Justizia herritarrengana hurbiltzen

Uztailak 12, Doako Justiziaren eguna

Uztailak 12, Doako Justiziaren eguna

Uztailaren 12an, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak (EAKN) osoko bilkuran hartutako erabakiaren ondorioz, Abokatuen Elkargoek  Doako Justizia eta Ofiziozko Txandaren eguna ospatuko dute. Egun horrekin ofiziozko 37.000 abokatu baino gehiagok urtean 365 egunez eta egunean 24 orduz egiten duten lana babestu eta ezagutzera eman nahi da. Lan hori, Doako Justizia Zerbitzua eta Ofiziozko txandan egindakoa da.

Ostegunean Espainia osoan abian jarriko diren ekimenen artean hurrengoak azpimarratu daitezke:  Estatu mailan Doako Justizia  babestu duten pertsonen aintzatespena, Abokatuen Elkargoetan egingo den ate irekien eguna, Doako Justiziaren banderaren igoera eta  Doako Justiziaren zein Ofiziozko txandaren aldeko manifestuaren irakurketa.

2012ko uztailaren 11ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Zaintza partekatua, bai ala ez?

Zaintza partekatua, bai ala ez?

Urtero adin txikiko seme-alabak dituzten 50.000 bikote banantzen dira Espainian. Kasuen %80tan epaileek amari ematen diote haurren zaintza. Hamar kasutik batean zaintza aitari ematen zaio eta epaileek banantzeen %10i ezartzen diote zaintza partekatua.

Kode Zibilaren 92. artikulua da zaintza partekatua arautzen duena:

“Seme-alaben gaineko jagoletza eta zaintzaren egikaritza elkarrekin banatzea erabakiko da, gurasoek hori eskatzen dutenean hitzarmen arau-emailearen proposamenean, edo prozeduran zehar bi-biok horretan ados jartzen direnean”.

Asko dira seme-alaben jagoletzari dagokionean Kode Zibilak duen ikuspegia zaharkitua gelditu dela uste dutenak. Arrazoi horregatik erabaki du Alberto Ruiz-Gallardón Justizia ministroak Kode Zibilaren 92. artikulua aldatzea. Artikulu horrek, banantze eta dibortzio kasuetan zaintza partekatua salbuespen neurri gisa ezartzeari uzteko. 

Aldaketa horrekin Justiziak bilatzen duena zera da, epaileak izan daitezela, kasu bakoitzaren arabera, “adin txikikoek gurasoak ikusteko duten beharra asetzeko modurik egokiena” zein den erabakiko dutenak. Horrek esan nahi du epaileek erabakiko dutela gurasoek zaintza partekatua egingo duten ala guraso bakarrak izango duen haurraren zaintza. Horrez gain, eta beti haurren ongizateari begira, adin txikikoak guraso bakoitzarekin zenbat denbora pasa beharko duten ere ezarriko dute.

Eztabaida kalean dago: Adin txikikoentzat onuragarria da guraso bi zaintza partekatzera derrigortzea, bietako batek egoera hori nahi ez badu? Haurrak etxe batetik bestera ibiltzea gomendagarria al da? Ala hobe da guraso baten etxean bizitzea eta bestea bisitaritzat edukitzea? Nola konpon daiteke familia bat ekonomikoki, epaileak haurra ohiko etxebizitzan gelditzera eta gurasoak etxez aldatzera derrigortzen baditu?

2012ko ekainaren 18ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Bi abiadurako Justizia?

Bi abiadurako Justizia?

Notarioek hainbat funtzio bereganatzeko lege aurreproiektua prestatzen ari da Gobernua. Neurri horren helburua epaileen lan-karga gutxitzea eta Justizia arintzea izango da. Hala ere, talde askok neurri horren aurkako iritzia adierazi dute, neurri horrekin lortuko den gauza bakarra bi abiadurako Justizia sortzea izango dela uste dutelako: doako Justizia geldo bat eta ordaineko Justizia arinago bat, hau da, pobreentzako Justizia eta aberatsentzako Justizia, azken finean.

Notarioak funtzionarioak dira baina ez dute Estatuarengandik soldatarik jasotzen. Legeak ezartzen dituen prezioak kobratuz, norberaren lanaren kontu bizi dira. Adreiluaren krisia notaritzetara ere iritsi da eta, horren ondorioz, Gobernuaren laguntza eskatzen ari dira aurrera atera ahal izateko. Notarioek emandako datuen arabera, 2007tik hona notaritzetako diru sarrerak %70 baino gehiago jaitsi dira.

Hori dela eta, Manuel López Pardiñas beraiek eskumen gehiago izateko Gallardónek egindako proposamena su eta gar defendatzen ari da. Pardiñasen ustez horrela ez litzateke arriskuan jarriko notaritza sistemaren bideragarritasuna; izan ere, notaritzek ez dute Estatuaren aurrekontuetatik dirurik gastatzen, ehuneko ehunean autofinantzatzen direlako.

Baina zeintzuk dira notarioek bere gain har ditzaketen funtzio berriak? Honako hauek dira eurek aipatzen dituztenak: ezkontzak, seme-alabarik gabeko banaketak, oinordekoak izendatzea, adin nagusikoak adopzioan hartzea…

Epaile eta idazkari judizialen elkarte gehienak proposamenaren aurka daude, horrek bi abiadurako justizia eragingo duela uste dutelako: azkarra, dirua dutenentzat, geldoa, dirurik ez dutenentzat.

2012ko ekainaren 1ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Justiziara abokatu gabe jo daiteke?

Justiziara abokatu gabe jo daiteke?

Bai, Justiziara abokatu gabe jo daiteke, baina baldintza batzuk bete behar dira. Kontuan izan behar da zer eta nola eskatu nahi dugun.

Eskatu nahi duguna dirua itzultzea bada, abokatu edo prokuradore gabe abian jar daitezkeen bi prozedura judizial daude herritarren eskura: Prozedura Monitorioa eta Hitzezko Epaiketa.

Prozedura Monitorioaren bitartez, zor dizuten diru-kopuru bat eska dezakezu, zorra ordaintzeko epea gaindituta baldin badago eta eskatzeko modukoa bada; izan ere, diru-kopuru hori zor dizutela egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzu. Gainera, ez dago erreklamazioa egiteko diru-mugarik, baina kontuan hartu erreklamatzen duzun diru kopurua 2.000 eurotik gorakoa bada, abokatua eta prokuradorea beharko dituzula.

Prozedura Monitorioa abian jartzeko baldintzak betetzen ez badituzu, Hitzezko Epaiketa eska dezakezu, betiere, diru kopurua 2.000 eurotik gorakoa ez bada.

Prozedura biak doanekoak dira eta ez dute iraungitze datarik. Hau da, demanda edozein unetan aurkez dezakezu.

Prozedura Monitorioa edo Hitzezko Epaiketa abian jartzeko demanda-idazki bat beharko duzu. Justizia.net-en idazkia egiten lagunduko dizuten hiru inprimaki normalizatu dituzu:

Inprimaki hauek demandatuaren bizilekuari dagokion Lehen Auzialdiko epaitegian aurkeztu behar dituzu, gainontzeko dokumentuekin batera. Hala eta guztiz ere, Hitzezko Epaiketaren kasuan hainbat salbuespen daudela jakin behar duzu: Zorra enpresa edo profesional batena bada, lantokiari dagokion epaitegian aurkez daiteke; zorra 90 eurotik beherakoa bada eta demandatuaren herrian Lehen Auzialdiko epaitegirik ez badago, Bake Epaitegian aurkez dezakezu; alokairu baten zorra kitatzea eskatzen baduzu, finkari dagokion epaitegian aurkeztu behar duzu; eta erreklamatzen duzuna trafiko istripu batekin lotuta badago, istripua gertatu den tokiari dagokion Lehen Auzialdiko epaitegira jo behar duzu.

2012ko maiatzaren 25ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  JustiziaEus-eko zerbitzuak . 43 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Helburua, utzarazpenak ekiditea Euskadin

Helburua, utzarazpenak ekiditea Euskadin

Milaka familia etxea galtzen ari da. Ezin diote hipotekaren ordainketari aurre egin eta bankuak haien etxeen jabe egiten ari dira.

Justizia eta Herri Administrazio Sailak eman dituen datuen arabera, utzarazpen kopurua bikoiztu egin da azken lau urteotan. Krisiak eragindako gaitz honekin amaitzeko Eusko Jaurlaritzak gainzorpetutako familiei laguntzeko zerbitzua abian jarri du. Idoia Mendia sailburuaren hitzetan, “utzarazpena pairatzeko arriskua duten pertsonentzako heldulekua” da.

Aholkularitza, bitartekaritza eta utzarazpenak

Hiru dira Eusko Jaurlaritzak abian jarritako planak dituen oinarriak:

Hipoteka bat kontratatzerako aholkularitza. Kontsumobideren bitartez, herritarrek hipoteka kontratatzeko orduan zein eskubide dituzten eta  arretaz jokatzeko aldez aurreko zein neurri baliatu behar dituzten jakinaraziko zaie.

Aholkularitza bi pausotan oinarrituko da: Lehenenengo, hipoteka-mailegua kontratatzera doan pertsonaren egoera ebaluatuko da, eta gero, ziurrenik bere bizitzako inbertsiorik handiena izango denaren gaineko kontrola gal ez dezan jarraibide batzuk proposatuko zaizkio. Azken finean, beren egoeran  hipotekarik egokiena kontratatzen laguntzean datza.

Hipoteka kontratatu aurretik laguntza eskatu nahi baduzu, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuarekin harremanetan jar zaitez: www.kontsumobide.net.

Gainzorpetutako familien eta bankuaren arteko bitartekaritza. Justizia Sailaren doako zerbitzua da, eta ohiko etxebizitza erostearen ondorioz gainzorpetu diren partikularrei eskaintzen zaie, betiere hipoteka-maileguak ez baditu 350.000 euro gainditzen. Helburua, bezeroak zorra ahalik eta baldintzarik onenetan kitatzea da. Horretarako aditu talde batek zure gaitasun ekonomikoa aztertuko du, finantza erakundearekin hitz egingo du eta gizarte-arreta eskainiko dizu.  

Zerbitzua erabiltzeko ezinbestekoa da hitzordua eskatzea, telefonoz:  Araba, 945 25 02 09 / Gipuzkoa, 943 01 14 96 / Bizkaia, 946 61 32 10 (abuztuan, telefono bidezko arreta zerbitzuko zenbakia  945 01 14 96 izango da).

Utzarazpenaren ondorioz baztertuta gelditzeko arrisku larrian dauden pertsonei eta familiei babestutako alokairuko etxebizitza bat eskainiko zaie. Eta noiz dago pertsona bat “baztertuta gelditzeko arriskuan”? Gizarte Zerbitzuek egindako txostenetan horrela egiaztatzen denean. Etxebizitza familia bizi zen inguruan egongo da eta beren errentaren arabera ordainduko dute. Gainera, Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxeak erosiko ditu eta zorra ordaintzetik askatuko du etxebizitzaren jabea.  Era honetara finantza erakundeek etxebizitza babestuak erosteko maileguak ematen jarrai dezaten lortu nahi da, Eusko Jaurlaritzak bare gain hartuko baitu zuzen-zuzenean hipoteka-merkatuko berankortasunaren arriskua.

 

2012ko maiatzaren 10ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook