Justizia herritarrengana hurbiltzen

Eusko Jaurlaritza

Justizian Heztea, Justizia gazteengana hurbiltzeko programa

Justizian Heztea, Justizia gazteengana hurbiltzeko programa

Eusko Jaurlaritzak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak “Justizian heztea” programa abiarazi dute. Programaren helburua da ikasleek justiziaren funtzionamendua hobeto ezagutzea, arreta berezia jarriz alderdi hauetan: genero-indarkeria, sare sozialen erabilera, eskola-jazarpena, sexting-a, eta beste hainbat alderdi, droga-kontsumoarekin eta adingabekoaren erantzukizun penalarekin lotutakoak.

Justizian Heztea Programa hiru saiotan garatzen da:

Lehenengoan, magistratu, epaile batek Ikastetxea bisitatzen du eta solasaldi bat izaten du ikasleekin, eta horretarako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak landutako ikus-entzunezko materialaz baliatzen da.

Bigarren saioan, ikasleak Justizia Jauregira joaten dira eta publiko gisa bertaratzen dira epaileak hautatutako epaiketa batera edo gehiagotara. Ondoren, Lan eta Justizia Saileko funtzionarioen eskutik, unitate mediko-forentseak, kalabozoak eta identifikazio-saioak egiten diren aretoa bisitatzen dituzte.

Eta hirugarren saioan, ikasturtea jada aurreratua dagoenean, ikasleek epaiketa bat antzezten dute epaitegiko Judizio Aretoan, epaile batek gainbegiratuta haien tutorearekin batera landua duten gidoi batean oinarrituta. Ikastetxeetako ikasleak eta irakasleak bertaratuko dira publiko gisa eta uneoro egongo dira Emilio Lamo de Espinosa magistratuaren, programako gidariaren eta haien tutorearen zuzendaritzaren eta gainbegiraketaren pean.

2019ko abenduaren 20ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Euskadiko Justiziaren 2020-205 Plan Estrategikoaren lanketan parte hartu nahi al duzu?

Euskadiko Justiziaren 2020-205 Plan Estrategikoaren lanketan parte hartu nahi al duzu?

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko eragile nagusiok datozen urteetarako (2020-2025) plangintza estrategikoa lantzen hastea erabaki dugu, egungo eta etorkizuneko egoera aztertzeko eta ditugun baliabideak antolatzeko, gure autonomia erkidegoan justizia-zerbitzu publikoa bermatzeko eta hobetzeko asmoz.

Planaren eraketa-prozesua 2019ko irailean hasi zen, eta 2020ko maiatzerako prozesua amaitu eta plana abian jartzeko asmoa dago. Eraketa-prozesua hurrengo lantalde eta ekimen ezberdinen bitartez gauzatuko da:

  • 24 kidez osatutako talde-sustatzailea. Talde horretan hurrengo kidegoetako ordezkariek parte hartuko dute; Justizia Administrazioaren letraduak, fiskalak eta epaileak, kudeaketako, izapidetzako eta laguntza judizialeko kidegoetako langileak, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko langileak eta zuzendaritza-taldea. Talde honetan jorratuko dira, besteak beste, eginkizuna, egoeraren diagnostikoa, ikuspegia, ardatz estrategikoak, jarduera-ildoak, proiektuak eta ekintzak.
  • Diagnostiko- eta proposamen-faseetan, interes-talde garrantzitsuenekin saioak egingo dira: herritarrak, biktimak, eragile juridikoak, beste administrazio publiko batzuk eta hirugarren sektorea.

Zertan datza: Plan hau EAEn justizia arloan ardurak dituzten eragileek adostutako dokumentua da, haien artean eta interes-taldeekin hausnarketa-prozesua egin ondoren datozen urteetan (2020-2025) jarraitu beharreko estrategia zehaztuko duena, justiziako zerbitzu publikoa hobetzeko asmoz.

Zertarako da: EAEko eragile juridikoen, profesionalen eta herritarren egungo egoera eta etorkizuneko beharrizanak aztertzeko, baliabideak antolatzeko eta gure autonomia erkidegoko justizia zerbitzu publikoa bermatzeko eta hobetzeko.

2019ko azaroaren 22ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook