Justizia herritarrengana hurbiltzen

40.000 euro doako justiziako abokatutzako profesionalen prestakuntzarako

40.000 euro doako justiziako abokatutzako profesionalen prestakuntzarako

Gobernu Kontseiluak adostu du 40.000 euroko dirulaguntza ematea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako abokatuen elkargoei, doako laguntza juridikorako zerbitzuak ematen dituzten letratuen prestakuntza eta espezializazioa finantzatzeko.

Finantzaketa Abokatutzaren Euskal Kontseiluak aurkeztutako 2019ko Prestakuntzako Urteko Planaren arabera banatuko da. Hark dirulaguntzaren honako banaketa hau ezartzen du:   Arabari, 8.200 euro; Bizkaiari, 19.200 euro, eta, Gipuzkoari, 12.600 euro.

Aurreikusitako helburuen betetze-mailaren eta 2018an antolatutako jardueren amaierako azalpen-memoriaren arabera, Euskadiko hiru abokatuen elkargoek guztira doako justiziaren inguruko 30 prestakuntza-ikastaro egin zituzten, eta, haietara, 5.060 letratu bertaratu ziren (994 Araban, 3.221 Bizkaian eta 845 Gipuzkoan).

Doako Justiziarako eskubidearen bermeak prestakuntza beharrezkotzat ezartzen du -nahiatez bete beharrekoa- doako laguntza juridikorako zerbitzua emateko; horretarako, gutxieneko eskakizun orokor batzuk eta ofiziozko eta guardiako txandei arreta ematen dieten abokatutzako profesionalen prestakuntzarekin eta espezializazioarekin urtero jarraitzeko eskatzen da, eta, bereziki, adingabeen, atzerritartasunaren eta genero-indarkeriaren arloan espezializatutako txanden profesionalen kasuan.

Doako Laguntza Juridikoaren Zerbitzua emateko, Euskadiko abokatuen elkargoek ofiziozko txandari atxikita dauden 2.381 profesional dituzte (1.257 gizon eta 1.124 emakume) eta guardiako txandari atxikitako 1.958 profesional (1.012 gizon eta 630 emakume); haiek herritarrei eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan ematen diete arreta, eta doako laguntza juridikoaren onuradunen jurisdikzio-ordenetan (zibila, zigor-arlokoa, administrazioarekiko auzietakoa eta lan-arlokoa) eskubide eta interesen defentsa beren gain hartzen dute, auzitan jarduteko baliabide ekonomiko nahikoa ez dutela egiaztatzen duten pertsonen kasuan.

2018an, guztira 24.000 eskabidek izan zuten Doako Laguntza Juridikoko batzordeen aldeko txostena, eta, aurtengo lehen seihilekoan, 14.290 izan dira.

2019an, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Lan Sailak 15 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu Doako Laguntza Juridikoaren zerbitzua ematera.

2019ko abuztuaren 13ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Abokatuen elkargoek ofizio-txanda duina eta aitortua aldarrikatu dute Doako Justiziaren Egunean

Abokatuen elkargoek ofizio-txanda duina eta aitortua aldarrikatu dute Doako Justiziaren Egunean

Abokatuen elkargoek uztailaren 12a ospatuko dute, Doako Justiziaren eta Ofizio Txandaren Eguna. Egunean zehar hainbat aldarrikapen-ekitaldi izango dira, doako laguntza juridikoaren eta ofizio-txandaren bidez 46.100 abokatuk urteko 365 egunetan eta eguneko 24 ordutan eskaintzen duten zerbitzuaren garrantzia azpimarratzeko.

Egun horretan, gainera, herritar guztiei justiziarako sarbide berdina izateko eskubidea bermatzen dien lana babestu eta zabaltzen da.

Uztailaren 12a

Bozgorailu sozial moduan jarduteko eta bere burua sozialtzat eta demokratikotzat duen estatu batean doako justiziak duen garrantzia aldarrikatzeko, Espainiako Abokatutza Kontseilu Nagusiak uztailaren 12a izendatu zuen duela zenbait urte ofizio-txandako eta doako justiziako abokatuen zeregina aitortzeko eta aldarrikatzeko eguna.

2019ko uztailaren 11ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Zerbitzu berriak Enplegu Publikoaren Atarian lan poltsetako langileentzat

Zerbitzu berriak Enplegu Publikoaren Atarian lan poltsetako langileentzat

2019ko uztailaren 1etik, Enplegu Publikoaren Atarian zerbitzu berriak daude eskuragarri Administrazio Orokorreko, Justiziako eta/edo Segurtasuneko poltsetako langileentzat.

Atari berria abian jartzeak aldaketak ekarriko ditu lan-poltsak kudeatzen dituen organoarekin harremanetan jartzeko moduan.

Zerbitzu berriak izango dituzu eskura:

  • Lan-eskaintza baten espezifikazioen simulazioa egin dezakezu, eta sistemak egun horretan aurretik dituzun pertsonen kopurua adieraziko dizu. Espezifikazioak aldatuz gero, gehien komeni zaizkizunak ikusi ahal izango dituzu.

    Zauden lan-poltsa bakoitzean egin diren azken kontratazioak kontsultatu ahal izango dituzu. Informazio horrekin, kontratatzeko zer aukera dituzun jakin ahal izango duzu.

    Zure lan-poltsen datu eguneratuak zehatz-mehatz kontsultatu ahal izango dituzu (Administrazio Orokorrekoak, Justiziakoak eta Segurtasunekoak).

    Poltsa bakoitzean zein datu dauden ikusi ahal izango duzu, eta zure egungo egoerarekin bat ez badatoz, aldatu egin ahal izango dituzu.
  • Aurrerantzean, honako kudeaketa hauek online egin ditzakezu, zeure burua ziurtagiri digital batekin eta sinadura elektronikoarekin identifikatuta.

Gerora, zerbitzu eta aukera gehiago ere jarriko dira (webgunean iragarriko dira). Lor ezazu lehenbailehen ziurtagiri digitala. B@kQ ziurtagiri digitala erabiltzea gomendatzen dizugu, erraza baita lortzen eta erabiltzen.

2019ko uztailaren 8ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Trebakuntza eta enplegu publikoa. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

San Josék haurren zaintzari buruzko uda-ikastaroa inauguratu du

San Josék haurren zaintzari buruzko uda-ikastaroa inauguratu du

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak UPV/EHUko uda-ikastaro bat inauguratu du, “Haurren zaintza familia-prozesu liskartsuetan”, asteazken arte Donostiako Miramar Jauregian egitekoa.

Inaugurazio-hitzaldian, San José sailburuak Lan eta Justizia Saileko askotariko zerbitzuak osatzen dituzten pertsonek egiten duten lana nabarmendu du; zerbitzu horiek eragile juridikoei, familiei eta gizarte osoari eskaintzen zaizkie, familia-haustura liskartsu eta judizializatuaren ondorioak albait gehien gutxitzeko: Epaitegiko Lantalde Psikosoziala, Epaileak Agindutako Familia Elkarguneak eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko Osoko Balorazio Forentseko Unitateak.

Ekitaldian, pertsona hauek parte hartu dute: Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidentea, Carmen Adán Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia, Itziar Alkorta UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendaria, eta Fernando Álvarez Eusko Jaurlaritzako Epaitegiko Lantalde Psikosozialeko kidea.

2019ko uztailaren 2ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

"Zer egin emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean?" Gidaliburu berria, hizkera argira eta irakurketa errazera egokituta

Eusko Jaurlaritzak berriz argitaratu du “Zer egin emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean?” gidaliburua, hizkera argira eta irakurketa errazera egokituta, eta Jaurlaritzak euskal herritarrengana argiago eta errazago hurbiltzeko proiektu orokorraren baitan egin da. Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendari Javier Bikandik, Lide Amilibia Sailburuordea bi gidaliburu aurkeztu dituzte: bat hizkera argian idatzia, eta bestea, oraindik sinpleagoa, irakurketa errazekoa. Biek, baina bereziki lehenengoak, logotipoak eta piktogramak dituzte oraindik ere irisgarriagoak eta ulergarriagoak izan daitezen.

Gidaliburu bakoitza sei hizkuntzatan argitaratu da: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, arabieraz, portugaleraz eta errumanieraz. Gainera, Braille sisteman ere argitaratuko da ikusmen-dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat, eta aztertzen ari dira pertsona gorrentzat zeinu-hizkuntzan eta testuak irakurtzeko eta/edo ulertzeko arazoak dituztenentzat audio-formatuan grabatzeko aukera ere. 

Zer egin emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean?

Artolazabalek azaldu du gidaliburu hau aurrerapauso handia dela 2015´ean argitaratutakoarekin alderatuta, ahalik eta informaziorik zehatzena ematen duen aldetik, “indarkeria jasaten duten emakumeentzat irisgarriagoak izateko” ahaleginean. Helburu nagusia da gidaliburu hau erreminta “guztiz baliagarria izatea herritarrentzat”. “Indarkeria jasaten duten emakumeak askotan babesgabe sentitzen dira, nora jo jakin gabe. Euskal administrazioek emakume horiei arreta erraz eta antolatuta emateko jada abian dituzten baliabideak laburbiltzen dira gidaliburu honetan”.

Eusko Jaurlaritza hil honetan bertan hasiko da gidaliburu horien 100.000 ale banatzen emakume horiek eskuratu ditzaketen lekuetan. Leku horietako batzuk dira, esate baterako: Ertzain-etxeak; hiru euskal hiriburuetako eta Barakaldoko justizia-auzitegietako Biktimak Artatzeko Zerbitzuen egoitzak; Lanbideren bulegoak; oinarrizko gizarte-zerbitzuen egoitzak; mediku-zentroak, hala nola, ospitaleak eta anbulatorioak; Emakunderen bulegoak; emakumeen elkarteen eta, bereziki, genero-indarkeriaren aurkako elkarteen, ordezkaritzak; prostituzioan aritzen diren emakumeen eta emakume atzerritarren elkarteak, eta immigrazioaren aldeko elkarteak; ONCEren egoitzak (Braille formatuan), eta abar.

Adierazitako 100.000 ale horiek honela banatuko dira: 75.000 hizkera argian eta 25.000 irakurketa errazean. Lehenengoen 50.000 ale euskaraz eta gaztelaniaz inprimatuko dira; 20.000 frantsesez eta arabieraz; eta beste 5.000 errumanieraz eta portugaleraz. Irakurketa errazeko liburuxkei dagokienez, 15.000 ale euskaraz eta gaztelaniaz inprimatuko dira; 8.000 frantsesez eta arabieraz; eta 2.000 portugaleraz eta errumanieraz. Bi egokitzapenak, Hizkuntza Argia eta Irakurketa Erraza, kolore ezberdinetan inprimatu dira, bat, laranjaz eta arrosez, eta, bestea, urdinez eta berdez, hurrenez hurren, errazago identifikatu ahal izan daitezen.

Gidaliburuaren bertsio guztiak www.euskadi.eus webgunera ere igoko da formatu digitalean.

Bestalde, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila lanean ari dira hizkera argiari eta irakurketa errazari buruzko jarraibide horiek emakume biktimei zuzendutako online edukian asimilatzeko, jada aipatutako www.euskadi.eus webgunearen bidez, eta berdin egingo da bikote-lagunaren edo bikote-lagun ohiaren aldetik indarkeria jasaten duten emakumeentzako “ordainketa bakarreko” dirulaguntza eskatzen duten emakumeek jasotzen dituzten ebazpenekin eta errekerimenduekin.

Indarkeria matxista

Gidaliburuan ez dira bikote-lagunaren edo bikote-lagun ohiaren aldetik tratu txarrak jasaten edo jasan dituzten emakumeei euskal administrazioek ematen dizkieten zerbitzuak eta baliabideak bakarrik laburbiltzen; izan ere, indarkeria jasaten duten emakume guztiei zuzenduta dago, eta hor sartzen dira bikote-laguna ez den familiako edozein gizonezkok (aitak, anaiak, semeak…) erabilitako indarkeria; sexu erasoa, jazarpena eta abusua; giza salerosketa; derrigortutako prostituzioa; lan-esparruko jazarpena, eta abar. Gainera, gidaliburu hau emakume guztiei zuzenduta dago, euren administrazio-egoera erregularra edo irregularra den, erroldatuta dauden ala ez, erasotzailearekin harremana izaten jarraitzen duten ala ez… kontuan hartu gabe.

Bestalde, Artolazabal sailburuak azpimarratu du erreminta hau emakume horiek artatzen dituzten profesionalek ere erabil dezaketela, hala nola, “segurtasun-kidegoetako agenteek, osasunaren eta abokatutzaren arloko profesionalek edo oinarrizko gizarte-zerbitzuetako langileek, besteak beste”, bai eta biktimen familiartekoek eta hurbilekoek ere, “erabilgarri dauden baliabideei buruzko informazio zehatzean eta errealean oinarrituta lagundu ahal izateko”. Alde horretatik, gidaliburuan “jarraibide sinple batzuk ematen dira emakume bat indarkeria matxista jasaten noiz ari den identifikatzen jakin dezagun”.

Dokumentuan bata bestearen atzetik antolatuta daude Eusko Jaurlaritzak emakume horien esku jartzen dituen baliabideak eta zerbitzuak, egoeraren arabera batzuk edo besteak erabil ditzaten: polizia-baliabideak, osasun-baliabideak, aurrez aurreko arretarako baliabideak, telefono edo elkarte bidezko arreta…, helburua baita baliabide horiek erabiltzea tratu txarren egoera horretatik irteteko.

2019ko ekainaren 26ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Genero-indarkeria. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook