Justizia herritarrengana hurbiltzen

Eusko Jaurlaritza

BJKNk Durangoko BJBri eman dio Justiziaren Kalitatearen Saria

BJKNk Durangoko BJBri eman dio Justiziaren Kalitatearen Saria

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Durangoko Barruti Judizialeko Bulego Judizial Berriari eman dio Justiziaren Kalitatearen Saria.

2012ko Justiziaren Kalitatearen Sarien gainontzeko saridunak honako hauek izan dira: Badajozeko 1 zk.ko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegia, Kataluniako Eraberritzeko Zuzendaritza Nagusia, Espainiako Prokuradoreen Elkargoa, Guadalajarako Erregistro Zibila eta Justizia Ministerioa.

Aurtengo lehiaketara guztira 18 hautagai aurkeztu dira. “Justiziaren Kalitatea” izeneko sari horiek BJKNk sortu zituen Justizia Administrazioko organo judizialak eta bestelako erakundeak zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzeko egiten dituzten ekimen bikainenak saritzeko.

Sari banaketa Madrilen izango da datorren azaroan Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren areto nagusian. Ekitaldia Gonzalo Moliner Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Auzitegi Gorenaren presidenteak zuzenduko du.

2012ko uztailaren 30ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Botere Judiziala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Twitter
  • Facebook

Helburua, utzarazpenak ekiditea Euskadin

Helburua, utzarazpenak ekiditea Euskadin

Milaka familia etxea galtzen ari da. Ezin diote hipotekaren ordainketari aurre egin eta bankuak haien etxeen jabe egiten ari dira.

Justizia eta Herri Administrazio Sailak eman dituen datuen arabera, utzarazpen kopurua bikoiztu egin da azken lau urteotan. Krisiak eragindako gaitz honekin amaitzeko Eusko Jaurlaritzak gainzorpetutako familiei laguntzeko zerbitzua abian jarri du. Idoia Mendia sailburuaren hitzetan, “utzarazpena pairatzeko arriskua duten pertsonentzako heldulekua” da.

Aholkularitza, bitartekaritza eta utzarazpenak

Hiru dira Eusko Jaurlaritzak abian jarritako planak dituen oinarriak:

Hipoteka bat kontratatzerako aholkularitza. Kontsumobideren bitartez, herritarrek hipoteka kontratatzeko orduan zein eskubide dituzten eta  arretaz jokatzeko aldez aurreko zein neurri baliatu behar dituzten jakinaraziko zaie.

Aholkularitza bi pausotan oinarrituko da: Lehenenengo, hipoteka-mailegua kontratatzera doan pertsonaren egoera ebaluatuko da, eta gero, ziurrenik bere bizitzako inbertsiorik handiena izango denaren gaineko kontrola gal ez dezan jarraibide batzuk proposatuko zaizkio. Azken finean, beren egoeran  hipotekarik egokiena kontratatzen laguntzean datza.

Hipoteka kontratatu aurretik laguntza eskatu nahi baduzu, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuarekin harremanetan jar zaitez: www.kontsumobide.net.

Gainzorpetutako familien eta bankuaren arteko bitartekaritza. Justizia Sailaren doako zerbitzua da, eta ohiko etxebizitza erostearen ondorioz gainzorpetu diren partikularrei eskaintzen zaie, betiere hipoteka-maileguak ez baditu 350.000 euro gainditzen. Helburua, bezeroak zorra ahalik eta baldintzarik onenetan kitatzea da. Horretarako aditu talde batek zure gaitasun ekonomikoa aztertuko du, finantza erakundearekin hitz egingo du eta gizarte-arreta eskainiko dizu.  

Zerbitzua erabiltzeko ezinbestekoa da hitzordua eskatzea, telefonoz:  Araba, 945 25 02 09 / Gipuzkoa, 943 01 14 96 / Bizkaia, 946 61 32 10 (abuztuan, telefono bidezko arreta zerbitzuko zenbakia  945 01 14 96 izango da).

Utzarazpenaren ondorioz baztertuta gelditzeko arrisku larrian dauden pertsonei eta familiei babestutako alokairuko etxebizitza bat eskainiko zaie. Eta noiz dago pertsona bat “baztertuta gelditzeko arriskuan”? Gizarte Zerbitzuek egindako txostenetan horrela egiaztatzen denean. Etxebizitza familia bizi zen inguruan egongo da eta beren errentaren arabera ordainduko dute. Gainera, Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxeak erosiko ditu eta zorra ordaintzetik askatuko du etxebizitzaren jabea.  Era honetara finantza erakundeek etxebizitza babestuak erosteko maileguak ematen jarrai dezaten lortu nahi da, Eusko Jaurlaritzak bare gain hartuko baitu zuzen-zuzenean hipoteka-merkatuko berankortasunaren arriskua.

 

2012ko maiatzaren 10ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat.
  • Partekatu:
  • Twitter
  • Facebook