Justizia herritarrengana hurbiltzen

Atzerrian preso daudenei indultua ematea

Espetxea Seulen, Hego Korean. Argazkia: Kim Dar

Azken aste hauetan atzerrian preso dauden espainiarren indultuari buruz zabal hitz egin da. Aurreko post batean espainiar estatuan indultua eskatzeko eta emateko prozeduraz hitz egin genuen, baina ba al dakigu zer gertatzen den norbanakoa atzerrian preso dagoenean?

Herrialde guztietan indultua  mesede-neurria da. Espainian, 1870eko lege bat dago -1988an aldatu zen- . Lege horren bidez indultua eskatzeko eta emateko prozedura arautzen da. Ondorioz, neurria Gobernuak ematen badu ere, izapidetzeko arau horiek bete behar ditu. Atzerrian preso dauden pertsonei dagokienean,  berriz, ez dago indultuak arautzeko nazioarteko hitzarmenik. Mesede-neurria Gobernu bakoitzari dagokio; beraz, herrialde bakoitzak bere araubide juridikoaren arabera ematen du.

Hala ere, beste herrialde bati indultua eskatzea ez da batere ohikoa. Espainiako estatuan kontsulatuek osatzen dute zerrenda eta horren ondoren dagokion enbaxadari bidaltzen diote. Kontsulatuek indultu eskaera faktore ezberdinen arabera egiten dute: Familiaren egoera, osasun egoera, zigorra betetzeko zenbat falta den eta delitu mota.   Dena den prozedura ez dago araututa;  atzerrian preso daudenen leku-aldatze eskaera, aldiz, bai.   
 

2013ko abuztuaren 13ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia Ministerioa. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Gurasoek elkarrekin banatutako zaintzari bultzada

Aita umeentzako aulki batekin paseatzen

Gurasoek elkarrekin banatutako zaintzak dagoeneko ez du salbuespen-izaerarik. Aurrerantzean epaile egokiak erabakiko du zein jagoletza- eta zaintza-araubide den egokiena ezkontza-deuseztasuna, banantzea eta dibortzioa gertatzen direnean, betiere adingabearen onuran izateko eta kasu bakoitzaren berezitasunak aztertuta.

Horrela ezarri da Gobernuak onartu berri duen Ezkontza-deuseztasuna, banantzea eta dibortzioa gertatzen direnerako baterako erantzukizunari buruzko Lege Aurreproiektuan, gurasoek elkarrekin banatutako zaintzak dagoeneko salbuespen-izaerarik ez duela ezarri baitu.
Testu berriak dakartzan aldaketa garrantzitsuenetako batzuk:
  • Epaileak erabaki behar du kasu bakoitzean zein jagoletza- edo zaintza-modu den egokiena.
  • “Bisiten” kontzeptua ezabatu da, gurasoen eta seme-alaben arteko eguneroko eta ohiko harremanari garrantzi handiagoa emateko. Horrela ez dira gehiago erabiliko “jagolea”, “zaintzailea” edo “bisitak” bezalako terminoak honakoei lotuta: “elkarbizitza”, “egonaldiaren araubidea” “harremana” edo “harremana bizikidea ez denarekin”.
  • Gurasoak adingabearen onerako ados jarri behar direlaz kontzientziatzeko, guraso-ahala baliatzeko plan bat sartu behar dute banantzeko edo dibortziatzeko demandek prozesu judizialean, eta horren bidez gurasoek euren erantzukizunak nola egikarituko dituzten azaldu. Gainera, ados jarri daitezen laguntzeko, Familia Bitartekaritzako Zerbitzuetara jo ahal izango dute.
  • Inoiz seme-alaben beharrizanak edo gurasoen inguruabarrak aldatzen badira, hasieran hartutako neurriak aldatu ahal izango dira.
  • Testuaren arabera, ez zaio jagoletzarik eta zaintzarik emango genero-indarkeriari edo etxeko indarkeriari lotutako delituengatik epai irmoa duen gurasoari.
  • Ezkontzaren ondasun-eraentzaren likidazioa bizkortu egingo da. Kontuan izan behar da alderdi ekonomikoa familiaren hausturaren ondoriozko gatazkan alderdi garrantzitsuenetako bat dela, eta orain arte izapide hau ebazteko denbora luzea behar izaten zela.
Laburbilduz, Lege Aurreproiektu horren helburu nagusia guraso bakarraren zaintzaren aldekoa ez den lege sistema bat lortzea da eta, beraz, gizarteak izan dituen aldaketetara egokitzea. Horretarako, Kode Zibilaren 92. artikulua aldatu behar izan da. Orain epaileak du zaintzako araubide-eredu egokiena erabakitzeko boterea, eta berea da gurasoen arteko harremanen alderdiak eta edukia arautzeko zeregina. Hala ere, banantze batean gurasoek elkarrekin banatutako zaintza ezartzen bada horrek ez du esan nahi seme-alabak nahitaez txandaka gurasoekin aldi berdinetan bizi behar izango direnik.
2013ko abuztuaren 5ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Auzitegi barruko bitartekaritzaren onurak

Auzitegi barruko bitartekaritzaren onurak

Bitartekaritza gatazkak konpontzeko beste bide bat da, eta helburu nagusia biktimari egindako kaltea onartzea eta konpontzea da. Ikuspegia aldatu eta demandatuari zigorra (espetxe zigorra) ezarri beharrean, biktimari egindako kaltea konpontzeari lehentasuna ematean datza.

Prozedura guzti horrek aurrera egin dezan ezinbestekoa da gatazkatik at dagoen hirugarren norbanako baten parte hartzea. Norbanako hori bitartekaria da. Bitartekariaren helburua biktimaren eta erasotzailearen artean akordioa adostea da. Akordio horretan, barkamena eskatzeaz gain, demandatuak biktimari egindako kaltea gainditzen lagunduko dioten neurriak ere adosten dira.

2007. urteaz geroztik Euskadin Auzitegi Barruko Bitartekaritza Zerbitzua (ABZ) dago. Data hori baino lehen Zigor-Arloko Bitartekaritza Zerbitzua deitzen zen. Zerbitzuaren jarduerak hiru ardatz ditu: Gizarte arloa, psikologikoa eta legala. Bide horretatik ABZren la taldea gizarte-langileek, psikologoek eta abokatuek osatzen dute.

Autonomia Erkidego bakoitzak Familia Bitartekaritza lege propioak ditu. Lege horien bidez Auzitegi barruko Bitartekaritza Zerbitzuetako lan taldeek bete beharreko baldintzak arautzen dira. Arlo horretan legedi propioa duten Erkidegoak 13 dira.

EAEn Familia Bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legeak bitartekari izateko ezinbesteko baldintzak ezartzen ditu:

  1. Zuzenbidean, Psikologian, Pedagogian edo Psikopedagogian goi mailako graduatua edo lizentziatua izatea edo gizarte lanean gradu ertaina edo diplomaduna izatea.
  2. Familia bitartekaritza arloan prestakuntza berezia izatea.
  3. Bitartekaritzari buruzko gutxienez 200 orduko ikastaro teoriko-praktikoa.

Bitartekaritzaren faseak

Bitartekaritza gauzatu ahal izateko lehenik eta behin epaileak Auzitegi Barruko Bitartekaritza Zerbitzura bideratu behar du auzia. Ondoren, bitartekariak alde biekin hitz egingo du eta prozesuaren nondik-norakoak azalduko dizkie.

Biktima eta salatutako norbanako asko lagunek edo senideek lagunduta joaten da lehen fase horretara.  Hala ere, bi aldeen arteko batzarrera salatzailea eta salatua bakarrik joan daitezke. Batzar horietan hiru alde egoten dira, bitartekariak bigarren mailan egon behar du eta erabat inpartziala izan behar da, garrantzizkoena biktimaren eta erasotzailearen arteko elkarrizketa gauzatzea izan behar baitu.

Bide onetik badoa, alde biek akordioa adostu eta sinatuko dute, eta ondoren auzia Bitartekaritza Zerbitzura bideratu zuen epaileari bidaliko zaio.  

Zer nolako adostasunak erdietsi daitezke? Gerardo Villar, Gasteizko Auzitegi Barruko Bitartekaritza Zerbitzuko langileak, bitartekaritza lanetan eskarmentu handia du eta urte guzti hauetan mota guztietako akordioak ikusi dituela egiaztatu dezake:

  • Erlijio kontuak zirela eta elkar salatu zuten marokoar eta espainiar baten arteko auzi batean, espainiarrak biktimari barkamena eskatu zion eta bere errespetua adierazteko arkume bat islamiar erritoaren arabera hiltzeko eskaini zuen bere burua.
  • Ikastetxe batean gertatutako borroka baten ondorioz hainbat ikasle era guraso zauritu ziren eta hainbat kalte material egon ziren. Azkenean gurasoek bitartekaritza zerbitzuan amaitu zuten, eta guztia testuingurutik kanpo atera zutela konturatu ziren. Gurasoetako batek kalte-ordaina kobratu behar zuen baina uko egin zion, eta euro bateko ordaina onartu zuen, beste gurasoak egindako kaltea  onartzearen eta barkamena eskatzearen truke. 
  • Gazte batzuek merkataritza- gune batean mp3ak lapurtu zituzten, eta  merkataritza-guneko arduradunarekin adostasun batera iritsi ziren. Gazteek barkamena eskatu zuten, mp3ak Gasteizko elkarte bati eman zitzaizkion, eta diru-kostua konpentsatzeko gazteek GKE batekin zenbait jarduera egin zituzten.

Bitartekaritza lanari buruz gehiago jakin nahi baduzu,  Gerardo Villar Gasteizko Auzitegi barruko Bitartekaritza Zerbitzuko gizarte-langilearen elkarrizketa osoa irakur dezakezu.

Bederatzi milioi auzi

Espainiako auzitegietan bederatzi milioi auzitik gora jasotzen dira urtero. Lan-karga horren aurrean ezinbestekoa da bide judizialari ordezko bideak ezartzea.

Fernando de Rosa Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (BJKN) presidenteordea bitartekaritza prozedura judizialaren ordezko gisa bultzatzearen aldekoa da. De Rosak uste du, bitartekaritzaren bidez “konstituzioaren helburua bete daitekeela; hala nola, gizartea bera izatea bere arazoak konpontzen saiatzen dena, eta justiziara jotzea azken aukera izan dadila”. BJKNaren presidenteordeak bitartekaritza eraginkorra izan dadin “gizarte-kontzientzia, bitartekari onak, eta batez ere, gizarteak konfiantza izateko mekanismoak ezarri behar direla” uste du.  

Euskadiko datuak

- Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzuak 2012. urtean 1.213 auzitan parte hartu du.

- Horietatik % 65 auzitan (794) bitartekotza prozesua gauzatu da. Espediente horien artean ABZk, zigor prozedura baten parte direnen artean  adostutako akordioak %77, 95 izan dira.

- 2011 urtearekin alderatuz gero, bitartekaritza bitartez ebatsitako auzi kopuruak %9,4 egin du gora (2011. urtean 720 auzi ebatsi ziren).

 

2013ko uztailaren 26ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko bideoa. Laguntza behar duzu?

Genero indarkeria kasuek gorako joera dute Euskadin. Biktima diren emakume guztiei laguntzeko, Eusko Jaurlaritzak Biktimei Laguntzeko Zerbitzua dauka. Zerbitzu horretan aholkularitza emateaz gain, laguntza psikologikoa eta batez ere prozesu gogor hori lagunduta egiteko aukera eskaintzen zaie.

2013ko uztailaren 24ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Bideoak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Zigor-aurrekariak ezereztu al daitezke?

Zigor-aurrekariak ezereztu al daitezke?

Epai irmo bidez zigortuak izan diren pertsonek, erantzukizun penalari dagokion denbora bete badute, zigor-aurrekariak ezereztea eska diezaiokete Justizia Ministerioari. 

Ezereztea gauzatu ahal izateko zigortuek hurrengo baldintzak bete behar dituzte:
Hasteko, eskatzaileak ez du deliturik egin behar zigorra bete ostean. Adibidez, zigor arina ezarri bazaio gutxienez sei hilabetez deliturik egin gabe egon beharko du aurrekariak ezereztea eskatu aurretik. Zigor larria bada bost urtez egon beharko du inolako deliturik egin gabe.
Bigarren baldintza hurrengoa da; kontuan izanik erantzukizun penalaz gain erantzukizun zibila ere badagoela, eskatzaileak epaiketan ezarri zioten zigor ekonomikoa ere ordainduta izan beharko du. Hala ere baldintza hau ez da ezinbestekoa, adibidez, epaileak edo auzitegiak zigortua kaudimengabea dela onartu badu.
Zer behar dut?
Zigor aurrekariak ezereztea eskatzeko hurrengo dokumentazioa behar duzu:
  • Ezereztea eskatzeko inprimakia.
  • Espainiarra bazara, NANaren fotokopia erkatua. NANa indarrean egon behar dela gogoratu ezazu.
  •  Atzerritarra bazara, bisatua duen pasaportearen kopia erkatua edo indarrean dagoen egoitza txartela.
  • Eskaera ordezkari baten bitartez egiten baduzu, ordezkariak notario ahalordetza edo bere ordezkaritza egiaztatuko duen bestelako agiri legala aurkeztu beharko du. Baldintza guztiak betetzen badituzu eta dokumentazio guztia eskura badaukazu, aurrekariak ezerezteko eskaera hurrengo lekuetan aurkez dezakezu: Justizia Ministerioaren Erregistro Orokorrean, eta atzerrian bazaude bulego diplomatikoan edo Espainiako kontsulatuan. 
2013ko uztailaren 15ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia Ministerioa. 2 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook