Justizia herritarrengana hurbiltzen

Nire etxea emango dizut zorra kitatzeko

Nire etxea emango dizut zorra kitatzeko

Krisi ekonomikoa dela eta, familia asko egoera larrian daude; izan ere, lan gabe gelditzeaz gain, etxea galdu dute eta oraindik bankuarekin zorretan daude.

Nola iritsi dira egoera honetara? Duela gutxi ekonomiaren egoera oso ona zen. Garai hartan  oso erraza zen - dirua eduki zein ez eduki-  etxea erostea. Etxeen prezioak erabat puztuta zeuden, baina bankuek, erosi ahal izateko, era guztietako erraztasunak ematen zituzten. Trukean, amaierarik gabeko hipotekak ematen zituzten.

Horren ondorioz, krisialdian, milaka langile geratu dira langabezian eta gaur egun familia asko eta asko daude hipotekei aurre egin ezinik. Ondorioz, etxea galdu dute, baina bankuarekin milaka eurotako zorra izaten jarraitzen dute, beraien etxebizitzen prezioak ikaragarri jaitsi direlako.

Egoera tamalgarri honi amaiera emateko, Gobernuak hainbat erreforma jarri nahi ditu abian, eta finantza erakundeek, hala nahi izanez gero, bere egin dezaketen Jokabide Egokien Araudia ezarri nahi du. Momentuz, Araudia hainbat bankuk eta kutxek onartu dute (Banco Santander, Bankinter, Banco Sabadell eta Catalunya Caixa izan dira lehenak). Hori bai, abantaila fiskalen truke egin dute.

Jokabide Egokien Araudiaren ezaugarri garrantzitsuenetako baten arabera, familiek etxea eman dezakete zorra kitatzeko. Aukera honi ordainean ematea deritzo. Horrez gain, kaltetuek etxebizitzatik kaleratzeko agindua bi urtez atzeratu ahal izango dute alokairu sozial bat ordaintzen badute.

Gobernuak, aukera honetaz baliatzeko ondorengo baldintza hauek bete behar direla adierazi du:

  • Hipotekaren kuota familia unitateak dituen diru sarreren %60 baino gehiago izan behar du.
  • Familiako kide guztiek langabezian egon behar dute.
  • Etxebizitza, familiak duen lehena eta bakarra izan behar du.
  • Etxebizitzaren balioak ezin du gainditu:
    1. 200.000 euro, milioi batetik gorako hirietan.
    2. 180.000 euro, 500.000 biztanletik gorako hirietan.
    3. 150.000 euro, 100.000 biztanletik gorako hirietan.
    4. 120.000 euro, populazio gutxiagoko herrietan.

Irizpide hauen arabera, EAEn aukera hau izango duten familiak gehienez ere 150.000 euroko etxeak dituztenak dira. Izan ere, EAEn ez dago ez milioi bat biztanle baino gehiago duen hiririk, ezta milioi erdiko biztanle kopurua duen hiririk ere. Eta horrez gain, 100.000 biztanletik gorako lau hiri bakarrik daude: hiru hiriburuak eta Barakaldo. Ondorioz, EAEn oso gutxi izango dira etxea ordainean emateko aukera izango duten familiak.

EAEko Stop Desahucios plataformako bozeramalea den Marta Uriarteren arabera, Jokabide Egokien Araudiak kaltetuen %1ari eragingo dio bakarrik, izan ere, EAEko etxebizitzen prezioa 300.000 euro ingurukoa da. Marta Uriarteren ustez, ratioak herrialde bakoitzeko errealitatera egokitu beharko litzateke, adreiluak ez baitu berdin balio Galizian, Extremaduran edo hemen.

2012ko martxoaren 26ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. 2 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Nortzuk ez dute abokatu izateko sarbide-masterrik egin behar?

Nortzuk ez dute abokatu izateko sarbide-masterrik egin behar?

Abokatu eta Auzitegietako Prokuradore lanbideetarako sarbideari buruzko Legeak ezartzen duenaren arabera, lizentziatuek elkargokide izateko praktika juridikoko masterra egin behar dute. Lege hau 2006an onartu zen eta 2011ko urriaren ostean lizentziatutako guztiei eragiten die.

Baina lege horrek salbuespenak ere baditu. Alberto Ruiz-Gallardon Justizia Ministroak , ikasleen eskaeren aurrean, amore eman du. Horren ondorioz, masterrak 4 salbuespen izango ditu:

  1. Legea 2006ko urrian onartu aurretik matrikulatu zirenek ez dute masterra egin beharrik izango, baldin eta karrera amaitu eta bi urteko epean elkargokide egiten badira.
  2. 2006 ostean Zuzenbidean matrikulatu zirenek ez dute masterraren alde teorikoa egin behar izango. Praktika bakarrik egin beharko dute.
  3. Legea indarrean jarri aurretik atzerriko titulu baten homologazioa eskatu zutenek ez dute masterra egin beharrik izango, baldin eta homologazioa lortzen dutenetik urte biko epean elkargokide egiten badira.
  4. 2006. urtea baino lehen lizentziatu ziren ikasleei ere ez zaie profesional titulua eskatuko, baina bi urte pasa aurretik elkargokide egin beharko dira.

Ikus ezazu urriaren 30eko 34/2006 Legea, Abokatu eta Auzitegietako Prokuradore lanbideetarako sarbideari buruzkoa.

2012ko martxoaren 19ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Trebakuntza eta enplegu publikoa. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Justizia.net, Administrazio eta Erakunde Publikoen @asLAN Sarietan finalista

Justizia.net, Administrazio eta Erakunde Publikoen @asLAN Sarietan finalista

Justizia.net, Euskadiko Justizia Administrazioaren web atari publikoa, finalista izango da Administrazio eta Erakunde Publikoen IV. @asLAN Sarietan, “Justizia eta Barne Saila” mailan.

@asLAN Elkarteak abian jarritako ekimen honek Espainiako Administrazio Publikoan Informazio eta Komunikazio Teknologia berrien (IKT) ezarpen eta erabileran izandako esperientzia arrakastatsuak aitortzea du helburu.

Laugarren edizio honetan 59 Erakunde Publikotako 71 ekimen izan dira lehian, eta 635 profesionalek parte hartu duten prozesu ireki baten bidez 24 finalista aukeratu dira.

Sari banaketa martxoaren 29an egingo da, IP, SITI/asLAN’2012 teknologia eta sareetan espezializatutako Azoka eta Kongresuaren itxiera ekitaldian. Sari banaketa Borja Adsuarak gidatuko du, Industria, Energia eta Merkataritza Ministerioko Red.es erakunde publikoko zuzendari nagusiak.

  • @asLAN-i buruz: Sare sistema, internet eta telekomunikazioen hornitzaile den @asLAN Elkartea 1989an eratu zen. Elkartearen helburua Espainian, enpresa arloan, sare eta telekomunikazio teknologiak bultzatzea eta hedatzea da. Gaur egun @asLAN Elkartean 100 enpresatik gora daude, eta hauen artean sare ekoizle, integratzaile, banatzaile eta telekomunikazio operadore garrantzitsuenak daude.
  • @asLAN Sarietan Justizia.net-i eman nahi diozu botoa? Zabalik duzu “Justizia eta Barne Saila” atalean hiru finalisten artean ekimen onena izan duena aukeratzeko epea. Bozketan parte hartzeko, lehendabizi SITI/asLAN’12 Azokaren web atarian izena eman behar duzu, eta, gero, “Justizia eta Barne Saila” atalean, Justizia.net-en aldeko botoa eman behar duzu. Eman botoa!
2012ko martxoaren 8ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Notarioak ezkon al gaitzake?

Notarioak ezkon al gaitzake?

Oraingoz, ez. Neurria otsailaren hasieran Alberto Ruiz Gallardón Justizia ministroak iragarri bazuen ere, notarioek oraindik ezin dute bikoterik ezkondu, ezta dibortziatu ere.

Gainera, gizatalde asko formula berri horren aurka azaldu dira, herritarrei segurtasun juridiko eza eragingo diela, eta Justizia ez duela eraginkorragoa eta bizkorragoa egingo argudiatuz.

Mónica Ruiz abokatuak, ABA Abogadas-eko  bazkideak,  pausu bat haratago eman du eta Diario Jurídico egunkarian, neurri berria komenientziazko ezkontzei ate bat irekitzeko modua izan daitekeela adierazi du.  Egun,  iruzur mota honekin amaitzeko, Erregistro Zibiletako funtzionarioek ezkongaiei gertaera objektiboei buruzko azterketak egiten  dizkiete. Mónica Ruiz abokatuak, notarioek horrelako kontrol zorrotza egingo dutenik zalantzan jartzen du. 

Adostasunezko dibortzioen gaia are korapilatsuagoa da; batez ere, kasu askotan bikotearen adingabeko seme-alabak tartean daudela kontuan hartuta. Mónica Ruiz abokatuaren ustez, kontuan hartu behar da epailearen lana ez dela soilik hitzarmen bat homologatzea. Bere lana  ezkontideen artean lortutako akordioak etorkizunean beteko direla egiaztatzea ere bada. Eta baita, betearazpena epaitegi baten aurrean bermatu ahal izango dela egiaztatzea ere.  Gainera, esperientziak erakutsitakoaren arabera, adostasunezko dibortzioak -adingabeak tartean egonda zein ez- ez dira Auzitegiak gelditzen dituzten kasuak; izan ere, horrelakoetan ez denez epaiketarik egiten, epaileen lana legezkoa den hitzarmena sinatzea besterik ez da izaten. 

Eta zuk, zer diozu? Notarioak epailea ordezkatu dezakeela eta bikoteak ezkondu, zein adostasunezko dibortzioak egin ditzakeela uste duzu? Neurri honek Auzitegien lana arinduko duela uste duzu?

2012ko martxoaren 2ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. Iruzkin bat.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Nor indulta daiteke?

Nor indulta daiteke?

Duela gutxi  kalera atera da kartzelan denbora  gehien  egon den Espainiako presoa . Miguel Montes Neiro 1976an sartu zuten kartzelan lehendabiziko aldiz , zerbitzu militarra egiteari uko egin ziolako. Harrezkero, zigorrak pilatuz joan da, eta guztira 36 urte egin ditu giltzapean. Orain kartzelatik atera da, bi indulturi esker.

Baina, zer da indultu bat? Eta, nor indulta daiteke?

Indultua mesede neurri bat da eta Espainiako erregeak ematen du Justizia ministroak egindako proposamenaren arabera; epai irmoz kondenatutako preso bati, zigorraren zati bat edo zigor osoa kentzean datza.

Neurri hau edozein presok eska dezake; ez da lege-hauste mota kontuan hartzen. Eta bete beharreko zigorra kentzen du; honek zera esan nahi du,  presoak aurrekariak izaten jarraituko duela.

Presoari indultua emateko bi baldintza bete behar dira: Batetik, presoa aske geratzeak ez du beste pertsonengan inolako kalterik eragin behar, eta ez ditu beste pertsonen eskubideak urratu behar. Bestetik, kaltetutako pertsona horrek hitz egiteko aukera izan behar du.

Indultua presoak berak, edo bere izenean bere senideek edo beste edozein pertsonak eska dezake. Horretarako, presoaren gizarteratzea egiaztatzen duen dokumentazio guztia bidali behar zaio Justizia ministroari; edo, egoeraren arabera, presoaren desintoxikazio prozesuari buruzko informazio guztia bidali behar da.

Justizia Ministerioaren web atarian indultua eskatzeko eredua eta neurri horri buruzko informazio gehiago dago.

2012ko otsailaren 28ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Botere Judiziala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook