Justizia herritarrengana hurbiltzen

Fidagarriak al dira sakelakoetarako aplikazioak?

Fidagarriak al dira sakelakoetarako aplikazioak?

App izenez ezagunak diren sakelakoetarako aplikazioak modako bilakatu dira Smartphone erako telefono erabiltzaileen artean (sakelako telefono adimentsuak). Aplikazio dendek 1.600 app berri baino gehiago jasotzen dituzte egunero, eta telefono adimentsuen erabiltzaileek ere geroz eta aplikazio gehiago jaisten dituzte euren sakelakoetan.

Baina gure datuak babestuta al daude aplikazio horiek guztiak jaisten ditugunean?  Zalantza hori bera zuten datuen babeserako Europako agintariek, eta hori dela eta, sakelakoetarako aplikazioen pribatutasunari buruzko lehen irizpen bateratua onartu berri dute. Irizpenean sakelakoetarako aplikazio guztiek datuen babeserako Europar Batasunaren araudia bete behar dutela azpimarratzen da.

Batez ere Aplikazioen sortzaileek dituzten betebeharrak zehazten dira dokumentuan, baina horrez gain, salmenta lekuek, sistema eragileen eta aparatuen ekoizleek eta publizitate hornitzaileek dituzten betebeharrak ere biltzen dira bere baitan.  

Gure smartphonean aplikazio berri bat instalatzen dugun bakoitzean, gure pribatutasuna arriskuan jartzen egon gaitezkeela kontutan izan behar dugu.  Adibidez, duela gutxi egindako ikerketa batean jasotakoaren arabera, erabiltzaileek gehien jaitsi dituzten 150 app-etatik 61ek bakarrik dauzkate ezarrita pribatutasun politikak.

App horiek erabiltzen dituztenek beti izan beharko lituzkete kontrolpean euren izaera pertsonaleko datuak.  Eta “instalatu” botoian sakatze hutsarekin ez genituzke gure datuak edonori helarazteko ateak ireki behar .

Baina zertarako nahi ditu norbaitek gure datuak, edo app bidez eskuratu dezakeen bestelako edozein informazio?

Britainiako ikertzaile batzuek “Facebook"-eko erabiltzaileak zur eta lur utzi dituen ikerketa bat argitaratu dute. Zientzialari hauek algoritmo bat asmatu dute. Horren bidez, sare sozial ezagun horretan sakatutako “atsegin dut” aukeraren bidez erabiltzaileen arraza, adina, sexualitatea, pentsaera politikoa, eta adimen-kozientea zenbatekoa den jakin dezakete.

Beraz, auskalo zer jakin ahal izango duten app-ek gure telefonoetatik eskuratzen dituzten datuekin.

2013ko apirilaren 8ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia digitala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Maria Isabel, Bilboko peritua

Maria Isabel, Bilboko peritua

Ibilgailu bat lapurtzen dutenean edo lapurrak etxe batera sartzen direnean peritu batek lapurtutako ondasunak baloratzen ditu. Maria Isabel arabarra da eta egunero Bilbora lanera joaten da. Astean gutxi gorabehera 15 peritu txosten egiten ditu.

Lanean daramatzan urte hauetan denetik baloratzea egokitu zaio: Etxebizitzak, saltokietan egindako kalteak, ibilgailuak… bere lana ikaragarri gustatzen zaiola adierazi du, baina batzuetan istripua izan duen ibilgailu baten peritazioa egitean gaizki pasatzen duela onartzen du. “Batzuetan kolpe ikaragarriak ikusten dituzu, eta lehenengo barruan zihoan pertsona nola egongo ote da” pentsatzen duzu. Baina berarekin hitz egiten duzunean, eta ongi dagoela ikusten duzunean, zure buruari esaten diozu, “ondo da, kitto”.

2013ko apirilaren 2ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  ELKARRIZKETAK. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Ezkontzek doan izateari utziko diote

Ezkontzek doan izateari utziko diote

Mariano Raxoiren Gobernuak egindako Erregistro Zibilaren erreformaren arabera, epaileek ezkontzak egiteari utziko diote eta hemendik aurrera notarioek egingo dituzte. Ondorioz, ezkondu nahi dutenek tasa bat ordaindu beharko dute.

Joaquín José Rodríguez Erregistroen eta Notaritzen zuzendari nagusiak adierazitakoaren arabera, bikoteek 100 euro baino gutxiago ordaindu beharko dute, baina momentuz ez da ezkontzeko ordaindu beharko den  diru-kopurua zehaztu.

Hala ere derrigorrezko egintzek doan izaten jarraituko dute, hala nola jaiotza eta heriotza inskripzioak. Horiek dira Erregistro Zibiletan lan gehien eragiten duten izapideak.

2013ko martxoaren 25ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Zu ere epaile izan zaitezke

Zu ere epaile izan zaitezke

18 eta 65 urte artean dituzu, zure lanbidea ez da Zuzenbidearen ingurukoa eta ez duzu lana egitea eragozten dizun ezintasun fisiko, psikiko edo sentsorialik? Orduan, inoiz  zinpeko epaimahaikide izateko aukeratua izan zaitezkeela jakin behar duzu.

Zinpeko epaimahaiarekin egindako lehen epaiketa 1996. urtean egin zen Espainian. Erakunde hau urtebete lehenago Zinpeko Epaimahaiaren Legeak arautu zuen. Jarraian, zinpeko epaimahaia nola osatzen den eta zer erabakitzen duen azalduko dizugu. 

  • Nola aukeratzen da? Probintzia auzitegiek zozketa publikoa egiten dute. Zozketak urte bikoitietako iraileko azken bi asteetan egiten dira, probintziako erroldan dauden pertsonen artean.  Hau da, 2012. urtean aurten eta datorren urtean zinpeko epaimahaietako kide izango diren herritarrak aukeratu ziren. Probintzia auzitegi bakoitzean, hurrengo bi urteetan zinpeko epaimahaiarekin aurreikusten den epaiketa bakoitzeko, 50 pertsona aukeratzen dira. 
  • Zein baldintza bete behar dira? Espainiarra eta adinez nagusia izan behar da, irakurtzen eta idazten jakin behar da, auzia epaitzen den probintzian bertan izan behar da bizilekua ,eta  ezin da zigor-aurrekaririk izan.   Abokatuak, epaileak, Estatuko goi mailako karguak eta Segurtasun Indarretako kideek ezin dute zinpeko epaimahaietan parte hartu.
  • Zenbat pertsonek osatzen dute? Bederatzi partaide dira, eta bi ordezko. Ordezkoek  epaiketaren saio guztietara joan behar dute eta aldeei entzun behar diete, baina epaia titularretako batek  bakarrik emango dute.  
  • Uko egin diezaioket?  Baldintzak betetzen badituzu, ez. Hala ere salbuespenak daude.  65 urtetik gorakoa bazara, aurreko lau urteetan zinpeko epaimahai batean parte hartu baduzu, familia-kargak direla eta eragozpen larriak badituzu, nabarmen interes orokorrekoa den lanbidea badaukazu, lanean diharduen militarra bazara edo epaimahaikide izatea zailtzen dizun edozelako beste arrazoiren bat ematen baduzu.
  • Nortzuk ezin dute epaimahaikide izan? Errehabilitaziorik jaso ez duten doluzko delituagatik zigortuek eta ahozko judizioaren fasean dagoen prozedura judizial batean inputatuta daudenek.  Atxilotuek, behin-behineko kartzela zigorra dutenek edo kartzela zigorra ezarria dutenak, eta zigor-arloko prozedura baten ondorioz lan gabe edo kargu publiko gabe zigortuta daudenek.
  • Zein delitu mota epaitzen du? Delituen ondorioz abian jarritako zigor-arloko prozedurak bakarrik epaitzen ditu, inoiz ez du faltarik epaitzen. Hamabi delitu mota epaitu ditzake: giza hilketak, mehatxuak, sorospen-eginbeharra ez betetzea, bizilekua bortxatzea, baso-suteak, desleialtasuna agirien edo presoen zaintzan, funtzionario-eroskeria, eragimen-trafikoa, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak eta funtzionario publikoei debekatutako negoziazioak.
  • Zer erabakitzen du? Auziperatuek egozten zaizkien gertaeretan parte hartu duten ala ez, errugabetasuna edo erruduntasuna eta legezko baldintzak betetzen baditu zigorraren barkamen baldintzatua, baita indultua eskatu ala ez.
  • Ordaindu egiten da? Bai. Titularrek eguneko 67 euro jasotzen dituzte dietengatik eta ordezkoek 33,5 euro. Guztiei kilometrajea edo garraio publikoa ordaintzen zaie.

Dirua ordaintzen bada ere, zinpeko epaimahaikide izateko aukeratutako pertsonek oso ardura handia dute. Zilegi da zuzenbidean ezagupenik ez duen batek, delitu bategatik auziperatu duten beste baten errugabetasuna edo erruduntasuna erabakitzea?

2013ko martxoaren 21ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Botere Judiziala. Iruzkin bat.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Sonia Garbisu, Bilboko Erregistro Zibileko Idazkaria

Sonia Garbisu, Bilboko Erregistro Zibileko Idazkaria

Bilboko Erregistro Zibilean egunero 400 herritarrei egiten zaie harrera. Horien artean  ziurtagiriak eskatzera, ezkontzera, seme-alabak inskribatzera edo nazionalitate espedienteak izapidetzera doazen herritarrak daude. Sonia Garbisu  erregistro horretako idazkaria da, orain dela zazpi urtetik hona. Berarentzat eguneroko lana oso aberasgarria da, batez ere herritarrengandik gertu lan egiten duelako.

Jendearekin duen eskarmentua oso positiboa da, oso azkar egiten diren izapideak direnez herritarrak esker onekoak izaten direlako. Soniarentzat batez ere homosexualen edo lesbianen arteko ezkontzak oso hunkigarriak dira, “urte luzeko erlazioa duten pertsonak ikusten dituzulako. Ezkontzeko zenbat sufritu eta borrokatu behar izan duten ikusten duzulako”. Gogobetez seme-alabak inskribatzera datozen gurasoek ere zirrara eragiten diote.

2013ko martxoaren 19ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  ELKARRIZKETAK. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook