Justizia herritarrengana hurbiltzen

Merkataritza Kode berriaren nondik-norakoak

Merkataritza Kode berria

1.900 artikuluz osatutako zazpi liburu eta atariko liburu bat. Horrela osatuta dago adituen batzordeak proposatutako Merkataritza Kode berria. Zazpi urte eta 60 laguntzaile baino gehiago behar izan dira arau berria egiteko. Testu berriak 1885. urtetik indarrean dagoen Merkataritza Kodea eguneratzea du helburu.

Proposamenean orain arte arautu gabe zeuden hainbat gai jasota daude, hala nola kontratu elektronikoak, kontratu turistikoak, enpresen eskualdatzea, eta enkante publikoekin erlazionatutako gaiak, besteak beste. Lege-testu berriaren helburua merkatuaren batasuna ziurtatzea eta segurtasun juridikoa bermatzea da.
Merkataritza Kode berriaren proposamena zazpi liburutan banatuta dago:
  • Lehenengo liburuan enpresak, enpresa emakume/gizonen ordezkaritza, enpresen inguruko negozioak, kontabilitatea eta Merkataritza-erregistroa arautzeko neurriak jasota daude.
  • Bigarren liburuan merkataritzako sozietateei buruzko arauak jasota daude.
  • Hirugarren liburuan lehiari buruzko Zuzenbidea jasota dago: lehia desleiala, lehiaren defentsa eta jabetza industrialaren ezarpenari buruzko zenbait artikulu ere daude.
  • Laugarren liburuan betebeharren eta merkataritzako kontratuen arau orokorrak jasota daude.
  • Bosgarren liburuan merkataritzako kontratuen arau zehatzak jasotzen dira.
  • Seigarren liburuan kredituak emateko eta ordainketak egiteko baloreak eta bitartekoak arautzen dira.
  • Zazpigarren liburuan preskripzioari eta iraungitzeari buruzko arauak jasota daude.
Merkataritza Kode berriaren proposamena jada mahai gainean dago. Orain Gobernuari dagokio aditu taldeak aurkeztutako testua aztertzea eta Merkataritza Kode berria erredaktatzea.
Aditu taldeak aurkeztutako araua zehatz-mehatz ezagutu nahi al duzu? Kodegintzarako Batzorde Nagusiaren Merkataritza-zuzenbideko atalak egindako Merkataritza Kode proposamena.
2013ko uztailaren 8ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Giza hilketa eta erailketa ez dira gauza bera!

Giza hilketa eta erailketa ez dira gauza bera!

Kasu bietan ondorioa berdina da: Norbanako baten heriotza.

Bien arteko ezberdintasuna nahita edo nahigabe izatean datza (juridikoki "doluz" edo "dolu gabe" esaten da).

  • Balkoia garbitzen duzun bitartean lorontzi bat erortzen bazaizu eta une horretan kaletik zihoan norbaiti buruan jo, eta ondorioz, pertsona hori hil egiten bada, giza hilketa da.
     
  • Baina lorontzia, auzokidearen burura botatzen baduzu, erailketa da.  

Gogoratu!: Biek heriotza eragiten badute ere, erailketa eta giza hilketa ez dira, juridikoki, gauza bera.

Norbait erailtzen baduzu apropos egin duzula aurre suposatzen da; asmo hori zeneukala, ankerra izan zarela... haatik, giza hilketa deritzo, nahita edo nahigabe hil baduzu eta aurrez prestatutako ekintza ez bada.

2013ko uztailaren 3ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  BA AL DAKIZU?. Iruzkin bat.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Dagoeneko nazionalitatea eskuratzeko zin egitea notaritzan egin dezakezu

Dagoeneko nazionalitatea eskuratzeko zin egitea notaritzan egin dezakezu

Ekainaren 17tik Espainiako Konstituzioa eta lege nazionalak notaritzan zin egin ditzakezu. Gertaera horri “nazionalitatea zin egitea” deritzo eta NAN edo pasaportea eskuratzeko azken urratsa da.

Justizia Ministerioak nazionalitate espedienteak izapidetzerakoan zegoen atzerapenarekin amaitzeko abian jarritako ekimena da.  Pilaketa horrek herritar asko kaltetu ditu, eta neurri horri esker, espainiako nazionalitatea eskatzen dutenek Erregistro Zibilarekin zuten hitzordua mantendu edo prozedura notaritzan amaitzeko aukera izango dute. Kasu bietan izapidea doan da.

Nazionalitatea zin egiteko, lehengo Notaritzaren Kontseilu Nagusiaren web atarian sartu behar duzu, eta bertan, dagozkizun inprimakiak bete behar dituzu.  Sartu ondoren, hurrengo urratsak jarraitu behar dituzu:

  1. Egiaztatze Kode Segurua sartu (EKS). Kode hau inprimatutako espedientearen behealdean aurkituko duzu, baita zure AIZ eta zure espediente zkia ere. Datu horiekin zure espediente elektronikoa identifikatu ahal izango dute.
  2. Inprimakiak bete, hurrengo datuekin: zure datu pertsonalak, zure nazionalitatearekin erlazionatutako datuak (zure izena mantenduko duzun ala ez, non biziko zaren, zure aurreko nazionalitateari uko egiten diozun ala ez, zin egitea edo hitzematea aukeratu nahi duzun…).
  3. Zina edo hitzematea zein lekutan egin nahi duzun ere adierazi behar duzu,  eta ondoren, aukeratu duzun notarioen elkargora edo notaritzara datuak telematikoki bidali behar dituzu.  Datuak bidali ondoren, hurrengo lan egunean , eskatu duzun elkargoarekin edo notaritzarekin kontaktuan jarri beharko duzu, telefonoz zein posta elektroniko bidez, hitzordua eskatzeko. 
  4. Esleitutako egunean adierazitako lekura joan behar duzu. AIZ eta dokumentazioa eguneratuta eraman behar dituzula kontuan hartu.

Prozedura amaitzen duzunean, notarioak berak espedienteak izapidetzeko sistemara telematikoki  zure dokumentazioa bidaliko du, eta horren ondoren Erregistro Zibilera bidaliko dute, bertan jasota gera dadin.

Justizia Ministerioaren web atariko “¿Cómo va lo mío?” atalean zure izapidearen egoera ikusi ahal izango duzu. Zure posta elektronikoa eman bazenuen, prozedura guztia amaitzen denean e-posta bidez jakinaraziko dizute. Une horretatik aurrera, zure jaiotza eta nazionalitate ziurtagiria eskatu eta Poliziaren Zuzendaritza Nagusian hitzordua eskatu beharko duzu zure NAN edo pasaporte espainiarra eskatzeko.

2013ko ekainaren 25ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. 22 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Helburua: alokairu gehiago eta jabetza gutxiago

Helburua: alokairu gehiago eta jabetza gutxiago

Europako estatuen artean, Espainia da 1.000 biztanleko etxe gehien duena. Horrez gain, alokairuko etxebizitza gutxien duena ere bada. Espainiako biztanleen %17 alokairuko etxebizitza batean bizi da. Europako bataz bestekoa %30 da.

Espainian alokairuko etxebizitza gutxi egoteak eta krisi egoerak ondorio kaltegarriak ditu bai ekonomian baita gizartean ere: batetik, jabegoan hartutako etxebizitza asko hutsik daudelako, eta bestetik, langile askok bizilekua probintzia batetik bestera aldatzeari uko egiten diotelako.

Egoera honi aurre egiteko eta Espainian etxebizitzen alokairua bultzatzeko, Etxebizitzen alokairuaren merkatua malgutzeko eta sustatzeko neurriak ezartzen dituen Legea indarrean jarri da. 

Alokairu Legeak eragingo dituen aldaketa nagusiak hurrengoak dira:

  • Alokairuaren iraupena murriztuko da. Derrigorrezko luzapena bost urtetik  hiru urtera murriztuko da eta isilbidezko luzapenetan, berriz, hiru urtetik urte batera murriztuko da. Era horretara, maizterra eta alokatzailea inguruabar pertsonalen aldaketetara erraztasun handiagoz moldatu ahal izango dira.
  • Kasu zehatzetan, maizterrak etxebizitza berreskuratu ahal izango du etxebizitza iraunkor bezala erabiltzeko.
  • Alokatzaileak edozein unetan eten ahal izango du kontratua, betiere, alokairua hasi zenetik gutxienez sei hilabete pasa badira  eta maizterrari hogeitamar egun lehenago horren berri eman badio. Gainera, alde biek kalte-ordaina adostu ahal izango dute atzera-egite kasuetarako.
  • Etxebizitzako Estatuko Planen barruan onartutako laguntza publikoak ezereztuko dira. Hori bai, Emantzipazio-Oinarrizko Errenta jasotzen duten norbanakoei, onartutako bost urteak  errespetatuko zaizkie.

Gai honi buruzko informazio gehiago behar baduzu eta Lege berria zehatz-mehatz ezagutu nahi baduzu Etxebizitzen alokairuaren merkatua malgutzeko eta sustatzeko neurriak ezartzen dituen Legearen pdf artxibo osoa ikus dezakezu.

2013ko ekainaren 18ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Gerardo Villar, Gasteizko bitartekari judiziala

Gerardo Villar, Gasteizko bitartekari judiziala

Biktimari egindako kaltea konpontzea da bitartekaritza judizialaren helburua. Hori da Gerardo Villar, Gasteizko Bitartekaritza Judizialeko gizarte langilearen ardura. Urteak daramatza zerbitzuan eta denbora horretan era guztietako akordioak adostu  ditu. Bi hamarkada daramatza Araban bitartekaritza lanak egiten, eta harro dago, egun, Euskadiko epaile guztiek zerbitzuarekin bat egiten dutelako . 

2013ko ekainaren 14ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  ELKARRIZKETAK. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook