrean dagoen araudia sistematikoki betetzea (berdinketa hausteko klausulak, ordezkaritza orekatua, gaietan berdintasun-gaiak barnean hartzea, haurdunaldi- eta erditze-egoerak hautespen-prozesuetan).
  • Lanbide-karreran bateragarritasun-neurriak erabiltzearen eragina eta jardunaldi-murrizketako edo udako eszedentziako egoeretan langileak ez ordezkatzearen eragina aztertzea, horrek lankideengan eragina izan ez dezan eta murrizketa-egoeran egotearen presioa saihets dadin. 

3)  Prestakuntza-politika: administrazioaren prestakuntza-politika aztertzea, planean hautemandako beharrei erantzungo dieten ikastaroak proposatzeko (berdintasuna zuzendaritzetako eta burutzetako langileentzat, langileen kudeaketa generoaren ikuspegitik, berdintasunaren kultura, eta abar).

4) Soldata-politika: generoaren araberako soldata-arrailean eragina duten faktoreak aztertzea eta neurri zuzentzaileak proposatzea.

5)  Erantzukizun-politika eta lan-denboraren berrantolamendua:

  • Gida/eskuliburu bat egitea bateragarritasun-neurriei, ordutegiei, eskakizunei, baldintzei eta horiek kotizazioetan, erretiroan eta abar duten ondorioei buruzko araudiarekin.
  • Baterako erantzukizuna sustatzea –langileen beharretara hobe egokitzeko– eta amatasun- eta aitatasun-baimenak parekatzearen eragin ekonomikoa ebaluatzea, iraupen berdinekoak eta besterenezinak izan daitezen.

6)  Prebentzioko eta lan-osasuneko politika:

  • Genero-ikuspegia txertatzea Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Planean.
  • Sexu-jazarpeneko eta sexuaren ondoriozko jazarpeneko egoeretan jarduteko berariazko beste protokolo bat prestatzea.
  • Prebentzio-zerbitzuko langileak prestatzea, haien egitekoan genero-ikuspegia txertatzeko gai izan daitezen.
  • Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen edo sexu-jazarpenaren  edo sexuaren ondoriozko jazarpenaren biktima diren emakumeen eskubideak hedatzea, baita haientzat dauden bitartekoak ere, haientzako laguntza-neurriak ezartzeko eta haien lan-baldintzak okerrera ez egiteko.

Berdintasunaren Batzorde Iraunkorra

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten den administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako gizonen eta emakumeen berdintasunerako lehen planak ezartzen du Berdintasunaren Batzorde Iraunkorraren sorrera, plan honetan barnean hartzen diren neurriak behar bezala gara daitezen. Batzorde hori kide anitzeko organo parekide tekniko bat izango da, eta berdintasunaren arloko ezagutzak dituzten administrazioko pertsonek eta langileek osatuko dute.

Gainera, batzordekide horiek gai horri buruzko prestakuntza espezializatua jasoko dute. Berdintasunaren Batzorde Iraunkorrari esleituko zaizkion egitekoen artean hauek daude:

  • Egin beharreko ekintzen urteko plangintza onartzea, eta ekintza horiek dinamizatzea eta kontrolatzea.
  • Planaren urteko ebaluazioa eta jarraipena egitea.
  • Ebaluazioen txostena egitea, eta plana gauzatzeko eta egiten diren azterketen ondoriozko gomendioak egiteko hautemandako beharren txostena egitea.
  • Administrazioaren barruan beste berdintasun-plan batzuk egiteko prozesuak diseinatzea.

Langile publikoek Berdintasunaren Batzorde Iraunkorrari buruzko informazio guztia eskuratu ahal izango dute, eta batzordea osatzen duten pertsonekin harremanetan jartzeko helbide elektroniko bat eskura izango dute.

2016ko irailaren 7ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Twitter
  • Facebook

Eusko Jaurlaritzak, urtero, Euskadin prozedura judizialetan biktima edo lekuko diren 5.000 adingabe ingururi eskaintzen die arreta

Eusko Jaurlaritzak, urtero, Euskadin prozedura judizialetan biktima edo lekuko diren 5.000 adingabe ingururi eskaintzen die arreta

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eta Herri Administrazio eta Justizia sailburuak, gaur goizean, “Biktima eta prozedura judizialetan lekuko diren haurrak” ikastaroan hartu du parte. UPV/EHUren Udako Ikastaroen esparruan Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako lan-jardunaldi hauen helburua hau da: prozedura judizial zibilen, penalen edo gazte-justiziarekin lotutakoen biktima edo lekuko diren adingabeei arreta emateko, zaintzeko eta babesteko formulak aztertzea eta hauetan sakontzea.

Hiru egunez, besteak beste, epailetzako, fiskaltzako, abokatutzako eta psikologiako profesionalek adingabeak babesteko obligazioari buruz eztabaidatuko dute, adingabe hauek dibortzio liskartsu, indarkeria matxista, familia barruko indarkeria, eskola barruko jazarpena eta familia-gatazkak bezalako egoera judizial zail eta mingarriak bizi behar dituztenean.

Eusko Jaurlaritzaren Lantalde Psikosozial Judiziala

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eta Herri Administrazio eta Justizia sailburuak azaldu duen bezala, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko justizia-administrazioaren esku jartzen du “Lantalde Psikosozial Judiziala”, psikologia, gizarte-lan, hezkuntza eta beste hainbat arlotako 30 profesional baino gehiagoz osatutako adituen taldea.

Urtero, Eusko Jaurlaritzak 650.000 euro inguru inbertitzen ditu zerbitzu honetan. Beste hainbat zereginen artean, zerbitzu honek, prozesu judizial batean nahastuta dauden lehen unetik, adingabeei arreta eta babesa eskaintzen die. Horrela, adingabeei arreta eskaintzen die eta, besteak beste, honako zeregin hauek ditu: epaimahaien aurrean adingabeen adierazpena prestatzea eta laguntzea, adingabea biktima bikoitza izan dadin ekiditea, adingabearen egoerari buruzko ebaluazio psikologikoak egitea, adingabea babesteko modu egokienei buruz epaileak eta fiskalak aholkatzea, akordiorik gabeko dibortzio-kasu zail, tratu txar, indarkeria, adingabeen babes eta abarretan adingabeei babesa eta laguntza ematea.

2015ean, Eusko Jaurlaritzaren “Lantalde Psikosozial Judizialak” 9.549 pertsonari eman zien arreta; horietatik 5.000 inguru adingabeak zirela kalkulatu da. Gainerako gehienak adingabearen senitartekoak eta haren inguruko pertsona garrantzitsuak dira: tutoreak, irakasleak, adiskideak, eta abar.

2015EAN ARRETA JASO ZUTEN PERTSONAK
  ARABA BIZKAIA GIPUZKOA GUZTIRA
Adingabeen Jurisdikzioan arreta jaso zuten pertsonak 1.555 1.640 1.183 4.378
Familiako Jurisdikzioan arrena jaso zuten pertsonak 1.210 2.324 1.445 4.979
Jurisdikzio penalean arreta jaso zuten pertsonak 29 121 29 179
Beste batzuetan arreta jaso zuten pertsonak 0 10 3 13
GUZTIRA 2.794 4.095 2.660 9.549

 

Era berean, 2015ean, zerbitzu honek euskal epaitegietatik adingabeei eta hauen familiei ebaluazio psikosozialak egiteko 3.092 eskaera jaso zituen:

  • Unitateen 1.252 ebaluazio psikosozial familiako prozeduretan.
  • Arauak urratu dituzten adingabeei buruzko txosten teknikoen eta lehengoratze prozeduren 1.635 eskaera.
  • Zigor-prozeduretan nahastutako adingabeen testigantzen eta araketen inguruko 179 laguntza psikologiko.
  • Lekukotasunaren sinesgarritasunarekin edo adingabeei egindako kalte psikologikoaren ebaluazioari buruzko 26 txosten.

TXOSTEN ESKAERAK
  ARABA BIZKAIA GIPUZKOA GUZTIZA
Familia 371 581 300 1.252
Adingabeak 289 781 565 1.635
Penala 24 121 34 179
Bestelakoak 8 7 11 26
GUZTIRA 692 1.490 910 3.092

 

Udako ikastaroak

Eusko Jaurlaritzak bigarren urtez jarraian antolatzen du udako ikastaro hau. Ikastaro honen bitartez, adingabeekin lan egiten duten eragile judizialen eta esku-hartze psikosozialeko profesionalen espezializazioa bultzatu nahi da, behar dituzten tresnak eta ezagutzak eduki ditzaten eta, horrela, adingabeak gehiago eta hobeto babes ditzaten.

Hona hemen aurten aztertuko diren gai zehatzak:

  • Prozedura judizialetan adingabeek parte hartzeko eta bertan egoteko moduak aztertuko dira, adingabearen ikuspuntutik.
  • Ebaluazio psikologikoan eta forentsean, eta sistema judizialetik igarotzen diren adingabeen tratamenduan eta esku-hartzean sakonduko da.
  • Adingabeei laguntzeko jardunbide egokietan sakonduko da, lurralde bakoitzaren errealitatea kontuan hartuz.
  • Kasu praktikoen bitartez, familia barruko indarkerian edo familiako gatazketan haurren bizipenei buruzko egoerak landuko dira.

Irekian argitaratutako prentsa-oharra irakurri ezazu: “Eusko Jaurlaritzak, urtero, Euskadin prozedura judizialetan biktima edo lekuko diren 5.000 adingabe ingururi eskaintzen die arreta”.
 

2016ko abuztuaren 29ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Twitter
  • Facebook