Justizia herritarrengana hurbiltzen

Nazionalitate espedienteen pilaketa

Nazionalitate espedienteen pilaketa

Zain. Milaka atzerritar egoera horretan daude, oraindik ez direlako beraien nazionalitate eskaerak ebatzi.  Ekainean 466.000 espediente zeuden pilatuta eta Justizia Ministerioak, pilaketarekin amaitzen saiatzeko, erregistratzaileekin akordio bat sinatu zuen eta Izapidetzako Plan Trinkoa ezarri zuen. Era horretara, orain Jabetza, Merkataritza eta Ondasun Higiezinen Elkargoetako mila erregistratzailek atzerritarrek aurkeztutako dokumentazioa zuzena dela eta osatu beharra dagoen ala ez egiaztatzeaz arduratzen dira. Ordura arte horretaz arduratzeko 40 funtzionario bakarrik zeuden.

Neurri horrekin Alberto Ruiz-Gallardón Justizia ministroak espedienteak 2012 urtea amaitu aurretik ebatziko zirela agindu zuen. Hala ere, urtarrilaren erdira arte 258.000 kasu ebatzi dira. Espediente guztiak digitalizatu badira ere, eta prozesu guztia arindu eta zentralizatu duen plataforma informatikoa diseinatu den arren, nazionalitate espedienteen pilaketarekin amaitzeko udara arte itxaron beharko dela uste du Juan Bravo Justiziako idazkariordeak. 

Atzerapen hori gutxi balitz, dokumentazioa Erregistratzaileen Elkargora lekualdatu zenean  sarrera ordena galdu egin zen eta kasuak ez dira sarrera ordenan ebazten ari.Hori dela eta, 2012. urtean egindako hainbat eskaera ebatzita daude, baina aurreko urteetako eskaera batzuk ebazteko zain  daude.

Nazionalitate eskaeraren ebazpenaren zain zaude? Kontaiguzu zein den zure egoera!

2013ko urtarrilaren 17ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. 52 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Ziberjazarpena salatu

Ziberjazarpena salatu

Gizarte-sareak komunikatzeko era berria dira, baina arriskutsuak ere izan daitezke.    Identitate faltsu baten atzean edonor ezkuta daiteke, eta mehatxatu edo derrigortu egin zaitzake. Bitarteko hauen erabileraren gorakadak psikologikoki erasotzeko era berri baten agerpena eragin du: ziberjazarpena . Anonimotasunean babestuta iraindu, jazarri eta mehatxatu egin zaitzakete. Hala ere, beldurraren eraginez, kaltetutako pertsonek ez dituzte beti gertaerak salatzen.

Estatuko Segurtasun Indarrek emandako datuen arabera, 1.187 salaketa aurkeztu ziren 2010. urtean internet bidezko mehatxu eta derrigortzeak salatzeko. Urte osoari buruzko datu guztiak biltzen dituen azken txostena da 2010 urtekoa. 2006. urteko datuekin alderatuz gero, salaketa kopurua bost aldiz handiagoa da. Datuok Barne Ministerioak CIUko Corali Cunyat senatariari eman dizkio eta La Vanguardia egunkariak eman ditu argitara.

Ziberjazarpenak adingabeak bereziki kaltetzen ditu. Protégeles, Save the children eta Fundación de Ayuda a Niños y Adolescentes en Riesgo (Anar)GKEk hurrengo aholkuak ematen dituzte: Mezuak ez erantzun, baina bai gorde, eta gurasoei, irakasleei edo elkarte hauetakoren bati gertaeraren berri eman. 

Ertzaintzaren web atarian ere zenbait aholku jasota daude: Adingabeei zuzendutakoak:

  • Ez eman ez zure benetako izena, ez eta telefonoa, helbidea edo senideen daturik ere.
  • Ez lotu inoiz hitzordurik ezezaguna den pertsona batekin, eta interneten eduki desegokiak ikusten badituzu zure gurasoak jakinaren gainean jar itzazu.
  • Argazkiak edo bideoak doan ikusteko programa piratarik ez instalatu.

Eta gurasoei zuzendutakoak, berriz:

  • Seme-alaben nabigazioa gidatu edo/eta gainbegiratu ezazu.
  • Edukien iragazkiak dituzten programak instalatu eta adingabekoentzat egokiak ez diren edukiak mugatu itzazu.
  • Telefono enpresari 903 eta 906 zenbakietara egindako deiak blokeatu ditzala eska iezaiozu. Dei horiek eragozten dituzten programak ere instalatu daitezke.

Baina, batez ere, jazarpenaren biktima bazara, salatu ezazu.

 

2013ko urtarrilaren 14ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia digitala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Elkartasuna, arriskuan

Elkartasuna arriskuan

Isunak, baita kartzela zigorra ere, paperik gabeko etorkinei laguntzearren. Zigor Kodearen erreformaren aurreproiektuak paperik gabeko etorkinei laguntzen dieten pertsonak mehatxupean jarriko ditu. Laguntza ematearren hirutik hamabi hilabete arteko isunak eta sei hilabetetik urte bi arteko kartzela zigorra jaso dezakete. Horrela jasota dago 318 bis artikuluan. Artikuluak azken erabakia Fiskaltzaren esku uzten du. Artikuluaren lehen puntuan jasotakoaren arabera, “Fiskaltzak salaketa aurkezteari uko egin diezaioke, aipatutako pertsonari laguntza humanitarioa emateko asmoz bakarrik jardun den kasuetan”. Horren arabera paperik gabeko etorkinei lagundu edo etxean hartu dituzten pertsonak edo erakundeak atxilotuak, epaituak eta kasuan kasu, zigortuak izan daitezke. 

Artikulu berean, laguntza ematen dutenek irabazi asmoa duten kasuetarako ere zigorrak aurreikusita daude. Adibidez, legez Espainian bizitzeko paperik ez dutela jakin arren, gela bat alokatu edo eguneko menu bat saltzen dieten pertsonentzat.

Neurri horrek “abegikortasuna salba dezagun” elkartearen sorrera eragin du. Elkarte hau jurista, apaiz, irakasle eta bestelako herritarrez osatua dago. Kideek aipatu artikulua desagertzea eskatzen dute, eta BJKNren txosten batean “konstituzioaren kontrakoa” dela gogorarazi nahi dute. Laguntza lortu asmoz dokumentu bat osatu dute eta dagoeneko 31.000 sinadura bildu dituzte.

Eta zuk, zer iritzi duzu?

2013ko urtarrilaren 10ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Nola baliogabe daiteke ezkontzeko hitzordua?

Nola baliogabe daiteke ezkontzeko hitzordua?

Ezkontzea erabaki oso garrantzitsua da, maiteminduta gaudenean erabakitzen dugu, eta betirako iraungo duela uste dugu. Baina “bai, nahi dut” esan aurretik ere, gure planak aldaraziko dituzten zenbait kontu gerta daitezke. Hori gertatzen bazaigu, ba al dakigu ezkontzeko hitzordua nola baliogabetu?

Erabakia hartuta badaukazue, bi aldeetako batek ezkontza-espedientea hasitako Erregistro Zibilera jo beharko du espedientea baliogabetzeko eta artxibatzeko eskaera egiteko. Baliogabetzeko, erregistro zibilera joatea ezinbestekoa da, baina ez dute zertan bi aldeek joan behar.

Gertatzen dena gertatzen dela, zoriontsu izan zaitezte!
 

2013ko urtarrilaren 7ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. 39 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Erregistro zibilaren erreformari buruzko zalantzak

Erregistro zibilaren erreformari buruzko zalantzak

Justizia Ministerioak Erregistro Zibila Jabetza eta Merkataritza erregistroen esku utzi nahi du. Erabakiak eztabaida piztu du, onartuz gero, orain doan diren izapide asko ordaindu egin beharko direlako. Alberto Ruiz- Gallardón ministroak izapideak azkartu egingo direla adierazi du, eta era horretara, herritarrek organo judizial honi buruz duten iritzia hobetu egingo dutela uste du. Hala ere hainbatek Erregistro Zibila pribatizatu nahi izatea leporatu dio.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren urteko txostenaren arabera, Erregistro Zibila da 2011n kexa gehien jaso duen organoa. Estatu mailan bere jardunari buruzko 6.558 erreklamazio jaso zituen. Epaitegi eta auzitegi sistema osoak jasotako kexen %46 da.

Kopuru horretatik  362 kexa EAEn jaso ziren. Kexa guztien %2. Orokorrean, kexak eta iradokizunak horretarako espresuki jarritako postontzi batean uzten dira eta BJKNak datuak bertatik ateratzen ditu. Hala ere, Euskal Herriko Administrazioan ez dago postontzirik eta txostena osatzeko datuak beste bide batzuetatik eskuratu dira. Kexak eta iradokizunak  EAEko beste organo batzuetan jasotakoak eta herritarren arretarako zerbitzuan aurkeztutakoak edo posta elektroniko bidez jasotakoak dira. 

Leku aldaketak kexa kopurua gutxituko duela ere gaineratu du Gallardonek. Baina azkenean lekuz aldatzen bada jaiotza, heriotza, naziotasun edo ezkontza ziurtagiriak eskuratzeko ordaindu egin beharko dugu? Zer iruditzen zaizu aldaketa hau? Arazorik izan duzu Erregistro Zibilean?

2012ko abenduaren 28ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. 2 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook